Zementuaren indarra

2010/11/08 § Utzi iruzkina

Pneumatikoak, araztegietako lohiak, etxetresna elektrikoak, plastikoak… Zementuaren industria ez dago prest milaka eta milaka tona hondakin, labeetan aprobetxatu litezkeenak, bere erregaien %37 izatera hel daitezkeenak, alferrik galtzen uzteko. Euskal enpresak «aitzindari» izan dira hondakinak usteltzen ez uzteko zeregin horretan. 2003ko ekainaren 11n hitzarmena sinatu zuten Cementos Lemona eta Cementos Rezola enpresek Eusko Jaurlaritzarekin. Ingurumena hobetzeko borondatezko akordioa izena hartu zuen tratuak, eta gisa bereko beste akordio batzuen arteko lehena izan zen. Zementuaren sektorean ingurumen baldintzak hobetzeko konpromisoa hartu zuten enpresek. Bide batez, hondakinak «balioztatzeko» helburua sartu zuten akordioan.

Instituzioek badakite zementuaren industria kutsatzaile handienetakoa dela, atmosferara CO2 gehien isurtzen duen jardueretako bat dela; baina instituzioek badakite, baita ere, zementuaren industria ezinbestekoa dela. Nola eraikiko dira, bestela, saihesbideetako zubibideak, tren lasterren tunelak, etxebizitzak, presak…? Espainia da ―Galizia, Herrialde Katalanak eta Euskal Herria barne hartuta― Europan zementu gehien kontsumitzen duen herrialdea: Europako Batasuneko 25 herrialdeetan kontsumitzen den zementu guztiaren %20 jaten du Espainiak. Espainiako Bankuaren arabera, 2005ean, familiako 1,54 etxebizitza zeuden eraikiak Espainian. Alegia, munduko tasa altuena zuen. Errepideei dagokionez, berriz, Alemania da, Europa guzian, Espainiak baino autopista eta autobide gehiago dituen herrialde bakarra. Munduko zementu kontsumitzaile handienetako bat ere bada. 2007an, biztanleko 1.248 zementu kilo kontsumitu ziren Galizian, Herrialde Katalanetan, Espainian eta Euskal Herrian. Adibiderako, Luxenburgon, biztanleko 1.275 zementu kilo kontsumitu ziren urte hartan; baina Italian 784 zementu kilo erabili zituzten pertsonako; eta Alemanian, 331 zementu kilo; eta Danimarkan 340 zementu kilo… Gogoan atxikitzeak merezi du, Alemania izan ohi baita zementuaren industriak errauste politiken eredu gisa jartzen duen herrialdeetako bat: Alemaniak, Espainiak baino lau aldiz zementu gutxiago kontsumitzen du.

Espainiako eta Euskal Herriko zementuaren enpresek irabazi mardulak izan dituzte azken hamarkadetan, kontsumo horien ondorioz. Cementos Rezola eta Hormigones y Minas enpresek 646 milioi euro fakturatu zituzten 2001 eta 2006 artean, sei urtean(35). Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan liderra da Cementos Rezola; bertan kontsumitzen den guztiaren %60 inguru bere fabriketan sortua da. Antzeko tamaina eta fakturazioa ditu Cementos Lemona enpresak; eta hark baino produkzio ahalmen handiagoa du Olaztiko Cementos Portland Valderribasen fabrikak. FCC taldearen barruan daude azken bi lantegi horiek.

Koplowitztarrak dira, akaso, FCC taldeko buru ezagunenak. Esther Koplowitz da FCCko estrategia batzordeko burua eta, bide batez, Cementos Portland Valderribas taldeko presidenteordea. 2005eko urrian Cementos Portland Valderribas taldearen %8 erosi zion FCCk Iberdrolari, hartara %66,8a kontrolatzeko. Estrategia argia zuen buruan FCCko buruak, operazio horri ekiterako: hiru urtean negozioaren kopuruak hirukoiztea. Zementuaren sektorea kontrolatzeko ahaleginean, 2006ko hasieran, Cementos Lemona guztia erosteko eskaintza publiko bat jaurti zuen. Ekain hartan Uniland enpresaren %51 erosi zuen, 1.092 milioi euro mahaiaren gainean jarrita. Azken erosketa horrekin, Espainiako zementuaren sektoreko lehen enpresa eta munduko lehenetako bat bihurtu zen Cementos Portland Valderribas: 15 zementu fabrika, 170 hormigoi planta, 63 harrobi eta 18 mortero planta ditu enporioak, mundu osoan barreiatuta. Urtean 18,8 milioi tona zementu egin ditzake. 2002an 841 milioi euro fakturatu zituen Cementos Portland Valderribasek(36); 2005ean 978 milioi euro fakturatu zituen; 2007an 1.800 milioi euro fakturatzera iritsi nahi zuen.

Etxebizitza berrien eraikuntzaren krisiarekin batera iritsi da Donostiako eta Bilboko saihesbideak eta tren lasterraren lanak bizkortzea. Kasualitatea? 2007an jo zuen goia zementuaren kontsumoak Espainian. 56 milioi tona kontsumitu ziren urte hartan. 2008an, 42,7 milioi tona kontsumitu ziren. 2009ko urtarrilean %52 amildu zen ―erori ez, amildu― zementuaren kontsumoa. 2009ko urtarriletik urrira, %35,4 jarraitu zuen erortzen kontsumoak. 2009ko lehen hamar hilabeteetan, 24,4 milioi tona zementu kontsumitu ziren(37). Bizkaiko Harrobi Enpresen Elkartearen esanetan, 2008an %20 egin zuen behera agregakinen kontsumoak, eta 2009an berriro jaitsi zen eskaera, beste %6 bat(38). Oficemen elkarteak azaro hasieran emandako datuen arabera, kontsumoa 22 hilabetez jarraian aritu zen erortzen. Espainiako Gobernuak indarrean jarritako Plan E delakoarekin itxaropena duela, baina obra zibil gutxi zeudela, kexu agertu izan da Oficemen, nahiz eta Espainiako Gobernuari esfortzua aitortu. Ekonomiaren atzerakadak eten du zementuaren enpresen azken hamarkadetako irabazien hazkundea, amaiezina zirudiena. Porlanaren krisiak irudi dramatikoa utzi du maiatz honetan, Jose Blanco Espainiako Sustapen ministroak 6.000 milioi euroko murrizketak iragarri zituelarik. Eskuak burura eraman dituzte obra publiko eta irabazi pribatuetako sustatzaileek, murrizketak noren poltsikora eroriko.

«Uraren atzetik, hormigoia da lurrean gehien kontsumitzen den sustantzia, eta eraikuntzako produktu funtsezko eta ordezkaezina». CEMA, Oficemen, Cembureau eta Sustainable Energy Europe elkarteek idatzitako txosten batek dakar pasarte gogoangarri hori, zementu industriaren indarraren erakusgarri. Zementuaren produkzio iraunkorra. Zementu industrian hondakinak erregai eta lehengai alternatibo gisa berreskuratzea(39) du izena txostenak, eta honako hau ere bertan esaten da: «Etxebizitza seguru eta erosoak eta azpiegitura moderno eta fidagarriak emanez, gizartearen beharrak asetzen dituen produktu esentziala da zementua. (…) Gizarteak bere beharrak asetzeko behar adina zementu izateko eta, aldi berean, isuriak gutxituz erregai eta lehengai ez berriztagarrien erabilera murrizteko konpromisoa du Europako zementuaren industriak. Zementuaren industrian hondakinak berreskuratzeak, koprozesatzeak, helburu horiek erdiesten laguntzen du».

Joan dira zementuaren garai onak, baina ez zementuaren indarra. Zehatzago esateko: zementuak berak baino indar gehiago du zementuaren lobby-ak. Ikusi besterik ez dago, azken urteotan, etxegintzako sektoreko hormigoiaren eta zementuaren kontsumoa jaitsi delarik, nola bizkortu diren ingeniaritza eta obra zibilak, errepideak, portuak, trenbideak… Donostiako bigarren saihesbidea amaituta, publizitate gehigarri bat banatu zen zenbait kazetarekin Gipuzkoan. Adierazkorra da Andu Lertxundi idazleak publikazio hartan atzeman eta Berria kazetako bere iritzi zutabean argitaratu zuen esaldia: «Zementua gara, eta zementua da batzen gaituena». Ez dago batere argi publikazioa zeinen ekimena izan zen, bestalde: Gipuzkoako Foru Aldundiarena, ala obra egin duten enpresena, ala Gipuzkoa Aurrera lobby-arena. Inportantzia handirik ere ez du izango, zementuaren batzeko indarrean fedea izanez gero.

————————-

(35) 7,5 milioi tona zementu, 9 milioi tona agregakin, eta 2 milioi metro kubo hormigoi egin zituzten sei urtean.

(36) Zabalgarbikoa bezalako bost errauste planta eraikitzeko adina diru bazen hori, garai hartan.

(37) 1997ko datuen parekoa da kontsumo hori; hamabi urte atzera egin du zementuaren kontsumoak. Urte osoan 26,8 milioi tona zementu kontsumitu ziren 1997an.

(38) Datu esanguratsua eman du enpresarien elkarte hauek: agregakinen %85 obra publikoetan erabili da, eta %15 etxegintzan, 2009an. «Agregakinak, gaur egunean, alternatibarik gabeko lehengaia dira», azaldu du elkarteak, eta esplikatu du errepideak, azpiegiturak, etxeak, hormigoia eta asfaltoa egiteko erabiltzen direla. 2009ko Bizkaiko agregakinen kontsumitzaile handienak izan dira: AHT abiadura handiko trenaren lanak, Supersur errepidea, Bilboko metroa Basaurira eta Ezkerraldera luzatzeko lanak, Bilboko portua handitzea, Kadaguako korridoreko lanak eta Loiuko aireporturako sarbideak handitzeko lanak, besteak beste.

(39) Producción sostenible de cemento. La recuperación de residuos como combustibles y materias primas alternativas en la industria cementera, jatorrizko gaztelaniaz.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

What’s this?

You are currently reading Zementuaren indarra at Zeinek erre nahi ditu hondakinak?.

meta

%d bloggers like this: