Koronel soldadurik gabea

2011/01/03 § Iruzkin 1

Europako Batasunak 2016 urterako ezarritako helburuak lortu ditu ja Bizkaiak. 2009an %6,3 egin zuen behera herrialdean sortutako hondakin kopuruak ―42.448 tona gutxiago sortu ziren, nahiz eta herrialdean 6.200 pertsona gehiago bizi ziren—. 1995ean zabortegietara bota ziren hondakinen %35 bakarrik bota daitezke zabortegietara 2016an, Europako Batasunaren aginduen arabera; Bizkaian, 2009an, %34,8 bota ziren eta helburua bete du, hortaz. Orain, Bizkaiko Foru Aldundiak erabaki du prebentzio kanpaina bat abiatzea, sei urtean, 2010 eta 2016 artean, «hondakinen kopurua ez handitzeko». Galdera da zergatik ez den helburu bezala jartzen erretako eta zabortegietara botatako hondakinen kopurua murriztea. Datuak hain onak badira, eta sei urteko tartea edukita, nola ez da planteatzen helburuak hobetzea? Zergatik baztertzen da hondakin kopurua murriztea, eta jartzen da hondakin kopuruari eustea?

Oso esanguratsua izan daiteke, hori ulertzeko, Bizkaiko hiri hondakinen kudeaketarako II. planak, 2005ean, zehaztu zuena. Hauxe da Xabier Garmendiaren DPA enpresak proposatu eta Bizkaiko Diputazioak onartu zuen helburua: «Hondakinen kudeaketa iraunkor bat, Kudeaketa Sistema Integral baten diseinuan oinarriturik, aukeren hierarkia era malguan ezarriz, non prebentzioa den lehentasunezko helburua, eta atzetik datozen berrerabiltzea, birziklatzea eta konpostatzea, energia sortzeko aprobetxatzea eta balioztatu ezin den frakzioa botatzea». Xedearen laburpen horretan aurkitzen den «aukeren hierarkia» horren atzean Europako Batasunak ezarritako tratamenduen hierarkia dago. Eta «era malguan ezartze» horretan dago arazoa: Europako Batasunak hierarkia gisa planteatzen duena, «era malguan» interpretatzen duela Bizkaiko Foru Aldundiak, Xabier Garmendiaren aholkuz. Zertarako daude hierarkiak, «era malguan» ulertu behar badira? Parlamentuak onartzen dituen legeak «era malguan» ulertu behar dituzte herritarrek? Konstituzioen aginduak eta betebeharrak «era malguan» ulertu behar dituzte? Baita isunak eta zergak ordaintzeko orduan ere? Europako Batasunak ezarritako «aukeren hierarkia» horretan, hondakinak erretzea azkenaurreko aukera dela ezkutatu nahi du planak, «era malguan ezarri» kontzeptu horren atzean. Planaren abiapuntua ez baita Europako Batasunak emandako tratamenduen hierarkia goitik behera jarraitzea, prebentzioari lehentasuna emanez; planaren abiapuntua da Europako Batasunak emandako tratamenduen hierarkia azkenaurreko aukeratik gora jarraitzea, errausteari lehentasuna emanez, eta zabortegiak ekidinez. Hori da arazoa Bizkaiko planean: Zabalgarbi behar da, eta Zabalgarbik jatekoa behar du(66).

Bizkaian bakarrik ez, azken urteotan beherantz egin du hondakinen sorrera kopuruak, atzeraldi ekonomikoaren eraginez batik-bat. Gipuzkoan %5,8 egin zuen behera 2009an. Baina 2008an ere behera egin zuen: %2,8. Gipuzkoako Diputazioak espero zuen 2009an 484.601 tona hondakin sortuko zirela, baina 426.000 tona sortu ziren. Aldea %12koa da; bada zerbait. Ez da, bakarrik, diputazioak jarritako birziklatze helburuak espero baino zazpi urte lehenago erdietsi direla; gainera, diputazioak espero zuena baino %12 hondakin gutxiago sortu dira bitarte horretan. Ondorengo grafikoan agertzen dira 2016 urtea bitartean Gipuzkoan sortuko diren hondakinei buruz diputazioak 2006an egin zituen estimazioak, eta azken urteetan sortu diren hondakin kopuru errealak ―Gipuzkoako Diputazioaren estimazio honetan kontuan hartzen da prebentzio kanpainak indarrean daudela eta etxeetan konposta egiteko jarduerak martxan daudela; alegia, beste estimazio batzuetan, hondakin gehiago sor zitezkeela kalkulatu zuen―:

Hondakin sorreraren maila hauek izango dira Lurraldean hiri hondakinen tratamendurako azpiegiturak dimentsionatzeko unean hartuko diren erreferentziak. Prognosietako akats batek, edo prebentzio, birziklatze eta konpostatze helburuak betetzerakoan huts egiteak, ekarriko luke Gipuzkoan ezarri nahi den kudeaketa integraturako sistema itxiko tratamendu azpiegiturak gai ez izatea helburu horiek bete ezean sortuko litzatekeen soberako hondakin kopuruari amaierako tratamendua emateko; eta, ondoren, ezarritako kudeaketa sistema goitik behera hondatzea etorriko litzateke, tratatu ezingo liratekeen soberako hiri hondakinak hartu ahal izateko amaierako hondakindegirik ez izateagatik, hain justu ere. Hau guztia, azken batean, Gipuzkoan hiri hondakinen kudeaketan ardura dutenek Aurrerapen Agiri honetan aurreikusten diren prebentzio, birziklatze eta konpostatze helburuak betetzeko bidean beharrezko neurriak abian jarriko dituzten garantia da.

Gipuzkoako hondakinen kudeaketarako planak hori dio. Beldur izango ziren, estimazioetan aipatutakoa baino hondakin gehiago sortuko ez ote zen. Baina estimazioek errealitateak baino goragotik jo dute orain arte, eta horrek galdera dakar: administrazioak ez ote du Gipuzkoako tratamendu azpiegiturak egokitzeko beharrik sentitzen, estimazioen eta datu errealen arteko %12ko aldea ikusita? 2003ko hondakinen antzeko kopurua sortu da 2009an. Antzeko egoeran aurkitu da Bizkaiko Foru Aldundia ere, zabortegira botatako hondakinen kopurua %35etik beherakoa izan dela ohartu delarik. Eta Nafarroan ere hondakinen sorrera kopurua jaisten hasi da 2008az geroztik.

Plangintzak egiten ikasteko liburu oinarrizkoenetan aipatu ohi da, maiz, planei ezartzen zaizkien helburuek eskuragarriak izan behar dutela, errealak izan behar dutela; sarritan, helburu eskuraezinak aurkezten dira plangintzetan, eta hortik etortzen da haien hutsa. Kasu honetan, eskuragarriak izan dira Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek jarritako helburuak. Eskuragarriegiak, agian. Garmendiak idatzi zituen Gipuzkoako eta Bizkaiko planak, eta arta hartu zuen, birziklatu ezin den hondakinen kopurua %60 baino txikiagoa izan ez zedin ―alegia, errauste plantetan erre beharreko hondakinen kopurua %60 baino txikiagoa izan ez zedin―, nahiz eta Gipuzkoan ehuneko hori aldatu behar izan duten, %40ra murriztuta, birziklatzearen errealitateak gainezkatu egin dituelako Gipuzkoako planaren helburuak. Nafarroan, berriz, ISR arduratu da gaikako bilketa ez dadin %33 baino handiagoa izan.

Sortutako hondakinen ehuneko zenbat birzikla daitekeen, hori da galdera. Nafarroako hondakinen kudeaketa planaren eztabaidara gonbidatu zuten Anabel Rodriguez, ISRko zuzendari zientifikoa, hondakinen bilketari eta birziklatzeari buruz hitz egitera. %60 eta %80 arteko birziklatze ehunekoak eskuratzea posible dela aitortu zuen Rodriguezek. Orduan, zergatik arduratzen da ISR bera ISRk posible ikusten duena ukatzera? Zergatik proposatzen du Nafarroak, zazpi urtean, birziklatze maila %31tik %33ra igotzea, batere anbiziorik gabe? Zergatik Gipuzkoan %57 birziklatzera iristea da helburua, eta Bizkaian ez da %40tik pasatzeko intentziorik? Nork erabakitzen ditu ehuneko horiek, eta zergatik? Eta Gipuzkoak %60ra heltzeko asmoa badu, zergatik Bizkaiak ez du halako anbiziorik?

Gipuzkoako Foru Aldundiaren hondakinen kudeaketa plan berriak, 2008koak, hondakinen %57 birziklatu eta konpostatzeko helburua jasotzen du, zehazki. 2009ko datuen arabera, egun, hondakinen %40 birziklatu, berrerabili eta konpostatzen da Gipuzkoan, birziklatzen dutenei batere hobaririk eman gabe, hondakin organikoak bereizita biltzeko politika orokorrik gabe, prebentzio kanpaina sendorik gabe eta etxean konpostatzea sustatzeko politika eraginkorrik gabe. Abiapuntua hain ona izanik ―Europako birziklatze maila altuenetako bat omen du Gipuzkoak, Carlos Ormazabal Gipuzkoako Garapen Iraunkorreko diputatuak dioenez―, zergatik ez da hobetzeko tartea aprobetxatzen? 2016an %40 birziklatzeko helburua zuen aldundiaren lehen planak, 2002koak. 2009rako erdietsi da helburua, zazpi urtean, ia ezer egin gabe. Diario Vasco kazetak Ormazabali elkarrizketa bat egin eta Hernanin atez ateko hondakinen bilketa abiatu zen egun berean argitaratu zen, maiatzaren 9an; Garapen Iraunkorreko diputatuak esan zuen aztertzekoa zela etxean birziklatzen dutenei hobariak jartzea, gutxiago ordain dezaten. Orain esaten hasita, errauste planta bukatzean, akaso, jarriko dituzte indarrean hobari horiek. Nora begira egon da foru aldundia hondakinen kudeaketa plana indarrean egon den 2002tik 2010era bitarteko zortzi urte horietan? Hobariak adostea errauste plantak egitea baino lan errazago eta merkeagoa izango al da ba? Zer da, %60ko birziklatze mailara bizkorregi iristeko beldurra?

Eta, hori ikusita, Gipuzkoako Diputazioak, zentzuz ezarri du Europak agintzen duen hondakinen kudeaketarako hierarkia?

Diputazioko teknikari batek erantzungo dio azken galdera horri. «Energia berriztagarrien alde egiteak [kasu honetan, hondakinak errausteaz edota konpostatu aurretik energia ateratzeaz ari da] koherentea izan behar du Europako beste helburu batzuekin, bereziki hondakinen tratamendurako hierarkiarekin». Javier Ansorena Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen zerbitzuburua da, eta berak idatzia da pasarte hori, baita ondokoa ere, Hiri hondakinak, energia iturri berriztagarri eta iraunkorra(67) artikuluan, 2009an Residuos aldizkarian argitaratua: «Ondorioz, (…) ez da erraustea sustatu behar, baldin eta horrela hierarkia hori ahultzen bada». Baina Ansorena bera da, segidan, salbuespena azpimarratzen duena: Europak agindu duen hondakinen kudeaketarako hierarkia hankaz gora jar liteke, materialen bizitza zikloaren azterketatik ondorioztatzen bada hierarkia jarraitzea kaltegarri dela. Alegia, hondakinak hierarkia piramide horretatik atera daitezkeela, «besteak beste, egingarritasun teknikoarengatik, bideragarritasun ekonomikoarengatik, eta ingurumenaren babesarengatik». Bestela esanda, hierarkiako beste aukerak erraustea baino teknikoki zailagoak, finantzatzeko zailagoak eta ingurumenarentzat kaltegarriagoak badira, zuzenean pasatu liteke erraustera, hierarkia hankaz gora utzita.

Europako estatuen artean adostasunak eskuratu ezinaren beste adibide bat besterik ez da hierarkiari badaezpadako argudio anbiguo hori eranstea. Antza, salbuespeneko argudio horri eutsi diote Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioek eta Nafarroako Gobernuak, hierarkiaren gainerako puntuetan behar besteko indarrik egin gabe, zuzenean erraustera jotzeko. Edozein kasutan, interesgarria litzateke, errauste planta beste kudeaketa urratsak baino teknologikoki egingarriagoa, finantzatzen samurragoa eta ingurumenarentzat komenigarriagoa ote den argitzea. Hori baldin bada, behintzat, Europako Batasunak ezarritako hierarkia hankaz gora jartzearen arrazoia.

Ansorenak, artikulu berean, zehazten du problema hondakinen jatorria dela, nola biltzen diren alegia. Nahastuta biltzen badira, ez dago erretzea beste aukerarik, bere hitzetan. Baina artikuluan hondakinak aztertzen ditu energia iturri gisa eta, beraz, ez du sakontzen puntu horretan; ez du bilketa selektiboaz hitz egiten, hondakinak erraustearen onurez baizik. Arta badu, ordea, erraustea eta birziklatzea ez daudela kontrajarriak zehazteko. Eta Suedia jartzen du adibide, errauste planten aldekoek maiz ohi duten bezala. Suedian, 1994 eta 2004 artean, heren bat murriztu ziren hondakinak; aldi berean, %140 handitu zen birziklatzea; eta erraustea ere %70 handitu zen. Ansorenak ez du zehazten, ordea, Suedian zer egiten zuten hondakinekin 1993an. Susma liteke —susmo hutsa da— zabortegietara botako zutela gehien-gehiena, bestela ez da ulertzen hondakinen kopurua heren bat murriztu eta gero ere, birziklatzeak hainbesteko hazkundea izatea eta, hala ere, erraustearen ehunekoa ere igotzea. Litekeena da, bestalde, 1994an errauste plantarik ez izatea Suedian, edo, izatekotan, bakarren bat egotea. Datu gehiago eduki ezean, beraz, ezinezkoa da adibidea Gipuzkoara ekartzea, eta konparazioak egitea.

Baina kalkulu batzuk egin daitezke:

  • Iaz 426.000 tona hondakin sortu ziren Gipuzkoan.
  • Hasteko, hondakinen sorrera kopurua heren bat murriztu izan balitz, 290.000 tona hondakin sortuko ziren iaz —alegia, Europako Batasunak agindutako hierarkiaren lehen puntua, murriztea, aplikatuta. Begien bistakoa da ez dela urte bakarrean lortzeko helburua, baina Suediak hamar urtean lortu badu, Ansorenak dioen bezala, ez da ezinezkoa izango—.
  • Gipuzkoak orain birziklatzen du %40. Portzentaje hori haziko ez balitz ere, errauste plantarentzat geldituko lirateke 174.000 tona hondakin errausteko. Birziklatzea %60ra helduko balitz —hori da Gipuzkoako hondakinen kudeaketa planaren helburua, ISR berak ere egingarri ikusten duena—, 116.000 tona geldituko lirateke errauste plantarentzat. Urrunago joanda, atez atekoa bezalako hondakinen bilketa sistema bat abian jarrita, esaterako, %80 birziklatzera iritsiko balitz, 58.000 tona geldituko lirateke errauste plantarentzat.

Eta Gipuzkoako errauste plantaren proiektua ia bost aldiz zabor gehiago erretzeko diseinatu dute —260.000 tona hondakin erretzeko gaitasuna eman diote—, eta etorkizunean bigarren labe bat jartzeko aukera ere jaso dute.

Suedia adibide bada, zergatik ez da planteatzen, diputazioaren kudeaketa planean, hondakinen sorrera heren bat murriztea?

Koronel soldadurik gabea, horixe da Europako Batasunak hondakinen kudeaketarako agindu duen hierarkia. Inongo armadetan gertatuko ez litzatekeena gertatzen da bere horrekin: soldadurik ez dagoela koronelaren aginduak betetzeko, edo soldaduek, egon bai baina, eurek nahi dituzten aginduak betetzen dituztela. Edo, metaforak alde batera utzita esateko, hierarkia horrek ez duela eraginik, baldin eta administrazio publikoek zuzenean errauste politiketatik hastea erabakitzen badute.

Azken buruan, interes handiak daude errauste politiken atzean, eta Europako Batasuneko kide diren estatuen artean ez da samurra adostasunetara heltzea. Hierarkiak, zorrotz jarraituko balitz, ez luke ia tarterik utziko errauste plantak eraikitzeko, eta estatu batzuek argi dute zer gauza zehaztu behar diren, zenbateraino, eta zer-nolako zirrikituak utzi behar diren.

Baina Europan adosten dituzte beste kontu batzuk. Badago erakunde bat, Normalizaziorako Europako Batzordea izena duena, eta irabazi asmorik gabeko erakunde pribatua (?) ei dena. Estandarrak sortzen ditu, era guztietakoak; zerbaiti buruzko irizpideak estandarizatu behar badira, Europako Batasunak aholku eskatzen dio. Beste mila eskariren artean, ESB erregai solido berreskuratuei buruzko espezifikazio tekniko bat eskatu zitzaion, duela urte batzuk. Garai batean RDF edo hondakinetatik eratorritako fuela modan egon bazen, gerora hainbat arazo antzeman zizkioten erabiltzaileek. RDFak egiteko, errefusaren frakzio hezea ere erabiltzen da, eta horrek ekartzen du erregaiak ez izatea homogeneoak, eta «irudi pobrea» edukitzea. RDFen eboluzioa izan ziren ESB direlakoak. Erregai solido berreskuratu kategoria hori eskuratzeko, hondakinak tratatzerakoan kalitate arau batzuk bete behar dira. ESB horiek egiteko ere hiri hondakinak erabiltzen dira, sailkatuta, baina ezaugarri homogeneo eta bermatuak dituzte, RDFek ez bezala. Hondakinak bereizi eta tratatzeko prozedurak bermatzen du «erregai» berri horien kalitatea.

Bada, Normalizaziorako Europako Batzordeak, eskatu bezala, ESBak egiteko zein irizpide kontuan hartu behar diren zehaztu eta langintza horretarako espezifikazio teknikoak eman zituen. Santiago Palomino ISRko zuzendari teknikoak erreferentzia gisa erabili zituen espezifikazio horiek, 2007ko otsailean, Gaztela Mantxako (Espainia) hiri hondakinen kudeaketari buruzko eztabaidan. Erregai solido berreskuratuak. Etorkizuneko aukerak(68) zuen izena Palominoren saioak. «Espezifikazio hori onartzeak erraztu dezake ESB erabiltzen duten instalazioentzat baimenak ematea», adierazi zuen. «Industria sektore ugarik dute interesa Europako lege markoek bultza dezaten hondakinak erregai alternatibo gisa erabiltzea», ohartarazi ostean, Palominok argitu zuen errauste planta ez diren baina hondakinak erretzen dituzten industrientzat ez dagoela zehaztua nola egin behar diren ESB horiek. Hortik dator, beraz, ESBei buruzko espezifikazio teknikoak adostearen garrantzia. Eta garrantziaren neurriko erantzuna eman zuen Normalizaziorako Europako Batzordeak, adostasunera iristeko arazorik gabe, eskatu zitzaion bezala. Esan behar da Juan Carlos Lopez Agui espainiarra dela normalizaziorako erakunde horren presidentea, kasualitatez Zementuaren eta Beronen Aplikazioen Espainiako Institutuko zuzendari nagusi ere badena. Bide batez esanda, batzorde horretako kide da Javier Ansorena Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen zerbitzuburua —Europa osoko milaka teknikarik esku hartzen dute Normalizaziorako Europako Batzordean, klase askotako lan teknikoak egiten—.

«Espezifikazio teknikoak onartzeak ekarri beharko luke inplikatutako agenteek ESB gehiago erabiltzea», nabarmendu zuen Palominok 2007an. Argi dago, beraz, zein izan zen Normalizaziorako Europako Batzordearen zeregina: errauste plantez aparteko beste industria sektore batzuetan erraustea sustatzeko irizpide argiak jartzea. Palominok hitzaldi hartan aztertu zuen, hain justu, ESBak zein industriatan erabili ahal izango liratekeen, eta zer aukera eta zailtasun dituzten horretarako: zementu fabrikak, siderurgia, papera, zeramika… Baita zentral termikoek ere. Palominoren hitzetan, bost milioi tona ESB erabili ahal izango lirateke, urtero. Eta argi esan zuen zementu fabrikak direla «erabilera potentzial handiena» dutenak.

Hondakinen kudeaketarako hierarkiak zirrikituak utzi dituen bezala, industrian hondakinak erregai gisa erabiltzeko espezifikazio teknikoak ez du salbuespenetarako argudiorik utzi.

Koronel honek bai, baditu soldaduak.

————————-

(66) Arazo bat badu Zabalgarbik. Ezker Batuak Bilboko udal gobernua osatzeko baldintzen artean jarri zuen Bizkaiko hiriburuko hondakinak ez erraustea, eta udala betetzen ari da baldintza hori. Zabalgarbik, hartara, erre ahal izango lituzkeenak baino askozaz ere hondakin gutxiago erretzen ditu. Eta hori ez da errentagarria. Urrutirago joanda, diputazioak hondakin gutxiago sortzeko helburua jarriko balu, oraindik eta arazo gehiago izango lituzte Bizkaiko errauste plantak. Horregatik ez da komenientziazkoa hondakinak gutxitzeko politikak abiatzea, eta horregatik egiten dira «hondakinen kopurua ez handitzeko» planak. (Bilboz aparte, Etxabarri da hondakinak Zabalgarbira eramaten ez dituen Bizkaiko udalerri bakarra).

(67) Los residuos urbanos, una fuente de energia renovable y sostenible, jatorrizko gaztelaniaz.

(68) Combustible solidos recuperados. Expectativas de futuro, jatorrizko gaztelaniaz.

Beste itu pare bat, gailurrera heldu aurretik

2010/12/27 § Iruzkin 1

Eman dezake lauzpabost guru eta liderren kontua dela hondakinak erretzea, eta ez da hala, ezta inondik ere. Artikulu honen asmoa zen aztertzea zergatik erabakitzen den hondakinak kiskaltzeko politiken alde, zergatik instituzioek erabakitzen duten praktika garesti eta arriskutsuen alde, eta hori jakiteko lagungarri izan daiteke zenbait pertsonak, haien arteko harremanak eta haiek gidatzen dituzten erakunde publiko eta pribatuen arteko harremanak ezagutzea. Artikulu honetan ageri diren izen-deitura propioak, izozmendiaren muturra baino ez dira. Izan ere, Xabier Garmendia ez dago bakarrik; baditu adiskideak, esate baterako, Emiliano Lopez Atxurra.

2010eko martxoan eremu publikora jauzi egin zuen Lopez Atxurrak: Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak sortu zuen «jakintsuen batzordeko» kideetako bat da ordudanik. Petronorreko kontseilari da Lopez Atxurra, eta baita Gas Naturaleko kontseilari eta akziodun ere. Ezin da ahaztu, egun, gasa dela erregai fosil zaharren ordezko gisa erabiltzen ari den energietako bat. Energiaren Euskal Erakundeak argi azaldu du energia mixa eraldatzeko oinarrietako bat dela gasa. Eta gasa erabiltzen da, besteak beste, Zabalgarbikoa bezalako errauste plantetako labeei indarra emateko.

Negozio horiez gainera, legelaria da Lopez Atxurra, izatez, eta administrazio kontseilu ugaritako kide eta aholkulari izan da. Euro-Defi, Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, Kutxa, Instituto Vasco de Competitividad, International Bank Consulting, Consultores de Financiacion Internacional, Asesores Juridicos Asociados, Actuaciones Actividades e Inversiones Inmobiliarias, Novia Salcedo fundazioa(65), Compañia Electrica para el Desarrollo Sostenible… Horiek guztiek ezagutu dute Lopez Atxurraren aholkularitza. Euskal Herriko Unibertsitatean, Deustuko Unibertsitatean, Bordeleko Unibertsitatean eta Paueko Unibertsitatean (Okzitania) irakasle aritua da, gainera. Bestalde, DPA Desarrollo y Proteccion Ambiental enpresako bazkide da —DPAk sinatu ditu Gipuzkoako eta Bizkaiko hondakinen kudeaketarako planak—. Sasieta Mankomunitateak, 2000 urtean, clinker labeetan esperimentuak egiteko agindu zuen ikerketa ere DPAri esleitu zioten.

Itzalean ez ezik, argitan ere baditu adiskideak Xabier Garmendiak. 1990eko hamarkada bukaeran eta 2000koaren hasieran, PSE-EEren eta PPren artean loturak estutzeko saiakera egin zuen Nicolas Redondo Terrerosek, garai hartako PSE-EEko Euskadiko idazkari nagusiak. 2002an alderdiko idazkaritzara aurkeztu zen berriro, eta Garmendia izan zen haren hautagaitza babestu zuenetako bat. Redondo Terrerosek ez zituen hauteskundeak irabazi, eta beste nonbait bilatu behar izan zuen soldata.

Lortu ere bai: 2008ko ekainaz geroztik, FCCko kontseilari independentea da Redondo Terreros. Eta argigarria da jakitea Cementos Alfa enpresako kontseilari ere izan zela PSE-EEko buru ohia.

Laguntza pixka bat, ez da kalte, bidea egiteko. Eta ituak lagungarri badira ere, bidea da inporta duena. Artikulu honetan ageri diren izen-deituren berri izateak ez du ezertarako balio, ez bada res publica delako horren gaurko egoeraz hausnarketa sakona egin behar dela ondorioztatzeko. Haiek ez balira itu, beste batzuk lirateke, azken buruan demokrazia eredu honen beraren barneko akatsa baita. Nork eta nola fiskalizatu behar lituzke adiskidantzak, afinitateak eta presio taldeak? Besterik ezean, herritarrek jakin beharko lukete botoa nori ematen ari diren, eta zein adiskide eta sozio dituzten, eta norentzat lan egiten duten. Ez da asko eskatzea, boto horiez baliatuko direnek (eurenak ez diren) milioika euro banatuko badituzte gero. Baina gauza sinpleak diruditenak izan ohi dira konplikatuenak; nola da posible, bestela, feudalismoak hainbeste mende irautea?

————————-

(65) Novia Salcedo fundazioak orain berri banatu ditu bere sariak, eta ―zer diren kasualitateak― Ricardo Diaz Hotchleiner Club of Romeko ohorezko presidenteari eman dio Ad Honores Saria. Felipe Borboikoa eta Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izan ziren sari banaketako ohorezko gomitatuak. Lopezek aprobetxatu zuen, bide batez, iragartzeko Novia Salcedo fundazioarekin lankidetza hitzarmena sinatuko duela Jaurlaritzak.

Teknologia gehiago, hau gerra da

2010/12/20 § Utzi iruzkina

Udan eztabaidagai izan da nola fusionatuko diren Tecnalia osatzen duten ikerketa taldeak, non kokatuko diren egoitzak, eta zein diputaziori ordainduko dizkioten zergak. Ez da broma: Europa hegoaldeko ikerketa korporazio handiena izango da Tecnalia, fusioa eta gero. Inasmet, Labein eta Robotiker teknologia zentroek abiatu zuten, 2001ean, Tecnalia. Geroztik, Fatronik, Cidemco, Azti, ESI European Software Institute eta Neiker gehitu zaizkio. Laster batean, Euve eta Leia batuko dira.

«Merkatu berrietara eta tamaina handiagoko proiektuetara» iristeko xedea aitortu zioten, aurkeztu zuten egunean, korporazio berriari. «Korporazio teknologiko diziplinartekoa, pribatua eta independentea da, inguru ekonomikoaren eta sozialaren garapenari laguntzea helburu duena, berrikuntza teknologikoa erabiliz eta sustatuz». Abiapuntu hain malguarekin, esan liteke Tecnaliak ez duela mugarik: dirua eman lezakeen orotan ditu ikerketa lerroak zabalik(64). Hartara, ez da harritzekoa hiri hondakinak «aprobetxatu/berrerabili eta balioztatzeko» lerro bat edukitzea korporazioaren barruan; are normalagoa da, aintzat hartzen bada Labein zementu enpresen ekimenez sortu zela —Nicolas Gaminde izan zen, bolada batez, bai Labein, bai Tecnaliako presidente—.

Baina ez da aski. Biomasari buruz ere lan egiten du Tecnaliak. Eta aldaketa klimatikoan eta iraunkortasunean. Eta efizientzia energetikoan. Eta energiaren kudeaketan. Eta beste hamaika esparrutan. 2009ko martxoan zabaldu zuenez, esaterako, «jakien industriako soberakinak» erabiliz biogasa sortzeko proiektu batean buru-belarri ari da Tecnalia. Derion (Bizkaia) probatzen ari ziren biogas planta horrek digestio anaerobioa erabiltzen du, metano gas ugariko biogas bat lortzeko eta, horrekin, energia elektriko eta termikoa sortzeko. Prozesu horretan jakien industriako zein soberakin erabiltzen dituzten ere azaldu zuen Tecnaliak: araztegietako lohiak, abereen  kakak, fruta eta barazki merkatuetako soberakinak, laktoseruma, arrantzako soberakinak eta akuikulturan hildako arrainak, besteak beste. «Biogas plantarekin, hondakin organikoek ingurumenean sortzen duten eragina gutxitzea posible da», zehaztu zuen Tecnaliak; «negutegi efektuko gasen isurketak murrizten dira, usainak nabarmen gutxitzen dira eta hondakinen azken balioa hobetu egiten da. Ondorioz, ingurumen eta gizarte eskakizunetara molda daiteke industria». Tecnaliak, bistan da, begi onez jotzen du hondakinak erraustea.

Aipatutakoez gainera, Tecnaliak badu «ingurumen industria» izeneko atal berezi bat. Plastikoak berreskuratzeko, hondakinak lehengai bilakatzeko, hondakin organikoak desegiteko, «balioztatze energetikorako», «hondakin organikoekin energia berriztagarriak sortzeko», prozesu termikoetan sortutako CO2 gutxitzeko, lohiak tratatzeko eta jakien industria sektoreko hondakinak berreskuratzeko teknologiak garatzen dihardu atal horretan. Ikusten denez, badago hondakinak non aprobetxatua, beti egin den bezala zerrietara bota edo konposta egin gabe ere. Ondorioa argia da: errentagarriagoa da argindarra sortzea, zerriak haztea baino, argindarra jan ezin bada ere.

Tecnalia ez da zerrendatutako esparruetara mugatzen: zementuaren, etxeak eraikitzeko teknologia berrien, informazio eta komunikazio teknologien, hegazkinen, ingurumenaren… esparruan irekiak ditu ikerketa eta negozio lerroak. Tecnaliako kide dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan nor diren enpresa gehienak, eta baita instituzioak ere. Hor daude, esaterako: Cementos Lemona, Cementos Rezola, Iberdrola, Idom, Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoa, Eusko Jaurlaritzako sail batzuk, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak… Gipuzkoako Foru Aldundiak Tecnaliari emandako diruekin finantzatzen dira, adibiderako, zementu industriarentzako ikerketa eta berrikuntza proiektu zenbait. Dena kutsatzen da: inoiz frogatuko balitz hondakinak erraustea arriskutsua izateaz gain kaltegarri ere badela… zer egingo luke foru aldundiak? Diru laguntzak kendu eta kontratuak ukatuko lizkioke Tecnaliari?

Ikerketa eta garapenari eta jakintzaren industriari ematen zaie, orain, salbazioaren giltza. Krisialdiko portutik irteteko ontzi berria ei dira, eta Tecnalia da itsasontzi horren motorretako bat. Izan ere, teknologiaren bidez arazo guztiak konponduko diren ustea dute ingeniariek: amildegia dagoen tokian porlana bota eta zubia egitea bezain erraza da. Teknologia bedeinkatu hori izango da, egunen batean, zabor nuklearra bera ere desegiteko gai izango dena.

Josu Jon Imazek 2009an Donostian eman zuen hitzaldian, aldareraino goratu zuen teknologia:

Uste duzue ikatzaren erabilera jaitsi dela, bukatu egin delako? Ez, noski. Jaitsi da beste teknologia lehiakorrago batzuek ordeztu dutelako. Yamani jekeak ―ministroa zen Saudi Arabian― esan zuen: «Harri Aroa ez zen amaitu harriak bukatzearekin; petrolioaren aroa ere ez da bukatuko petrolioa bukatzearekin». Gauzak ez dira bukatzen agortzen direlako. Gertatzen dena da teknologia jakin batzuk lehiakorrago bihurtzen direla eta ordeztu egiten dituztela beste teknologia batzuk. Energia garapenaren gakoa teknologiaren eboluzioan dago, zeina berrikuntzak laguntzen baitu. Logikoki, berrikuntzari lagundu behar zaio, sariekin, tarifa bereziekin, eta fiskalitatearekin. Egungo teknologiak ordezkatzeko, berrikuntza teknologikoa sustatu behar da, eta hor fiskalitateak leku garrantzitsua izan dezake.

Teknologiek, garatzeko, egonkortasun politikoa behar dutela, laguntza jarraitua, nabarmendu zuen Imazek. Teknologia, izan ere, ongiaren eta gaizkiaren gainetik dago. «Boluntarismo gutxiago eta teknologia gehiago», sententziatu zuen Imazek: «Demokrazia gutxiengoen eta gehiengoen jokoa da; zilegi da, baina ezin dugu administrazio aldaketen mende egon… Horrek ez du garapen teknologikoa laguntzen».

Errauste plantek «puntako teknologia» izango dutela saldu ohi dute eraikitzen dituzten administrazioek, eta gero ezbeharrak gertatzen dira, 2009an Zabalgarbin bezala. Horrekin parrez par, atez ateko hondakinen bilketa sustatzen dutenek maiz aldarrikatu dute herritarrak direla hondakinen kudeaketarako «teknologia onena». Aipua ez da doakoa. Jorge Sendagorta Senerko buruak 2008ko ekainean eman zuen elkarrizketarekin akordatu besterik ez dago: «Konponbidea geneukanez, [Zabalgarbiko] plantaren eraikuntza sustatu genuen». Gauzak modu zentzudun, sinple, erraz, arrazoitu eta naturalean egiteak baino gehiago balio du —hau da, diru gehiago sortzen du— gauzak modu konplexu, kutsatzaile, arriskutsu eta garestian egiteak. Teknologiak dena konponduko du, teknologiak dena konplikatu ostean.

Baina, endogamiara itzuliz, besoko ileak lazten dituena, zera da: Zabalgarbiko plantaren ingurumen baimen bateratuaren jarraipena ere etxeko morroiak egiten duela: Tecnaliak, alegia.

————————-

(64) Industriak sortu, eta industria sektoreak zerbitzatzea helburu badu ere, finantzaketaren %46 inguru publikoa izan zuen, 2008an, Tecnaliak.

Endogamia

2010/12/13 § Utzi iruzkina

«Zementuaren munduan lanean hasten dena ez da inoiz handik ateratzen, bere bizitzan fraguatua gelditzen da». Agustin Iturriaga hogei urtez izan da Bizkaiko Industria Ingeniarien Elkargo Ofizialeko dekanoa. Omenaldia egin zioten 2008ko martxoaren 15ean, eta orduan esan zituen hitzok. Iturriaga 1954an hasi zen ingeniari bezala lanean, Cementos Rezolaren Arrigorriagako plantan; 1993an utzi zuen, ia 40 urtez bertan lan egin eta gero. Omenaldiaren harira, elkarrizketa egin zion Deia kazetak. Han aitortu zuen Lemoizko zentral nuklearra eraikitzeko garaiak egin zitzaizkiola gogorrenak ―plantan egon ziren bi zuzendariak, ingeniariak, hil zituen ETAk, eta horrek «kommozio handia» sortu zuen ingeniari eskolan―. «Gerora, baretzen joan dira kontu horiek, baina garaiotan, proiektu bat egin nahi den bakoitzean, kontra dagoen koordinadora bat sortzen da»; Iturriagak horrela laburtu zuen 30 urteko gizarte gatazken historia. Beti dago norbait kontra eta, luzera, ernegatzeko modukoa da hori, noski.

Zementu fabrikan 39 urtez lanean, eta Ingeniaritza Eskola Ofizialeko dekanotzan beste 20: zementuari eta ingeniaritzari eman dio bizitza. Baina Iturriaga ez da zementu enpresekin harremanak dituen ingeniari bakarra, normala denez. Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoak badu fundazioa, eta esanguratsua da bertako patronoen zerrenda: Iturriaga bera lehendakariordea da; Sener Ingeniaritza eta Sistemak taldeko zuzendari nagusia, Jorge Unda, fundazioko mahaikidea da; Nicolas Gaminde Cementos Lemonako burua ere mahaikidea da… Iturriagari egindako omenaldira joan zen Gaminde eta, hura bezala, ekitaldian izan ziren beste asko, Juan Andres Legarreta, adibidez. Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoan kargu garrantzitsuak izan ditu Legarretak, eta fundazioko diruzaina da. Gauzak zer diren, ISR fundazioko aholkulari zientifikoetako bat ere bada Legarreta. 2009an Iruñeko Baluarte Jauregian CEMAk antolatu zuen saioko hizlarietako bat izan zen, eta zementu fabriketan hondakinak erretzea azken hamarkadetako aurrerapen handienetako bat izan dela defendatu zuen. Legarreta elkarlanean aritua da FCCko balioztatze energetikorako arduradunarekin, Carlos Urzelairekin: Partikula eta metal pisuen igorpenen mugako balioak: Europako eta Amerikako Estatu Batuetako araudien arteko konparaketa(62) ikerketa kaleratu zuten biek 2003an. Lan hura Elena Guedek ere sinatu zuen —Cementos Lemonako Kalitate Kontrolerako eta Ingurumeneko arduraduna da Guede—.

Ingeniaritza industriaren habeetako bat erakutsi zuen txosten horrek, besteak beste. Izan ere, Bologna prozesua ezartzen hasi baino lehenagokoak dira ingeniaritza eskolen eta enpresa munduaren arteko harreman estuak. Aurten, urtarrilaren 22an, «ikerketa eta garapen alorreko konponbide aurreratuak garatzeko» gela bat inauguratu zuten Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoan. Biomasa «balioztatzeari» buruzko, porlanari buruzko eta isurketei buruzko «konponbide aurreratuak» garatuko dituzte bertan. Denak ere, oso esparru interesgarriak dira enpresentzat, zementuaren enpresentzat batik-bat. Xabier Garmendia, ingeniari eta Eusko Jaurlaritzako ordezkari legez, gela berriaren aurkezpenean izan zen. Baina hori baino esanguratsuagoa da aurkezpenera gomitatu enpresen zerrenda: Sener, Cementos Lemona, Cementos Rezola, Petronor, Tecnalia, EEE, Ihobe, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa, Salia eta Idom.

Itxuraz ez du zerikusirik: 2010eko otsailaren 22an, hamalau parke eoliko egiteko baimenak desblokeatu zituen Eusko Jaurlaritzak, Garmendia Energia sailburuorde izanik. Hauek dira, El País kazetaren arabera, negozio horretatik etekinik ateratzea espero duten enpresak: Petronor, Iberdrola, Sener, Gamesa, MSS, Guascor, Tecnalia, IK4, EEE eta Idom. Oholtza aldatzen da, baina aktoreak berak dira, eta kezka bakarra da: erregai fosilak amaitzen badira, nola biziraungo du kapitalismoak egungo produkzio eta kontsumo mailei eusteko eta, ahal bada, handitzeko? Energia berriztagarriak dira giltzarrietako bat, eta horretan ari dira ingeniaritza eskolak eta enpresa zerrenda horiek eskutik helduta. Horrela soilik uler liteke Petronor bezalako enpresa bateko arduradunak, Josu Jon Imazek, energia berriztagarriei ―eta nuklearrari― egiten dien apologia. Horrela soilik uler liteke Al Goreren neurriko jendeak aldaketa klimatikoaren aurka kanpaina erraldoi eta subentzionatuak antolatzea. Ez da broma, ezta ere, orain gutxi Barack Obama AEBetako presidenteak eman duen dirutza jatorri ez fosileko energia iturriak sustatzeko ―hain justu, Iberdrola izango da onuradunetako bat―.

Baina energia berriztagarriek badute problema handi bat, eta da naturaren erritmoa jarraitzen dutela: eguzkirik ez bada, plakak ez dira berotzen; urik ez bada, errotak ez dira higitzen; haizerik ez bada, parke eolikoak geldirik daude. Eta alderantziz: eguzki gehiegi egiten badu, plakak ez dira gai bero guztia baliatzeko; ur gehiegi badator, errotak gainezka egiten du; haize gehiegi badabil, parke eolikoetan sortutako energia guztia ezin da pilatu. Parke eolikoetan ikusi dute inbertsio garbiena enpresa zerrenda horiek: energia berriztagarrien artetik, inbertsio eta errentagarritasun maila orekatuenak dituen teknologia da, oraingoz. Baina Josu Jon Imazek argi azaltzen duen bezala, teknologia horrek ez du bermatzen elektrizitate hornidura. Energia asko kontsumitzen duten enpresa handiek, esaterako, gorriak ikusi beharko lituzkete energia guztia parke eolikoetatik etorriko balitz.

Ziklo konbinatuko plantak osagarri eraginkorrak dira horretarako: nahi denean piztu, eta nahi denean itzal daitezke. Energia eoliko gutxi sortzen den aldietan, sistemaren hornidura bermatzeko aukera ederra dira ziklo konbinatuak ―Gipuzkoan halako baten falta sumatzen duela esaten dabil Imaz azken boladan, eta Pasaiako Portu Agintaritzak kanpoko kaiaren egitasmoan kokalekua gordea dio―. Hiri hondakinak errausteko Zabalgarbikoa bezalako plantak ere baliagarri izan litezke ezintasun hori orekatzeko, adibidez: energiaren sorrera erregula dezakete, behar gehien den aldietan ―ordu eta urte sasoi jakinetan, alegia― energia gehiago sortuta. Susmoak susmo, teknologia horiek guztiak garatzeko ikerketa lerro interesgarriak eskaintzen dituzte ingeniari eskolek; diru galerarik ez denez, eta inbertsioa ere minimoa denez, bestela enpresetan aztertzea ere pentsatuko ez lituzketen proiektuak probatzeko laborategi apartak dira.

Honek ere ez du, itxuraz, zerikusirik: 2010eko apirilaren 11n bizikleta martxa bat egin zuten talde antimilitarista eta ekologista batzuek Bilboko inguruetatik. Sener eta ITP enpresen aurretik igaro zen bizikleta martxa, eta Kakitzat taldeko kide Oskar Arandak Berria kazetan azaldu zuen armagintza industriaren sareak urrutira hedatzen direla, politikariak eta unibertsitateak besarkatuz. Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoak, hain justu, esparru aeroespazialean trebatu zituen, zortzi urtean, 200 ingeniari. Aeronautikako Gela delakoan graduondokoa egiten dute, urtero, 25 ikaslek, eta den-denek armagintzari lotutako enpresetan lanean bukatzen dute, Senerren, esate baterako.

Honek ere ez du loturarik, itxuraz: joan den martxoan Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak «jakintsuen batzordea» osatu zuen, krisialdi ez soilik ekonomikoari aurre egiteko. Hauek dira batzordean, aldez edo moldez, ordezkatuta dauden enpresetako batzuk: Iberdrola, Sidenor, Mondragon korporazioa, Innobasque, BBK, Ibermatica, CAF, Gamesa, Aernnova, REE, Idom, Telecinco, Algeposa(63), BBVA, Euskaltel eta Petronor. Josu Jon Imaz bileretara joaten da eta baita Emiliano Lopez Atxurra ere, Xabier Garmendiaren DPA enpresako sozioa. EHUko ekonomia aplikatuko hiru irakasle ere badaude batzordean. Irakasle gehiago ere badira batzordean, baina gehienak enpresaren bateko ordezkari edo aholkulari dira, irakasle izateaz aparte; CCOOko eta UGTko sindikalista ohi pare baten parte-hartzea gorabehera, «jakintsuen batzordea» baino gehiago, «enpresarien gobernua» ematen du. Eta, hara, batzorde horrek bi lan talde sortu ditu, eta «euskal sektore estrategikoak eta haien etorkizuna» aztertuko dituen taldera eraman dute Xabier Garmendia, beste askoren artean.

Nolanahi ere, ez da izutzekoa «jakintsuen batzordea». Erakunde publiko batek deituta mahai beraren bueltan esertzen diren lehen aldia izango da, akaso, baina seguru ez dela gela berean elkarrekin topo egiten duten lehen aldia. Ez dago lobby-ez publikoan hitz egiteko ohitura handirik, baina, galiziarrek sorginei buruz dioten bezala, «haberlas haylas» (egon badaude, galegoz), eta antz kutsu susmagarria dute endogamiarekin. Esan ohi da odola mehetzen duela endogamiak, baina ez bide da lobby-en kasua. Honek guztiak ez du loturarik, itxuraz, hondakinak erraustearekin, baina galdera beste bat da: non hasi eta non bukatzen diren zirkulu itxi baten puntuak?

Totum revolutum hau guztiz nahasteko, beste apunte txiki batzuk. 2010eko ekainaren 3an eta 4an, aldaketa klimatikoari buruzko jardunaldiak egin zituzten Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak. Bi mahai-inguru egin zituzten, Krisia eta eredu energetikoaren aldaketa, eta Aldaketa klimatikoa eta energia, enpresentzako aukerak. Bigarren horretan izan ziren Gamesa, Guascor, Iberdrola eta Gasteizko Mercedes-Benz lantegiko ordezkari bana, baita FCCko ordezkari bat ere, Carlos Urzelai. Xabier Garmendiak gidatu zuen mahai-ingurua eta, horren aurretik, hitzaldi bat ere eman zuen, Ekonomia, teknologia eta enplegu aukerak energiaren esparruan izenekoa. Jardunaldiek bazuten patrozinatzaile bat —FCC—, eta bederatzi laguntzaile —Tecnalia eta EHU tarteko—.

FCCk badu jardunaldiak patrozinatzeko joera, bistan denez: 2006ko ekainean, ISR fundazioak antolatutako beste jardunaldi batzuk ere patrozinatu zituen, Castellon (Herrialde Katalanak). Jardunaldi haiek laguntzaile bakar eta berezia izan zuten: Cajasur, orain erreka jo, eta BBK-k erosi duen banku hori bera. Eta, dena nahasten bukatzeko, Caja Sur izan da ISR-ren beste ikerketa bat, hondakinen bilketa selektiboari buruzkoa —Casta Diva izenekoa—, lagundu duen bankua. Izan ere, kontua da ISRk Caja Surren duela kontua: antolatzen dituen jardunaldietarako ordainketak —batere merkeak ez direnak, bestalde— banku horretako kontu batean egin behar dira.

Caja Surrek erreka jo eta BBK-k bere gain hartu duenez gero,  Bizkaiko kutxak patrozinatuko ote ditu orain ISR-ren ikerketak?

————————-

(62) Valores límite de emisión de partículas y metales pesados: comparación entre la reglamentación en Europa y en Estados Unidos, jatorrizko gaztelaniaz.

(63) Orain berri, Algeposa taldeko Railsider Logistica Ferroviaria enpresarekin hitzarmena sinatu du Eusko Jaurlaritzak ―Algeposa enpresako jabea, Maria Luisa Guibert, Gipuzkoako familia dirudunetako bateko senidea da―. Gipuzkoa eta Bizkaiko trenbide sare estutik salgaien garraioa handitzeko beharrezko azpiegiturak garatuko dituztela azaldu zuten prentsa oharrean. Esanguratsua da hitzarmenaren esparrua, izan ere errepide bidezko salgaien garraioa izugarri handia da bi herrialde horietan, eta tren bidezkoa oso mugatua. Gasolina bezalako erregai fosilaren mendekotasunak aztoratuak dauzka instituzio publiko eta pribatuak, eta ahalegin serioak egiten ari dira salgaien garraioa errepideetatik trenbideetara eramateko. Frantziako Gobernuak tren lasterrari aitortzen dion helburu nagusia horixe bera da. Energia krisia ageri da beraz, berriz ere, garraio logistikei lotuta.

Bi bazkide handi: Zabal eta Garbi

2010/12/06 § Utzi iruzkina

1997 eta 2001 artean, 600 milioi pezetako inbertsioa egin behar zuen Bizkaiko Foru Aldundiak, konpostatzeko planta bat eraikitzeko; 85 milioi inbertitu zituen lau urtean. Zabortegiak egokitzeko, 4.179 milioi pezetako inbertsioa konprometitu zuen Aldundiak hondakinen kudeaketa planean; 1.061 milioi pezeta jarri zituen. Aldiz, 2.810 milioi pezeta jarri behar zituen Zabalgarbiko errauste planta egiteko; eta 3.313 milioi euro jarri zituen(52). Ikusten da, inbertsioak egiteko orduan, zein den Aldundiak jarraitu duen hondakinen tratamendurako hierarkia; ez, behintzat, Europako Batasunak ezarritakoa. 2001ean, konpostatze plantarik ez, baina errauste planta eraikitzen hasi ziren Bizkaian.

Zeintzuk dira, baina, Zabalgarbiren atzean dauden bazkideak, gisa horretako inbertsioak eginarazteko?

Zabalgarbi(53) enpresako bi akziodun nagusiak dira FCC eta Sener. Zabalgarbi eraikitzeko elkartea sortu zelarik, 2000 urtearen bueltan, Senerrek hartu zituen akzioen %20. FCC ez zegoen negozio hartan; Vivendi Frantziako multinazionalak zuen akzioen %25. Gainerako akzioak era honetan banatu ziren: Bizkaiko Foru Aldundiak %20 hartu zituen; EEE Energiaren Euskal Erakundeak, %10; Espainiako Gobernuaren ordezkari gisa, Aurrezte eta Dibertsifikatze Energetikorako Institutuak(54), %10; Ezkerraldeko Udalen Mankomunitateak, %5; BBK-k, %5; eta Babcock & Wilcox-ek, %5. Zabalgarbi barruko botere banaketa pitzatzen joan da urteekin, ordea. Vivendi, Babcock & Wilcox eta Aurrezte eta Dibertsifikatze Energetikorako Institutua desagertu egin dira akziodunen zerrendatik. Egun, FCC eta Sener dira Zabalgarbiren %60 kontrolatzen dutenak, bakoitza akzioen %30 ingururekin. Diputazioarenak dira %20; EEErenak %10; Ezkerraldeko Udalen Mankomunitatearenak %5; eta BBKrenak(55) beste %5.

2009ko urtarrilean lehertu zen eskandalua. Juan Ignacio Unda Zabalgarbiko presidentea eta Domingo de la Sota finantza zuzendaria beren karguetatik kendu zituzten, eta Bizkaiko Foru Aldundia ernegaturik agertu zen Zabalgarbiren ia bi herenak esku pribatuetan zeudelako. Undak eta De la Sotak Madoff estatubatuarraren funtsetan 3,7 milioi euro galdu zituztela, administrazio kontseiluari batere konturik eman gabe, jakin zuen garai hartan Bizkaiko Diputazioak. Sener kargugabetzeen aurka agertu bazen ere, urtarrilaren 27an postutik kendu zituzten Unda eta De la Sota. Hamabost eguneko epean erabaki zuten biei 3 milioi euro inguruko kalte-ordaina ematea Zabalgarbiren izenean(56).

Urte traketsa izan zen 2009koa Zabalgarbirentzat. Langileek hiru greba egin zituzten, lan itunaz negoziatu ezinik, maiatzaren 31tik ekainaren 2ra; urte osora luzatu zen gatazka. Uztailean kutsadura arazoak agertu zitzaizkion Bizkaiko errauste plantari. Berez ihes egin behar ez duten gai toxiko batzuk lurrera filtratu ziren, eta inguruko erreka bat kutsatu ote zen ikerketak abiatu zituzten; Bilboko ur hornidura mehatxupean egon zen. Isuna, nolanahi ere, hutsaren parekoa izan zen: 30.000 euro. Kutsadura ez omen zen aski frogatu, eta horregatik murriztu zioten isuna; galdera da, zergatik jarri zioten isuna, hortaz, kutsadura ez bazen aski frogatu?

Ingurumen aldetik hori ez bazen albiste ederrena izan, ekonomia aldetik ere ez zuen berri onik izan Zabalgarbik 2009an. El País kazetak 2010eko martxoaren 3an eman zuen Zabalgarbiko galerei buruzko berria: «Zabalgarbiren diru sarrerak %9 erori dira». Azpititulua: «Plantak %8 energia gehiago sortu nahi du». Baina egiazko albistea testu barruan aurkitu behar zen: «Zabalgarbik 2008an baino %32 hondakin gutxiago erre zituen 2009an. 2008an 337.000 tona hondakin erre zituen enpresak ; 2009an 229.000 tona hondakin erre zituen. Helburua du, 2010ean, 237.000 tona hondakin erretzea»(57).

Zabalgarbik hondakin gehiago behar ditu errentagarri izateko; 8.000 tona gehiago bai, behintzat. «Energia sortzeko prozeduragatik Industria Ministerioak ematen dion sariagatik salbatu da Zabalgarbi», salatu zuen El País kazetak. Alegia, Espainiako Gobernuak energia berriztagarria sortzeagatik ematen dituen sariek salbatu zutela Zabalgarbiren jarduna. 2009an, %12 jaitsi zitzaizkion elektrizitate salmentak; hala ere, 5,5 milioi euroko negozioa egin zuen. Alde horretatik, esanguratsua da Argentonako (Herrialde Katalanak) zinegotzi batek, Assumpta Boba Cavallek, aurten Hernanin (Gipuzkoa) eman duen hitzaldian adierazitakoa: «Errauste plantak, behin eraikita, inoiz ez dio utziko erretzeari, amortizatu egin behar delako. Txinara ere joango dira hondakinak bilatzera, beharrezko bada». Esan beharrik ez dago Argentonak errauste planta bat daukala kilometro gutxira.

Kudeaketa arazoen, kontaminazioen eta diru galeren gainetik, Madoffeko funtsetan Zabalgarbik galdutako milioi euroak izan ziren Bizkaiko Foru Aldundiak behar zuen aitzakia. Erakunde publikoek Zabalgarbin duten parte-hartzea handitu behar dutela adierazi zuen diputazioak 2009ko irailean, eta zuzendaritza aldatzea erabaki zuen, errauste plantaren gaineko kontrola berreskuratzeko asmoz, nahiz eta FCCk eta Senerrek jarraitzen duten plantaren akzioen %60 inguru edukitzen. Iosu Madariaga Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen diputatua jarri zuten presidente orduan eta Xabier Garmendia, EEEko ordezkari gisa, presidenteorde. Biak ISR institutuko kide dira, bide batez esanda.

Gipuzkoako Foru Aldundiak zer edo zer ikasi du Zabalgarbin gertatu denaz, eta erabaki du errauste plantaren jabetza guztia, %100, publikoa izango dela, hala ziurtatu du behintzat Carlos Ormazabal Garapen Iraunkorreko diputatuak. Errauste planta eraiki eta kudeatzera aurkeztu direnen zerrenda ere ezagutzen da honezkero. Errauste plantak eraiki eta kudeatzen tradiziorik batere ez duten enpresak daude tartean, baina baita ibilbide luzekoak ere. Honezkero, esperotako besterik ez da El Diario Vasco kazetak publikatutako zerrendan Sener, Urbaser eta FCC daudela irakurtzea.

Zabalgarbiko planta, hain justu, Senerren teknologiarekin eraiki zen. Eta FCC da, haren VTR Valorización y Tratamiento de Residuos filialaren bidez, planta kudeatzen duena. FCCk 25 urterako jaso du Zabalgarbiren kudeaketa. Enpresari 538 milioi euroko negozio kartera ekarriko ziola, hori ere azaldu zuen FCCk. Gipuzkoako errauste plantaren kudeaketa ere 25 urterako eskainiko duela iragarri du Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak: bost urtean 50 milioi euro inguruko kostua izango du mantenimenduak. Argi dago, lehiaketa hori oraindik egin ez bada ere, FCCk hozka egin nahiko diola mauka horri, Bizkaian egin duen bezala.

FCCk, izan ere, esperientzia luzea du hondakinen kudeaketan. Hego Euskal Herriko hiri eta herri gehienetako hondakinak biltzeaz eta tratamendu plantetara eramateaz arduratzen da; errauste plantak ere kudeatzen ditu, ez Zabalgarbi bakarrik; eta haiek eraikitzeko teknologiak ere garatu ditu. Amerikan eta Europan ere badu eraginik FCCk. Esaterako, Ingalaterrako WRG(58) Hondakinak Birziklatzeko Taldea erosi zuen 2006an. Ingalaterrako «firma handiena» ei da WRG, Cinco días kazetaren arabera, eta hondakinak errausteko plantak ere baditu. Orain egitasmo berria darabil WRGk: zabortegietan parke eolikoak jartzea. FCCk berak hamalau parke eoliko kudeatzen ditu Iberiako penintsulan, eta gisa horretako ideia bat darabil buruan: Cementos Portland Valderribas enpresako zabortegi eta harrobietan parke eolikoak edo eguzki panelak jartzea. Bestalde, Cinco días kazetak otsailean aurreratu zuenez, FCC ikertzen ari da zementu fabriketako labeetako beroa energia sortzeko erabiltzea. Berriro, sinonimo gisa ageri dira hondakinak eta energia, FCCren eskutik. 2008ko jardueraren balantzean, zementuaren kontsumoak jaitsiera izugarria izan zuela ikusirik, eta energiaren prezioek igotzen jarraituko zutela pentsatuz, hauxe nabarmendu zuen FCC taldeko Cementos Portland Valderribasek, zementuaren sektoreaz: «Energia kontsumoa eta aprobetxamendua Taldearen jarduera bat gehiago izango da, luzerako estrategia bereizia eskatuko duena». Zementu enpresak, beraz energia aktore izateko beharra eta borondatea ditu. Zementu fabriketako labeetako erregai guztien %30 fosilak ez izateko xedea agertu zuen, gainera, taldeak. «Balioztatzea» eta energia sortzea, harrezkero, «lehentasun» dira FCCko filialarentzat; hori da Jose Ignacio Elorrieta ISRko kidearen zeregina, hain justu.

FCCk ingurumen arloari lotutako jardueretan, 2007an, 23.408 milioi euroko zerbitzu kartera zuen. Valentziako komunitateko (Herrialde Katalanak) 97 herritako hiri hondakinak kudeatzeko kontratua eskuratu zuen 2009an. Bartzelonako hiri hondakinak kudeatzen ditu, Alacanten hondakinen tratamendurako planta… eta Hego Euskal Herriko hiri hondakin gehienak bildu eta kudeatzen ditu. 2009an 1.400 milioi euro inguruko irabaziak izan zituen hiri hondakinen kudeaketan soilik ―Zabalgarbikoa bezalako bederatzi planta(59) eraikitzeko adina diru, gutxi gorabehera―. FCCk hondakinen sektorean duen eraginaren adierazgarri da, baita ere, 2009ko urtarrilaz geroztik, Iñigo Sainz dela Asegre(60) Hondakinak eta Baliabide Bereziak Kudeatzen dituzten Enpresen Elkarteko presidentea. FCCko Industria Hondakinen Esplotazio zuzendaria da Sainz 2002az geroztik.

Ingurumen politikei buruzko 2008ko jarduerari buruzko  balantzean, hondakinei buruzko atalean, lau «lorpen» seinalatzen ditu FCCk:

  1. Amerikako Estatu Batuetako FCCren zementu fabriketan, lehengaien %9 hondakinak izan ziren.
  2. Sortutako hondakinen %46 berrerabili, birziklatu edo «balioztatu» egin ziren.
  3. 24,3 milioi metro kubo hondakin inerte lehengai gisa erabili ziren eraikuntzan.
  4. FCCk sortutako energiaren %33 hondakinetatik eratorria izan zen ―hor dago, tartean, Zabalgarbi―.

FCCren lanak ez dira hondakinetara mugatzen: Aqualia filialaren bidez uraren kudeaketan aritzen da ―Bizkaiko herri gehienetako ur hornidura kudeatzen du, esate baterako―; eraikuntza sektorean ere presentzia handia du ―metroak, erietxeak, estadioak… eraikitzen ditu munduan barrena; Esako urtegia handitzeko lanen ardura ere badu, beste obra polemiko bat aipatzearren―… 2009ko balantzean, 34.547,5 milioi euroko negozio kartera zuela nabarmendu zuen ―Euskal Herrirako proiektatutako AHT abiadura handiko trena sei aldiz eraiki ahal izango litzateke dirutza horrekin―. Langileei ordaindutako indemnizaziotan bakarrik, 23,6 milioi euro gastatu zituen 2009an.

Zabalgarbi errauste plantaren izenari erreparatuta, esan liteke bertako bazkide handien artean, FCC dela Zabal, eta Sener dela Garbi.

Ingeniaritza enpresen taldea da Sener, familia enpresa bat, Enrique eta Jose Manuel Sendagorta anaiek sortu zutena 1956an. Hirugarren belaunaldia da egun administrazio kontseilua gidatzen duena. Zabalgarbiko errauste teknologia haiek garatu eta jarri zuten. «Hiri hondakin solidoak tratatzeko eta kudeatzeko, mundu mailako erreferentzia da Zabalgarbi», nabarmendu du enpresako komunikazio sailak. Kasik, esan liteke errauste planta eraikitzeko ideia ere haiena izan zela. 2008ko ekainean, elkarrizketa eman zion Jorge Sendagorta Senerren egungo presidenteak El Correo kazetari. Kazetariaren galderetako bati eman zion erantzuna antologikoa da:

―Galdera: Zuek ingeniaritza oso berezia zarete. Ez dituzue, soilik, bezeroen eskaerak jasotzen, zeuen proiektu propioak garatzeaz ere arduratzen zarete.

―Jorge Sendagorta: Izan ere, era honetako enpresetan gertatzen da, askotan, baduzula ideia bat, eta ideia horren garapenean aurrera egiten duzu, eta ez duzu halakorik eskatuko dizun bezerorik. Hori izan zen Zabalgarbirekin gertatu zitzaiguna, esate baterako. Zabortegiak, barkatuko didazu adierazpena baina, egiazko txerrikeria bat dira, hitzaren esanahi hertsian. Planta horretan erakutsi dugu konponbide garbi eta efikaz bat har litekeela hondakinak tratatzeko. Konponbidea geneukanez, plantaren eraikuntza sustatu genuen, eta orain aurrera goaz, bigarren unitatearen bila.

«Konponbidea geneukanez, plantaren eraikuntza sustatu genuen». Lastima da «sustatu» aditzaren atzean zer jarduera konkretu egon ziren ez zehaztea, baina erantzuna antologikoa da.

Sendagortak hor aipatzen duen bigarren unitate hori Zabalgarbik, sortu zenetik, ireki nahi duen labe berria da. Errauste plantaren ekonomia eta bideragarritasun arazoek, ikusitakoaren arabera, atzeratu egin dute inbertsio hori. Baina txindurriek eragindako hazkura baino gutxiago nabarituko du hori, seguru aski, Sener taldeak. Milaka langile ditu, azpienpresetan banatuta, eta 2009an 920 milioi euro fakturatu zituen, esparru ugaritan aritzen baita taldea. Armagintzan, esaterako, aeronautikaren eta ikerketaren esparruan(61); Energia eta Prozesuak izeneko sail bat ere badu, eta eguzki energia termikoaren plantak, ziklo konbinatua, energia nuklearra, birgasifikatzeko teknologiak, bioerregaiak, petrokimika… eta beste eremu askotan jarduten du.

Energiak garrantzi berezia du Senerren, ordea. Enpresak hala aurkezten du bere burua Interneten: «Energiaren eta Prozesuen alorrean, Senerrek protagonismo handia izan du Espainian, energia sortzeko plantak garatzen, hasi lehen zentral nuklearrekin eta ziklo konbinatuarekin elektrizitatea sortzeko plantetaraino, eta birgasifikatzea eta eguzki energia termikoraino».

Argigarria da jakitea Petronorren Muskizko (Bizkaia) planta eraiki zenean, orain mende erdi inguru, ingeniaritza Senerrek jarri zuela. Petrolioa kapitalismoaren motorra izan zen garaian, han egon zen Sener; petrolioarekiko dependentzia hausteko, 1970eko hamarkadan energia nuklearrari eutsi zitzaionean, han egon zen Sener, lehen zentral nuklearrak eraikitzen. Orain, petrolio merkearen aroaren krisiaren atarian, kapitalismoa energia berriztagarrien motorrari eragiten hasi denean, hor dago Sener. Aitzindari da enpresa, eta horren erakusle da 2008ko martxoan Masdar enpresarekin sinatu zuen akordioa. Abu Dhabiko enpresa entzutetsuenetako bat da Masdar; energia berriztagarrien alorrean aritzeko, Torresol Energy taldea sortu dute bi enpresek. Harekin, sektoreko munduko lider bihurtzeko anbizioa dute bi-biek. 2012 arte, urtero eguzki energia termikoa sortzeko bi planta eraikitzea adostu dute. 2.000 milioi euroko inbertsioa egin dute, eta Senerrek jarri du beharrezko diruaren %60. Getxon (Bizkaia) hartu du egoitza Torresol Energyk.

Familia enpresa batek halako hazkundea edukitzea, harrigarri ere bada. Baina badituzte ispiluak, non begiratu. Jorge Sendagorta Senerko presidenteak aitortua da, enpresa hirugarren belaunaldira heldu denez, senideen arteko lotura afektiboak gero eta lausoagoak direla, eta bakoitzak bere interesak dituela. Horregatik, enpresak burtsara ateratzeko asmoa duela adierazi du Sendagortak. Baina FCCrena bezalako eredu bat nahi duela aitortu du, enpresa kontrolatuko duen «familiako akziodun nukleo» batekin. Zabal eta Garbi enpresa eredu ezberdinak dira, baina itxuraz dituztenak baino antzekotasun gehiago dauzkate. Azken buruan, ikusten denez, teknologia eta zaborra, ondo konpontzen dira elkarrekin.

————————-

(52) Horrez gain, 20.590 milioi pezeta hitzartu zituen Zabalgarbiko obrak egiteko, eta 24.468 milioi pezeta konprometitzeko ez zuen arazorik izan.

(53) 2004ko apirilean jarri zen martxan Zabalgarbi. Urtean 230.000 tona inguru hondakin erretzeko prestatu zuten. Datu bitxi gisa, aipatu behar da 2008ko maiatzean jaso zuela Zabalgarbik Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Baimen Integratua. Ia lau urtez martxan egon da errauste planta, behin-behineko baimenarekin. Bide batez esanda, Nafarroako hondakinen kudeaketa planaren eztabaidan aztergai izan dute ingurumen baimen integratu hori eskuratzeko prozedura: Zabalgarbi eredu gisa aurkeztu da Nafarroan.

(54) Instituto para la Diversificación y Ahorro Energético, jatorrizko gaztelaniaz.

(55) BBK da, akziodunen artean, administrazio kontseiluan ordezkaririk ez duen erakunde bakarra.

(56) Enpresak 40 milioi euro inguruko balioa du.

(57) Zenbaki horiek ez datoz bat urtez-urte eman dituzten datuekin. Instalazioa 230.000 tona hondakin erretzeko prestatu zutela adierazi zuten obrak hasi zirenean, eta batez beste 230.000 tona inguru hondakin erre ditu urtero. Inoiz ez dute eman 330.000 tona hondakin erre izan diren datua. Bizkaiko Foru Aldundiak emandako datu ofizialen arabera, gainera, 2009an 223.000 tona hondakin erre ziren, ez 229.000. Litekeena da El País kazetaren akatsa izatea, eta Zabalgarbik 2009an 237.000 tona hondakin erre zituela esan nahi izatea; kasu horretan, 2009an %4 hondakin gutxiago erreko zituzkeen, 2008ko datuekin alderatuta.

(58) Waste Recycling Group, jatorrizko ingelesez.

(59) 2001etik 2004ra bitartean eraiki zuten Zabalgarbi. 154 milioi euroko kostua izan zuen.

(60) Asociación de Empresas Gestoras de Residuos y Recursos Especiales, jatorrizko gaztelaniaz.

(61) Hegazkin militarrentzako turbopropultsatzaileak egiten dituen ITP enpresaren jabea da Sener, Rolls Royce enpresarekin batera.

Emaguzu gure eguneroko pneumatikoa

2010/11/29 § Iruzkin 1

Nicolas Gaminderen lantegia, Cementos Lemona, 2001ean hasi zen pneumatikoak erretzen bere labeetan(49). Baina aspaldikoa da Lemoako lantegiaren lehen ahalegina, 1996an hasi baitzen proba pilotuak egiten, jatorri ez fosileko bestelako erregaiekin. Emaitzekin gustura gelditu bide ziren: harrezkero, hamar urtean, 50.000 tona pneumatiko erre dituzte. Cementos Lemonak kilometro gutxira dago Neuciclaje SA enpresaren planta, Xabier Garmendiak 1997ko apirilean sortu zuena, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saila utzi ostean. Garmendiak berak idatzita utzi du enpresa nola sortu zen: «1996an, erabiltzeari utzitako pneumatikoen arazoa konpontzeko ereduzko saio bat egin zen gure autonomia erkidegoan, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzak bultzaturik. Saio horren ondorioz, irtenbide hau proposatu zuten: teknikoki eta ekonomikoki baliagarriak diren pneumatikoak birkautxuztatzea eta birziklatzea, eta gainerakoak zementu fabriketan erabiltzea, berreskuraturiko erregai gisa. Azkenik, Europako Batasunaren gomendio eta arauek ezarritako epearen barruan, hondakin horiek botatzeari uzteko asmoa agertu zuten saioaren bultzatzaileek». Bizkaiko Foru Aldundiak 1999an kaleratu zuen Bizkaia Maitea aldizkarian idatzi zuen artikulu hori Garmendiak; lastima da, baina «saioaren bultzatzaileei» ez zien izen-deiturarik jarri.

1998an hasi zen lanean Neuciclaje, egunean zazpi bat tona gurpil prozesatuz. Orain, egunero, 40 bat tona pneumatiko zatikatzen ditu, Cementos Lemona eta Cementos Rezola enpresetako labeetan erretzeko. Pneumatikoak zementu enpresetako labeetarako ex profeso prestatzen dituzte Neuciclajen: labeetarako neurri aproposean ebakitzen dituzte. Erregai aproposa dira pneumatikoak: kilogramo batek 7.500 kilokaloria sortzen ditu(50).

Xabier Garmendiak sortu zuen Neuciclaje, baina hiru enpresaren artean banatzen da haren jabetza: Cementos Lemona, Financiera y Minera(51) eta Neumaticos Vizcaya. Santiago Erkoreka da Neuciclajeko zuzendaria, eta 2008ko ekainean sinatutako bere artikulu hau irakur liteke neuciclaje.com webgunean: «Gure enpresak (…) erabiltzeari utzitako pneumatikoak kudeatzen ditu eta pneumatikoetatik eratorritako erregaia lortzen du haietatik, duten energia berreskuratzeko. Agerikoa da ingurumenaren aldeko gure lana, erabiltzeari utzitako pneumatikoen arazoa konpontzen baitugu (…). Bestalde, jabetzen gara produkzio prozesuan beste hondakin batzuk eta eraginak sortzen ditugula ingurumenarentzat (…)». Neuciclajek, eraginak eragin, 236.000 euroko emaitza eskaini zion Cementos Lemonari 2006an —edo FCCri, gauza bera dena; agertu ere, FCCren urteko txostenean agertzen da Neuciclajeren balantzea—.

Cementos Rezolak ere iritzi argia du pneumatikoak labeetan erretzeari buruz: «Erabiltzeari utzitako pneumatikoak arazo bat dira ikuspuntu ekologikotik, baina, aldi berean, kudeaketa egokia emanez gero, aukera bat dira erregai alternatibo gisa eta birziklatzeko material gisa. (…) Hondakin erregai guztietatik, pneumatikoak dira zementuaren industrian gehien erabiltzen direnak. Financiera y Minera SA 2000ko urrian hasi zen, Añorgako Cementos Rezolaren plantan, Donostian, pneumatiko zatikatuak erregai bezala erabiltzen. Pneumatikoz hornitzen duen enpresa Financiera y Minera SAk partizipatutako enpresa bat da [alegia, Neuciclaje]. Lehen probak egin zirenetik, Añorgako labean erabili dira, erregai bezala, 6.300 tona pneumatiko zatikatu [2000 eta 2002 artean], eta horrela lagundu dugu hondakin hori ingurumen ikuspegitik positiboa den era batean tratatzen». 2002ko martxoan idatzi zuen hori Ferran Gonzalezek, Añorgako fabrikako Cementos Rezolako Ingurumen eta Kalitate Departamentuko laguntzaileak, Cemento-Hormigón aldizkarian.

Xabier Garmendiak bazekien zertan ari zen Neuciclaje sortzea pentsatu zuenean. Bazekien Europako zuzentarauek debekatzen zutela, 2003 urtetik aurrera, erabiltzeari utzitako gurpilak zabortegietara botatzea. «Horrek behartzen gaitu aprobetxamendu energetikoaren alorrean esfortzu izugarri bat egitera», idatzi zuen orain duela hamar urte, eta administrazio publikoen «inplikazioa» eskatu zuen beharrezko egokitzapenak egiteko. Izan ere, ISR fundazioak zioen bezala, «nahiz eta Europako araudiek ulertzen duten zabortegien eta erraustearen aurreko aukera izan behar duela birziklatzeak, gaur egun aukera hori ez da lehiakorra beste batzuen aldean». Neuciclajeko zuzendari Erkorekak ere halaxe esana utzi du: erraustu gabe ere, pneumatikoak birziklatzea posible eta desiragarri dela, baina teknologia garestiagoa eskatzen duela horrek, eta baita instituzioen esku hartzea ere. Industriarentzat, argi dago, errentagarriagoa da erretzea, birziklatzea baino. Eta hori badaki Gipuzkoako eta Bizkaiko hondakinen kudeaketa planak idatzi dituenak.

Baina are interesgarriagoa da jakitea, 2009ko abendura arte, Neuciclajeko idazkari eta kontseilari izan dela Carlos Urzelai Gordobil. Industria ingeniaria da Urzelai, urtetan Cementos Lemonarentzat lan egin duena. Baina gaurko egunean ez du Cementos Lemonarentzat lan egiten, FCCrentzat baizik: Iraunkortasuna eta Hondakinak Balioztatzea sekzioaren arduraduna da. Alegia, FCC barruan hondakinak erretzeko politiken ardura duen pertsonarekin partekatu du Garmendiak Neuciclajeko ardura; eta haiekin egin dute bidea Cementos Lemonako presidenteak, Gamindek, eta Cementos Rezolaren kudeatzaileak, Antonio Nolasco Bethencourtek. Garmendiak, Gamindek eta Urzelaik Neuciclajen zituzten ardurak utzi zituzten 2009ko abenduan —Garmendiak, Eusko Jaurlaritzako Industria eta Energia sailburuordetza hartu ostean; Gamindek, erretiroa hartu duelako Cementos Lemonan—.

Neuciclajeren administrazio kontseiluari begiratuta azaleratzen da, beste inon baino argiago, errausgintzaren harreman sare korapilatsua.

————————-

(49) Aragoiko komunitateak debekatu egin zuen pneumatikoak erretzea 2007ko irailaren 24an, eta haiek birziklatzeko politiken alde egin zuen.

(50) Kautxua, tela eta burdina izan ohi dituzte pneumatikoek; kautxu sintetikoa, hain zuzen ere, petroliotik deribatzen da. Auto bateko gurpil batek 26 eta 30 petrolio litro izan ditzake. Zenbait aditurentzat, beraz, pneumatikoak ezin dira erregai fosilen ordezkotzat jo. Ez dute hala pentsatzen Neuciclajen.

(51) Cementos Rezolaren fabriken jabea da Financiera y Minera.

Azkenaurreko itua

2010/11/22 § Utzi iruzkina

Orain gutxi arte Cementos Lemonako zuzendari nagusi izan denak, Nicolas Gamindek, zementuaren industriaz haragoko eragin eremuak ditu. Oficemen zementu industriaren patronaleko Baliabide, Teknologia eta Ingurumen Batzordeko presidente izan da. Aclima Euskadiko Ingurumen Industrien Klusterreko lehendakariorde kargua eduki zuen(44). Tecnaliako presidente izan zen 2003 arte. Ezin da ahaztu, bestalde, FCC taldeko filialetako bat dela Cementos Lemona. Eta gutxi balitz, ISR fundazioko lehendakariordea izan da. Aurten 69 urte egingo ditu, eta Cementos Lemonan zuen kargutik erretiroa hartua du. Bilbon ikasi zuen ingeniaritza industriala, eta ikasketak bukatu aurretik hasi zen enpresa horretan lanean; ia mende erdi bat egin du bertan.

Erretiroa hartu arren, zementu industriaren korridoreetan izen bat badu Gamindek. Eta izen horrek zerbait balio du zementu fabriketan hondakinak «balioztatzeari» buruz aldekotasunak hedatzeko. Hizlari ibili da leku ugaritan. 2009an Bartzelonan eman zuen hitzaldi erakusgarri bat, zementu industriaren egoeraren eta erronken berri emateko. Labur eta zehatz azaldu zituen zementu fabriketan hondakinak «balioztatzearen» abantailak:

  • Ingurumen abantailak: bestela desegingo liratekeen hondakinak aprobetxatzen dira; baliabide naturalen beharra gutxitzen da; eta negutegi efektuko gasen isurketak murrizten dira.
  • Gizarte abantailak: ingurumenaren ikuspegitik konponbiderik ez duten hondakinak kudeatzen dira: eta instalazio berrietan egin beharreko inbertsioak murrizten dira.
  • Abantaila ekonomikoak: «arrazoizko» kostua duen zerbitzu bat ematen da; eta zementu industriaren lehiakortasuna hobetzen du.

Hiri hondakinetako errefusa erretzeari buruz ere, zementuaren industriak zer baldintza dituen aztertu zuen hitzaldi hartan. Erabat bideragarria dela, baina zementu fabrikatik kanpoko beste planta batzuek prestatutako hondakinak erabiltzea komenigarriagotzat jo zuen. «Konponbide ona, efizientea, segurua eta lehiakorra da», aldarrikatu zuen, eta zehaztu zuen, zementua egiteko labeetan, erregaien %37 «alternatiboak» izateko helburua posible dela(45).

Zementuaren industriari gainera zer-nolako arriskuak datozkion ere zerrendatu zuen Gamindek Bartzelonako hitzaldian: egungo krisi egoera; 2008an hasi eta 2009an jarraitu duen zementuaren kontsumoaren beherakada; «postkyoto mehatxua»; elektrizitatearen garestitzea; «balioztatzeari jartzen zaizkion mugak»… Baina industria arazo horiei erantzuten ari zaiola ere zehaztu zuen, efizientzia eta produktibitatea hobetuz, «balioztatzea» ugarituz eta berrikuntzan inbertituz.

2009an beste hitzaldi bat eman zuen Madrilen, azaroaren 17an. Bartzelonan aipatutako zenbait gai errepikatu zituen, baina beste datu batzuk ere eman zituen. Esaterako, Espainia Europako zementu produktore handiena eta munduko seigarrena izan zela 2007an; 2008an, berriz, %23,8 jaitsi zela zementuaren kontsumoa eta, egun, produkzioa Asiara mugitzen ari dela. 2008an 46,5 milioi tona erregai fosil jan zituela zementuaren industriak, eta 4,1 milioi tona «erregai alternatibo». Energia kontsumoari dagokionez, Espainian kontsumitutako energia termikoaren %1,9 jan zutela zementu fabrikek, eta energia elektrikoaren %1,8. Digantearen buztinezko hankak erakutsi zituen Gamindek. Eta buztinezko hankei sendotasun apur bat emateko defendatu zituen hondakinak «balioztatzearen» abantaila ugariak, berriz ere. Azaldu zuen Galiziako, Herrialde Katalanetako, Espainiako eta Euskal Herriko 36 zementu fabrikak ingurumen baimen integratuak dituztela, ingurumenarentzat eta langileentzat segurua dela errausketa, eta errausteari buruzko araudiak bete egiten direla.

Gaminderen Madrilgo eta Bartzelonako hitzaldiak entzunda, pentsa liteke desabantailarik batere ez duela hondakinak erretzeak; mezu hori Gamindek eraman du zementuaren patronalera, Tecnaliara eta ISR-ra, esate baterako. Madrilgo hitzaldian aurkeztu zituen ondorioen zerrenda argigarria da, alde horretatik:

a) Hondakinen sorreraren hazkundea «geldiezina» da.

b) Hondakinak zabortegietara ez botatzen laguntzen du haiek zementu fabriketan erretzeak.

d) Europako herrialdeetan 25 urte daramatzate hondakinak «balioztatzen».

e) Segurtasunaren eta osasunaren aldetik, baldintza ezin hobeak daude tratamendurako.

«Zementu plantetan energia lortzeko balioztatzea egiteak hondakinen energia aprobetxatzen du, modu seguruan, aldaketa klimatikoaren aurka». Horrela bukatu zuen Madrilgo hitzaldia.

Izan ere, klima aldaketarekin oso kezkaturik agertu izan da Cementos Lemona enpresako burua. Gaminde Eusko Ikaskuntzako kide ere bada, eta erakundearen XVI. kongresuko lehendakaria izan zen. Elkarrizketa egin zioten kongresu haren harira, eta ingurumenaz eta garapen iraunkorraz jardun zuen Gamindek elkarrizketatzailearekin. «Helburua ez da Europarentzako mundu zoragarria eta etorkizun oparoa lortzea, gosez hiltzen diren herrialdeak dauden bitartean. Garapen iraunkorrak bide bi horiek ditu, beraz: gizarte berdintasuna, hau da, munduko biztanle guztiek gutxieneko beharrizanak aseta edukitzea, eta garapenean aurrera egitea, munduak gaur egungoak baino okerragoak ez diren baldintzetan aurrera segitzeko moduan». Biodibertsitatea, «demodibertsitatea» eta eskubide berdintasuna aldarrikatu ostean, garapen iraunkorraren alde, industriak aldatu beharra daukala nabarmendu zuen: «Bestelako materialak erabili beharko dira, hondakinak beste era batean kudeatu, beste energia mota batzuk erabili». Izan ere, Gaminderen hitzetan esateko: «Energia da alarma pizten duen gaia. (…) Zenbait energia baliabide agortzen ari gara, eta gainera klima aldatzen ari da; ematen du gizakiaren eragina handia dela aldaketa horretan, batez ere karbonoan oinarritutako erregaien erabilerari dagokionez. Beraz, bada unea zer edo zer egiteko, eta oraintxe, ez bihar». Negutegi efektuarekin oso kezkaturik zegoela azaldu zuen, orduan, Cementos Lemonako buruak: «Asko kezkatzen nau gai horrek, atmosferara CO2 asko igortzen dudan industriala naizen heinean, eta buruhauste bat baino gehiago daukat horregatik».

2006ko azaroan beste hitzaldi bat eman zuen, Energia, industria eta gizartea(46) jardunaldietan, eta zementu industriaren lehiakortasuna arriskuan zegoela nabarmendu zuen, 2007an kontsumoaren gailurra jo eta erorketa librea hasi aurretik, alegia: «Energia erabilera intentsiboa duen Espainiako industriak lehiakortasuna galtzeko arrisku handia du». Zementuaren industria da «energia erabilera intentsiboa» duenetako bat. Arriskuaren aurrean, aukera eraginkor bakarra ikusten zuen bideragarri Gamindek: gehiago erabiltzea «erregai alternatiboak» ―jatorri fosileko erregaien %37 beste erregai batzuekin ordezkatzeko aukera ikusten zuen―. Industriari energia kontsumoa errazteko eta negutegi efektuko isurien gainean «nahikoa eskubide» emateko eskatu zuen, baita ere. Eta hiru proiektu zehatz seinalatu zituen, garrantzitsuak zirela eta lehenbailehen abian jarri behar zirela ohartaraziz. Hiru proiektu horiek «eskakizun normatibo guztiak» zeuzkatela eta haien aurkako «trabak ezabatzea» galdegin zuen. Hiru proiektu horiek ziren: Bizkaia Energia, Petronorren koke planta eta Gipuzkoako errauste planta(47).

Artikulu hau irakurtzen hasten direnek bere buruari galdetu ohi diote, zementuaren industriak hondakinak behar baldin baditu, errausteko, ez ote den errauste plantekin lehian ariko. Hitzaldi hartan erantzun zuen Gamindek.

Nicolas Gamindek 2006an ezinbestekotzat jo zituen hiru proiektu haiek azken urte honetan egin dute aurrerabidea. Bahia de Bizkaia Gas birgasifikatze plantak Espainiako Industria Ministerioaren baimena jaso du aurten, apirilean, gasa biltegiratzeko hirugarren edukiontzi bat jartzeko. 200 milioi euroko inbertsioa izango da, eta Europako Inbertsio Bankuak jarriko du erdia. Senerrek gidatutako enpresa talde batek egingo ditu eraikitze lanak ―FCC ere aurkeztu zen lehiaketara―. 2009ko uztailean, berriz, Petronorren Muskizko (Bizkaia) koke planta eraikitzeko finantzaketa argitu zen. Europako Inbertsio Bankuak jarriko ditu koke planta(48) eraikitzeko behar diren 800 milioi euroetatik erdiak. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren egitasmoak 400 milioi euro balio ditu —BEZik zenbatu gabe, 223,5 milioi euroko gastua izango du errauste plantak—, eta erdia finantzatuko duela iragarri du Europako Inbertsio Bankuak, 195 milioi euro aurreratuta, nahiz eta finantzaketa horri buruzko bateko eta besteko berriak ez dauden argi, eta hitzarmena ez dagoen, artean, sinatuta.

————————-

(44) Aclimako kide da, esaterako, Cementos Rezola «ingurumen industria».

(45) 2009an eman zuen hitzaldia Gamindek, baina CER klubak, ikusi den legez, 2001erako ja emanak zituen aholku horiek berak. Hor sumatzen da hondakinak «balioztatzeari» buruzko esfortzua ez dela gau bateko ametsa, baizik eta esfortzu iraunkor eta jarraitua.

(46) Jornada sobre energía, industria y sociedad, jatorrizko gaztelaniaz.

(47) Josu Jon Imazek beste egitasmo bat nabarmendu zuen 2009an Donostian, EHUko udako ikastaroetan: Gipuzkoarako ziklo konbinatu estiloko plantaren bat beharrezko zela adierazi zuen, eta Pasaiako kanpoko portuan jar zitekeela iradoki.

(48) Bide batez esanda, kokea da zementu fabriketako erregai preziatuetako bat. Fuel hondakinekin egiten da kokea.