Porlanaren bazka: zaborra

2012/03/28 § Utzi iruzkina

Zabalgarbik ez du bigarren errauste linearik edukiko. Nafarroak ez du errauste plantarik eraikiko. Baionako errauste planta 2005ean itxi zuten. Araban ez da halakorik. Gipuzkoakoa atzerapen baten mende dago. Herrialde Katalanetan, Bartzelonan egitekoa zen errauste planta ere baztertu egin dute. Hondakin gutxiago sortzen dira, gehiago birziklatzen da, eta erregaitarako erabiltzeko hondakinak eskatzen ari dira zementu fabrikak. Josep Maria Tost Kataluniako Hondakinen Agentziako zuzendariak arrazoi horiekin argudiatu du erabakia. Eta Valentziako Generalitateak alde batera utzi ditu hondakinen kudeaketa planean zehaztuak zituen hiruzpalau errauste plantak.

Valentziako Generalitateak 2010ean prestatu zuen hondakinen kudeaketa plana, eta hiruzpalau errauste planta berri jartzea proposatu. Iaz berridatzi zuen kudeaketa plana, eta hondakinak erretzeaz zementu fabrikak ardura daitezkeela proposatu du. Errauste planta berriak eraikitzeak kostu handia duela eta administrazioek garaiotan inbertsio handiak egiteko zailtasunak dituztela kontuan hartuta, Valentziako Generalitateak erabaki du errazagoa eta merkeagoa dela hondakinak zementu fabriken labeetan erraustea. Azpiegiturak ja eraikita daude, ez dute inbertsiorik eskatzen administrazio publikoarentzat. Porlanaren sektoreak hondakinak erretzeko zer aukera dituen aztertuko du Valentziako gobernuak, eta enpresen erantzunaren arabera erabakiko du errauste planta gehiago behar diren edo ez. Eta porlan fabrikek badute interesa. Espainiako, Herrialde Katalanetako, Galiziako eta Euskal Herriko zementu fabrikek 560.000 tona hondakin erre zituzten 2010ean, zementua egiteko. Baina orain arte ez dituzte etxeetako hondakinak erre izan.

Hain justu errauste plantak bazterrera gelditzen hasi diren aldi berean hasi dira hondakinen tratamendurako planta berri batzuk agertzen: TMB tratamendu mekaniko-biologikorako plantak. Bizkaiko Diputazioa ari da berea eraikitzen, Arraiz mendian, 2013an martxan egoteko: ia 50 milioi euroko kostua du, eta urtean 180.000 tona hondakin tratatzeko prestatu nahi dute —iaz, 170.000 tona hondakin bidali zituen Bizkaiak zabortegira—. Baionan eraikitzen ari diren Canopia zentroa ere 2013an ireki nahi dute, hura ere TMB planta batekin. Arabak badu berea, Jundizen, duela hamar urtetik. Nafarroak ez du oraindik jakinarazi zer azpiegitura ezarriko duen errauste plantaren ordez. Katalunian bi TMB planta ari dira lanean, eta beste bost proiektu berri daude.

TMB planten sustatzaileek zementuaren eta eraikuntzaren sektoreekin loturak dituzte: Katalunian, Castellbisbalen halako planta bat ireki zuen FCCk 2011ko uztailean; Kataluniako lehen TMB planta, berriz, Cemex enpresak jarri zuen martxan, 2009an. Baionakoa Urbaser ari da eraikitzen. Hondakinen kudeaketan ere aritzen dira enpresa horiek. FCCk kudeatzen ditu Zabalgarbiko errauste planta eta Jundizko TMB planta, adibidez, eta Zubietako (Gipuzkoa) errauste plantako lanak hari adjudikatu zizkioten.

Euskal Herrian martxan dagoen TMB planta bakarra, oraingoz, Jundizkoa da. Nahasita bildutako hiri hondakinak hartzen dituzte TMB plantetan. Parte bat bereizi egiten dute —organikoa, papera, beira…—, eta gainerakoa zabortegira botatzen dute. Teorian nahasita bildutako hondakinen %50 inguru bereizteko gai dira TMB plantak, baina, praktikan, txikiagoa da birziklatzeko gaiak bereizteko duten gaitasuna. Nolanahi ere, TMB planta proiektu berriek badute bereizgarri bat: hondakinetatik eratorritako erregaia (HEE) sortzeko gai dira, prozesu mekaniko-biologikoaren bukaeran bereizteko gai izan ez den hondakinekin. HEE horiek erregai gisa erabiltzen dira labe industrialetan, eta bi izan ohi dira bezero nagusiak: zementu fabrikak eta zentral termikoak.

TMB plantaren errefusa da HEE-en oinarria: birziklatzeko bereizi ezin den zaborra birrindu egiten da —zementua egiteko clinker labeek eskatzen duten neurrira—, hezetasuna kentzen diote —%15eko hezetasun maila ezin dute gainditu hondakinek, zementugintzan erabiltzekotan—, metal batzuk bereizi, eta konpaktatu egiten dituzte. Katalunian, jadanik hasi dira halakoak ekoizten eta porlan fabriketan erretzen. Finlandian, Herbeheretan, Austrian, Alemanian, Italian eta Erresuma Batuan ere zabaldua dago haien erabilera —Frantzian eta Danimarkan, berriz, alde batera utzi dute HEE ekoizpena, arrazoi ekonomikoak medio—. HEEak erabiltzearen aldekoek esaten dute hondakinak zabortegira eramatea baino konponbide egokiagoa dela; kontrakoek esaten dute praktikan errauste planta bihurtuko direla porlan fabrikak.

Greenpeace, «oso kezkatuta»

«Benetan, oso-oso kezkatuta gaude praktika honekin», adierazi du Greenpeace talde ekologistako kide Julio Bareak. Gaia aztertzen eta txosten bat prestatzen ari da taldea, uste baitu ez dagoela informazio eta eztabaida publiko aski porlan fabriketan hiri hondakinak erretzeari buruz. Hondakinak erraustea baliabideak «xahutzea» dela seinalatu du Bareak: «Eta noiz arte jarraitu ahal izango dugu baliabideak agortzen? Ekologistak errauste planten aurka ari ziren bitartean, bizkarretik sartu digute hau, oharkabean». Errauste plantak gelditu eta hiri hondakinak porlan fabriketan erretzeko joera hau Katalunian hasi dela baina «gainerako erkidegoetara» zabaltzeko asmoa dagoela uste du Bareak, zementu enpresek onura ugari eskuratzen baitituzte hondakinak errausteagatik: «Zeruko ateak ireki zaizkie kontu honekin».

Zementu fabrikak energia kontsumitzaile handiak dira; porlanaren produkzio kostuen %30 eta %40 artean hartzen dute erregaiek —petrolio kokeak, batik bat—. Petrolioa ere gero eta urriagoa da, eta gero eta garestiagoa. Hura ordezkatzeko baliabide eskuragarria dira hondakinak. Bestalde, CO2 igorpen altuak dituzte porlan fabrikek, eta espero da 2013an zigortu eta garestitu egingo direla igorpen horiengatiko tasak. Alde horretatik, interesgarria da hondakinak erretzea porlan fabrikentzat, Europako Batzordeak ulertzen baitu «CO2 isuri neutroa» dutela hondakin biodegradagarriek —materia organikoak, paperak, egurrak, arropa batzuk…—. Gehiago dena: «Energia berriztagarritzat» hartzen da hondakinetatik sortutakoa1. «Petrolio kokea baino merkeagoa da biomasa, eta CO2 isuriak gutxitzen ditu», esana du Olatzagutiko Cementos Portland lantegiak ere. Beraz, erregai fosilak erre beharrean hondakinak erretzen badira, CO2 igorpenengatik gutxiago ordaindu beharko dute porlandegiek. Baina ez da erregaiaren kontua bakarrik. Zementu fabrikei, horrela, onura ugari ekartzen dizkiete hondakinek, erregai gisa erabiliz gero: petrolioa ordezkatzen dute, erregaien kostua jaisten dute, CO2 isuriak —paperaren gainean bederen— gutxitzen dituzte eta laguntzak jasotzen dituzte. Hartara, hondakin kudeatzaile eta energia ekoizle bihurtu dira, hein batean, porlan fabrikak.

Zementugintzak hondakinen erabileran duen interesaren erakusle dira sektoreak Espainiako Hondakinen Legeari egindako helegiteak: Oficemen zementu enpresen patronalak gobernuari eskatu zion zabortegira eramandako hondakinen tasak garestitzeko. Hondakinei zabortegietarako bidea itxi nahi izan die zementuaren patronalak, hondakinak porlan fabriketan erretzeko aukera handitzeko. «Ez baditugu hondakin hauek erabiltzen, zabortegian bukatuko dute, eta hori da ingurumenarentzako konponbiderik okerrena», oharra utzia du Jose Antonio Garcia Olatzagutiko plantako zuzendariak.

Zementuaren sektoreak urte asko daramatza ekoizpen labeetan hondakinak erretzen —Austriako fabrikak 1980ko hamarkadan hasi ziren pneumatikoak erretzen—. «Balioztatzea» deitzen diote prozesu horri, hondakinei balioa ateratzea. Euskal Herrian lau porlan fabrika daude, bi enpresa talderenak: Lemoan eta Olatzagutian Cementos Portland (FCC taldearena) eta Arrigorriagan eta Donostiako Añorgan Cementos Rezola (Italcementi taldearena). Hondakinak erretzeko, porlan fabrikek ingurumen baimenak eskatu eta inbertsio batzuk egin behar dituzte. Olatzagutikoak biomasa erretzeko baimena jaso zuen iaz, eta beste hondakin batzuk erretzeko baimena eskatua du. Oraindik ez da hasi, ordea, baimena erabiltzen; azpiegituratan 3,8 milioi euroko inbertsioa egin behar du horetarako, eta Olatzagutiko Udalak helegitea jarri dio baimen horri. Gainerako hiru porlan fabrikak 1990eko hamarkadatik ari dira erretzen pneumatikoak, biomasa, haragi irinak, araztegietako lohiak, pinturak eta disolbenteak… Hondakinak erre ahal izateko, beren lurraldeko administrazioari ingurumen baimen bereziak eskatu behar dizkiete porlan fabrikek, «hondakinen kudeatzaile» lizentzia eskuratzeko, eta atmosferarako isuriak kontrolatzeko inbertsio batzuk ere egin behar izaten dituzte azpiegituratan.

Lemoako Cementos Portlanden, ia erdia dira hondakinetatik hartutako erregaiak, eta duela lau urte proba aitzindari bat egin zuten HEEkin; Jundizko plantan prestatutakoak erretzen aritu ziren. Proba hura egin ondotik, 2010ean FCCk berak jarri zuen HEE ekoizteko azpiegitura Jundizen. Selektiboki bildutako plastikoen errefusarekin —birziklatu ezin diren ontzi arin eta plastikoekin— prestatzen dute HEE, Lemoako fabrikan erretzeko.

Porlanaren krisia

Cementos Portland lantegien salmentak 1986ko mailara jaitsi direla jakinarazi du FCC taldeak berriki, eta bi lantegi aldi baterako itxiko dituela iragarri du. 2007tik hona, hilabetez hilabete amildu dira sektorearen produkzioa eta salmentak, etenik gabe. Espainian, Hego Euskal Herrian, Herrialde Katalanetan eta Galizian 54,7 milioi tona zementu ekoitzi ziren 2007an; 22,1 milioi tona ekoitzi ziren 2011n. Erdia baino gutxiago. Etxegintza bezala, obra publiko asko geldirik daude, eta sektoreak ez du krisiaren aurreko garaiko salmentetara itzultzeko esperantzarik. Hartara, kostuak murriztea da estrategia, irabaziei eusteko. Eta, kostuak murrizteko, hondakinak erretzea da aukeretako bat. Krisiak bizkortu egin du, beraz, erregai fosilak ordezkatzeko zementuaren sektoreak duen beharra, eta orain arte askorik erabili gabeko baliabideetara begira jarri da: hiri hondakinetara.

Lemoako eta beste herrialde batzuetako proba aitzindariez aparte, FCCk Katalunian dituen zementu fabriketan erretzen dituzte jadanik HEE horiek, eta Cemex ere erabiltzen hasia da erregai horiek; Urbaser ikerketa lerro bat bultzatzen ari da hondakinetatik eratorritako erregaien erabilera sustatzeko. Euskal Herrian, Jundizko plantan sortutako HEEak erretzen ditu Lemoako porlan fabrikak. Baina produkzioa handitzeko bidean doa datozen urteetan. Arraiz mendiko TMB plantatik, urtean, 42.000 tona HEE aterako direla azaldu du Bizkaiko Diputazioak. Gasteizko Udalak duela lau urte egin zuen proiektu bat, Jundizko plantan HEE ekoizteko lerro bat jartzeko; urtean 40.000 tona HEE aterako lituzkeela zehaztu zuen txostenak.

Jundizen, oraingoz, unitate mugikor bat jarri du FCCk; bereizita biltzen den plastikoaren ontziko gaiak erabiltzen ditu, birziklatu ezin den plastikoaren zatia alegia, HEE produzitzeko. FCCren datu ofizialen arabera, bereizita bildutako plastikoaren errefusa soilik erabiltzen da HEEak egiteko. Baina Jundizko plantan HEE ekoizteko lerro oso bat jartzeko egitasmoak baditu lau urte behintzat. IDAE Energia Aurrezteko eta Dibertsifikatzeko Espainiako Institutuak Gasteizko Udalarekin hitzarmen bat sinatu zuen, HEE lerro hori eraikitzearen bideragarritasuna aztertzeko; Gasteizko Udaleko Ingurumen zuzendariak eta Hondakinen buruak aurkeztu izan dute lan hori, gutxienez bi kongresutan. FCCk berak ere egin ditu bere probak eta txostenak; 2009ko memorian aipatzen duenez, Jundizen sartzen diren hondakinen bi herenak erabili ahal izango lirateke HEE ekoizteko. Aipagarria da Jundizko plantarentzat diru galerak ekarriko lituzkeela HEE ekoizteko lerroa eraikitzeak: hasteko, 5,85 milioi euroko inbertsioa egitea eskatuko lioke administrazio publikoari; hortik aurrera, urtero, 1,42 milioi euroko sarrerak eta 1,83 milioi euroko galerak izango lituzkeela kalkulatzen du proiektuak. Papera ere ez da gai proiektuaren bideragarritasun ekonomikoari eusteko: urtean 400.000 euro galduko lituzke Jundizko plantak. Kontuak itxuratzeko, bideragarritasun plana prestatu zuten teknikariek aipatzen dute urtero 1,36 milioi euro «aurreztu» egingo liratekeela, HEE sortzeko erabilitako hondakinak ez liratekeelako zabortegira eraman beharko, eta horrek koste txikiagoa izatea ekarriko lukeelako. Kontua da txostenak ez duela etorkizunerako joerarik markatzen: Jundizko balizko HEE lerro horrek betiko izango luke 400.000 euroko galera urtean. Bestalde, bideragarritasun planak aipatzen zuen, Jundizko hondakinen ezaugarriak kontuan izanik, zaila izango zela zementugintzak eskatzen dituen bezain hondakinak lehorrak eskuratzea. Seguru aski bi arrazoi horiengatik, FCCk erabaki du plastikoaren errefusarekin soilik lan egingo duen unitate txiki bat jartzea Jundizen; Gasteizko Udalak egindako proiektu haren beste berririk ez da izan azken urteotan behintzat(2).

IDAEk berak esfortzu nabarmenak egin ditu hondakinak «balioztatzeko» politikak sustatzen. Hondakinek energia iturri gisa erabiltzeko dauden aukerak aztertzeko, txosten bat kaleratu zuen, esaterako, 2011n, Espainiako Gobernua energia berriztagarrien plana egiten ari zen sasoian. Txosten horrek aipatzen du hiri hondakinak industrian erregai gisa erabiltzea interesgarria dela erregai fosilak ordezkatzeko eta CO2 isuriak gutxitzeko. «Bestalde, erabilera horrek aukera ematen du dagoeneko existitzen diren azpiegiturak erabiltzeko». Errauste plantarik eraiki beharrik ez dagoela, alegia, porlan fabriketan erraustu badaitezke hondakinak. Ikerketaren bukaeran, IDAEk arrazoi batzuk ematen ditu hondakinak erretzeko: «Hondakinetatik eratorritako energia iturria ezin da bazter batera utzi. Labur esateko, hauek dira horretarako arrazoiak: nazioaren defizit energetikoak ahalbidetu beharko luke teknika, ingurumen eta ekonomia alderdietatik ikusita energetikoki modu seguruan balioztatzea posible den guztia aprobetxatzea; sorrerak [hondakinen sorreraz ariko da, noski] eskuragarritasun maila altua du; ikerketa honetan egindako kuantifikazioa inportantea da; koerrausketa instalazioetan erabili ahal izateko energia iturri inportantea izan daitezke HEEak».

Erabaki guztiak norabide berean doaz: papera, kartoia, plastikoak, ontzi arinak, organikoa… Hiri hondakinak porlanaren bazkatarako erabili nahi ditu zementugintzak. Gasteizko Udaleko teknikariek onartu zuten, Jundizen HEE planta bat sortzeko proiektuan, hondakinak errausteko politikak kalte egiten diola birziklapenari: «Erraz birzikla edo berrerabil daitezkeen hondakinak energetikoki balioztatzeko joera ekartzen du [errausketak]». HEE-en kasuan, latzagoa da dependentzia: porlan fabrika batek bost edo hamar urterako HEEak erosteko kontratua sinatzen baldin badu, hondakin ekoizleak bermatu egin beharko du kontratuak aipatzen dituen urte horietan guztietan HEEz hornituko duela porlan fabrika. Horrek zuzenean eragiten dio hondakinak birziklatzeko tasa handitzeko ezintasunari. Baina hiri hondakinak labe industrialetan erraustearen alde egin dute, hala ere, Herrialde Katalanetako administrazio publikoek. Eta bide bera hartzen ari dira Euskal Herrikoak. Jokabide hori onartezina iruditzen zaio Julio Bareari: «Harrigarria da: errauste plantak eraikitzeko dirurik ez dago, baina batzuek ez dute etsitzen errausketarekin, berean jarraitzen dute».

Olatzagutiko Cementos Portland, hondakinak erre nahian

Ingurumen baimena. 2010eko urrian, Olatzagutiko Cementos Portland lantegiak hondakinak erretzeko ingurumen baimena eskatu zion Nafarroako Gobernuari.

Akziodunen batzarra. 2011ko maiatzean, Iruñean bildu ziren Olatzagutiko zementu fabrikako akziodunak. Alicia eta Esther Alcocer Koplowitz akziodun nagusiak bertan izan ziren, eta Dieter Kiefer enpresako kontseilari ordezkariak hala esan zuen bileraren bukaeran: «Ez badago balioztatzerik, ez dago inbertsiorik. Esperantzak ditugu hauteskundeetan eta aldatzeko aukeran. Balorizatu [zaborra erre] egin nahi dugu; produkzio gastuak kontrolatu ahal izateko oso garrantzitsua da guretzat. Prest gaude beharrezkoak diren inbertsioak egiteko, baina babes lokala behar dugu».

Barcinaren bisita. 2011ko maiatzean, Cementos Portlandeko akziodunen bileraren ostean eta hauteskundeen atarian, Yolanda Barcina Nafarroako Gobernurako UPNren hautagaiak Olatzagutiko lantegia bisitatu zuen. «Alderdi eta sindikatu nazionalistak arriskuan jartzen ari dira Sakanako ehunka familiaren etorkizuna, suarekin jolasten ari dira», adierazi zuen. Fabrikako ordezkariek Iruñeko bileran esandakoei erreferentzia ere egin zien Barcinak: «Olatzagutiko udal abertzalea arazoak planteatzen ari da erregai fosilen ordez hondakinak aprobetxatzeari buruz». Eta galdera hau egin zuen, Bizkaian eta Gipuzkoan hondakinak errausten dituzten porlan fabrikak gogoan: «Zergatik Euskadin bai, eta Nafarroan ez?».

Baimena. 2011ko ekainean, hauteskundeak pasatuta, egurra, kortxoa, egur azalak, txirbilak eta antzekoak erretzeko ingurumen baimena eman zion Nafarroako Gobernuak Cementos Portlandi. Olatzagutiko Udalak helegitea jarri zuen.

Parlamentuan. 2012ko otsailean, Nafarroako Parlamentuan agerraldia egin zuen Cementos Portlandek, UPNk eta PSNk eskatuta. Olatzagutiko plantako zuzendari Jose Antonio Garciak eta FCCko ordezkari Ignacio Elorrietak hitz egin zuten batzordean, eta azaldu zuten enpresari ezinbesteko zaiola labeetan hondakinak erretzea.

Errauste plantarik ez. 2012ko martxo hasieran, PSNk Diario de Navarra kazetaren bidez jakinarazi zuen errauste plantarik ez dela eraikiko Nafarroan. Errausketaren kontrako herri mugimenduek salatu zuten Olatzagutiko zementu fabrika izango dela Nafarroako errauste planta. Zementu fabrikak martxoaren 3an erantzun zuen: «Taldeak ez du asmorik errauste plantaren alternatiba bihurtzeko». Enpresaren jarduera nagusia ez dela hondakinak tratatzea, baina porlana egitea dela erantsi zuen. Martxoaren 5ean enpresak webgune berri bat zabaldu zuen, errausketaren onuren berri emateko: www.sakanacementos.com/eu.

Ingurumen baimen berria. Beste hondakin batzuk —pneumatikoak, hiri hondakinetatik eratorritako erregaiak, araztegietako lohiak…— erretzeko ingurumen baimen berria eskatua du Olatzagutiko Cementos Portlandek. Errausketaren aurkariek salatu dute urtean 50.000 tona hondakin baino gehiago erre nahi dituela porlan fabrikak. 15.000 tona izango direla erantzun du enpresak.

Ixteko mehatxua. Cementos Portland taldeak, 1.500 milioi euroko zor metatuari aurre egiteko, jakinarazi du denbora baterako itxi ditzakeela bere zortzi plantetatik bi; Lemoakoa —Bizkaian; enplegu erregulazioa egin zuen iaz— eta Olatzagutikoa tartean daude.

———-

(1) IDAEk 2011n argitaratutako txostenak jasotzen duenez, «biomasa energia iturri berriztagarria da». Eta «hiri hondakinen eta industria hondakinen frakzio biodegradagarria biomasa da». Beraz, hondakinak erretzetik sortutako energia, «parte batean», berriztagarria da, IDAEk dioenez. Gero, saiatzen da «parte bat» hori zenbatekoa den zehazten, erretzen diren hondakinen artean biodegradagarriak ez diren parteak ere bai baitaude, pinturak edo plastikoak esate baterako. Baina hori zehazteko datu ziertorik ez dago. Kalkuluak egiteko, IDAEk proposatzen du hondakinen %50 «energia berriztagarri» gisa ulertzea: «HEE-ei dagokionez, ez dago gai honen eduki biodegradagarriari buruzko erreferentziazko ikerketa argirik; horregatik, txosten honetan ulertzen da, irizpide kontserbatzaile bat emateagatik, lortutako energiaren %50 dela frakzio berriztagarriarena».

(2) Hondakinen kudeaketa plantetan zer gertatzen den jakitea inoiz ez da samurra izaten, bertako langile izan ezean. Esaterako, 2010ean jakin zen Lapatxeko konpostatze plantak zabortegira botatzen zituela Gipuzkoan atez ate biltzen zen materia organikoaren %40 inguru. Lapatxen, izan ere, elkarren ondoan daude konpostatze planta bat eta zabortegi bat. 2.500 tona materia organiko tratatzeko eraiki zuten Lapatx, baina ia 6.000 tona biltzen ari ziren sasoi hartan Gipuzkoan. Bada beste kasu bat, berriagoa: Bilduk Gasteizko Udalari eskatu dio Jundizko TMB plantaren eta Gardelegiko zabortegiaren artean zer gertatzen ari den ikertzeko. Enpresa kudeatzaileak behar baino portzentaje handiagoan ari dira botatzen eraikuntzako hondakinak zabortegira, horregatik zentimorik ordaindu gabe, Bilduk salatu duenez: «Bi ate dituen etxe bat da hau. Kamioiak katuaren atetik bezala sartzen dira, eta gogoak ematen dien tokian botatzen dute beren zama, prozedura guztiak hankaz gora botata».