Itu bat bidean: Xabier Garmendia

2010/09/27 § 2 iruzkin

2009ko maiatzaren 7an jakin zen PSE-EEk Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Energia eta Industria Garapenerako sailburuorde izendatu zuela Xabier Garmendia Martinez. Lehendik ezagunak zaizkio, ordea, Jaurlaritzako mahaiak eta aulkiak: 1991 eta 1995 artean, Ingurumen sailburuorde izan zen, EAk, EAJk eta PSE-EEk osatutako gobernuan, Jose Antonio Ardanza lehendakari zela. Euskadiko Ezkerreko militantea zen, izan ere, Garmendia. Aurreko legealdian ere parlamentari izana zen EErekin, 1987 eta 1991 artean, eta alderdian jarraitu zuen EEk PSErekin bat egin zuelarik. Garmendia Ormaiztegikoa (Gipuzkoa) da sortzez, industria ingeniaria ikasketaz, eta ingurumen aholkularia ogibidez, besteak beste; eta, kasu honetarako, «besteak beste» hori ez da literatura hutsa.

1995ean gobernuko kargua utzi zuenetik, hiru enpresa sortu zituela azaldu izan du elkarrizketa bat baino gehiagotan. Haietako bat da DPA Desarrollo y Proteccion Ambiental ―zuzendari nagusia izan da bertan 2009ko abendura arte, eta ingurumen aholkularitza zerbitzuak eskaintzen ditu―. Bestea da Neuciclaje, erabiltzeari utzitako pneumatikoak «berreskuratzeko» zerbitzuak ematen dituena. Ingurumen azterketak egiten dituen fundazio bat ere sortu zuen, 2002an: ISR(2) Baliabideen Iraunkortasunerako Institutua. Eusko Jaurlaritzara sailburuorde gisa itzuli denetik, kargu asko hartu ditu, bestalde: Pasaiako Portu Agintaritzan, Luzaron, EEE Energiaren Euskal Erakundean… 2009ko irailaz geroztik, Bizkaiko hiri hondakinak errausten dituen Zabalgarbiko presidenteordea da, gainera. Zabalgarbi errauste plantako (Alonsotegi, Bizkaia) zuzendaritzan 2009an jazo ziren liskarren ondoren aukeratu zuten kargurako. EEEko ordezkari modura dago Zabalgarbiko zuzendaritza kontseiluan. Berak sortzea proposatu zuen errauste plantaren gidaritzara iritsi da, bueltan-bueltan. ISRk gidatu du Nafarroako hondakinen kudeaketa plana, eta Garmendiak berak antolatu ditu Bizkaiko eta Gipuzkoako planak, baina San Marko eta Txingudi mankomunitateen zenbait kudeaketa plan ere.

«Bi herrialde horietan [Bizkaian eta Gipuzkoan] zaborraren %40a birziklatu eta konpostatu nahi da, aprobetxatu ezin daitekeen zaborra %60tik gora ez joateko. Beraz, zer egingo dugu %60arekin? Gipuzkoan eta Bizkaian erraustearen alde egin da, hondakinetan dagoen energia ahalik eta gehien balioztatzeko». 2004ko irailaren 15ean Berria kazetak argitaratutako elkarrizketan eman zuen erantzun hori Garmendiak. Gauzak aldatu egin dira, ordea. Gipuzkoako hiri hondakinen kudeaketa planaren egokitzapena idatzi zuten 2008an, eta helburuak eta plana bera ere dezente aldatu ziren: errauste planta bakarra behar zela erabaki ―2002an bi edo hiru errauste planta jartzea proposatu zen―, eta hiri hondakinen %57 inguru birziklatu eta konpostatzeko helburua jarri zuten. Izan ere, Garmendiak elkarrizketa hartan aipatzen zuen %40ko birziklatze maila 2009an iritsi zuen Gipuzkoak, hondakin organikorik ia batere konpostatu gabe.

Hala ere, errauste planta beharrezko dela pentsatzen jarraitzen du Garmendiak: «Hondakinak energia berriztagarrirako iturri dira, biomasa duten neurrian. Baina, gainera, hondakinetan dauden gainerako atal erregarriak energia iraunkorra dira, errausketaren bidez energia sortzeko aprobetxamendua egiten den heinean, beti ere ingurumena eta pertsonen osasuna babestea bermatzen den bitartean». Hortxe dago hondakinak erre nahi izatearen arrazoietako bat: energia sortzea. Gainera, hondakinetatik ia dena aprobetxa liteke labean. Argi utzi du hori Garmendiak: «Biomasa hondakinak ―usteltzen diren gai organikoak, egurra, arropak, larrua, papera eta kartoia eta zelulosa asko duten beste frakzio batzuk, pixoihalak eta tetrabrik gisako ontzi konplexuak― gure hondakinen %70ean baino gehiagoan daude; eta, behin haietan dauden beirak, metalak eta gainerako gai inerteak kenduta, erre litekeen frakzioaren %80-85az gainetik dira». Datu horiek, baita diskurtsoa ere, hitzez hitz errepikatu ditu uda honetan, Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroetan, Donostian. «Hiri hondakinak energia berriztagarri eta iraunkorreko iturriak dira», errepikatu du; EFE albiste agentziak hitzaldia jaso, eta zabaldu du Eusko Jaurlaritzak errauste politikak babestu dituela; baina Jaurlaritzak ez du adierazpen ofizialik egin, Garmendia izan da.

Eta EB Europako Batasunak arrazoia ematen dio Garmendiari. EBk 2001ean argitaratu zuen energia berriztagarrietako iturrietatik sortutako elektrizitatea sustatzeari buruzko araua. Bertan zehaztu zen biomasa eta hiri hondakinen frakzio biodegradagarriak energia berriztagarri zirela. «Beraz, [Europako] arteztarauak energia berriztagarri gisa onartzen du, argi eta garbi, hala behar du eta, hiri hondakinen frakzio biodegradagarria, biomasa berriztagarria den aldetik», idatzi zuen Xabier Garmendiak Gipuzkoako hiri hondakinen kudeaketa planean, «hala behar du eta» nabarmenduz.  Izan ere, hondakinak erretzea ez da aprobetxamendu hutsa, bestela batere baliorik ez duenari probetxuren bat ateratzea. Hondakinak erretzea, helburua da. Garmendiak berak askoz hobeto esplikatu zuen hori 2006ko otsaileko artikulu honetan:

Gaur egun adostasun zabal bat dago: alegia, bukatu egin dela petrolio merkearen sasoia, eta, negutegi efektuan eragina duten gas isuriak gutxitzeko beharragatik, gero eta ingurumen baldintzapen gehiago izango dituen, eta urriago eta garestiagoa izango den energia etorkizun batera goazela. Energia fosilak kontsumitzeagatik sortutako negutegi efektuko gas isuriek planeta berotzen dutela, horri buruzko adostasun zabalak eta petrolioaren prezio gero eta garestiagoek hala adierazten dute. Marko horretan, eskura dauden baliabideak aprobetxatzea, gero eta gehiago, handituko den behar bat bezala ikusiko da eta, horrekin batera, xahutze jasanezin bezala ikusiko da energia baliabideak alferrik galtzea, adibidez zabortegi batean hondakinak lurperatzea. Gainera, ehuneko handi batean, hondakin hauek CO2 eragin neutroa duten biomasa baldin badira, zabortegira botatzea, argi eta garbi, ulertezina da.

Europako Batasunak energiari buruzko ikerketa sustatzeko, 50.000 milioi euroko laguntza bat eman berri die zenbait enpresari. Diruz lagundutako ikerketa lerroetan daude honako hauek: eguzki energia, eolikoa, nuklearra, eta bioerregaiak eta biomasa. 2009an, bestalde, biohondakinei buruzko eztabaidari ekin zion Europako Batasunak, haien kudeaketa eta tratamendua arautzeko, eta Liburu Berdea izeneko lehen eskuliburu bat prestatu du, irizpideak adosten hasteko. Energiaren krisiari aterabide bat emateko aukera dira hondakinak. Instituzio eta enpresak inbertsio eta ahalegin sendo eta garestiak egiten ari dira hondakinetatik energia sortzeko: kapitalismoari errentagarriago zaio hondakinak erretzea, konposta egitea baino. Iturri agortezin gisa ikusten dira hondakinak: milioika tona sortzen dira, egunero, mundu osoan; eta konpostak ez du argindarrik sortzen industriarentzat.

Beste arrazoi bat ere eman du, artikulu horretan, Garmendiak: biomasa erretzeak «CO2 eragin neutroa» du. Alegia, biomasa errez, energia sor liteke, CO2 isuri gabe. Horri energia berriztagarria deitzen zaio, eta gainera Espainiako Gobernuak diruz laguntzen ditu energia berriztagarriak. Beste era batera ere azaldu zuen ideia hori Garmendiak, 2006ko otsailean idatzi zuen artikulu luze eta mamitsu hartan ―ohargarria da hondakinak baliabide izatera pasatu direla Garmendiaren idazkeran―: «Hondar baliabide hau [alegia, hondakinak] ez aprobetxatzeak, alferrik galdutako energia hori sortzera behartuko luke; jatorri fosileko erregai birjinak erabili beharko lirateke, ikatza eta petrolioa edo gasa bezalako hidrokarburoak batik-bat». Hondakinak ez erretzea, xahutzea da Garmendiarentzat eta, gainera, CO2 isuriak gutxitzen laguntzen du, hondakinak erretzen ez badira, hidrokarburoak erre beharko direlako, eta horrek negutegi efektua bizkortuko duelako. Biribila da arrazoiketa.

Garmendiak asko hitz egin eta idatzi du errausteari buruz. Europan 400 errauste planta daudela, urtean 50 milioi tona hondakin erretzen dituztela, 27 milioi pertsonarentzat energia sortzen dutela… Berak emandako datuak dira, asetzeraino errepikatuak. Galdera da: hondakinetatik sortutako elektrizitatea 27 milioi pertsonarentzat sortzen dute, ala enpresentzat sortzen dute energia hori guztia? Nork du behar gorriagoa?
————————-

(2) Instituto para la Sostenibilidad de los Recursos du berezko izena, gaztelaniaz.

Advertisements

§ 2 Responses to Itu bat bidean: Xabier Garmendia

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

What’s this?

You are currently reading Itu bat bidean: Xabier Garmendia at Zeinek erre nahi ditu hondakinak?.

meta

%d bloggers like this: