Petrolio berria, hondakinak

2010/10/11 § Utzi iruzkina

IEA(13) Energiaren Nazioarteko Agentziaren arabera, 2030erako, %45 handituko da energia eskaera(14). Arazo bat du kapitalismoak energiarekin, eta hondakinekin konpondu nahi du. Ez hondakinekin bakarrik, baina baita haiekin ere. Europako Batasunak kopurutara eraman du hondakin organikoek zenbat energia sor dezaketen: 2020rako, Europako energia berriztagarriek sortutako energiaren %7 sor dezakete hondakin organikoek, energia sortzeko erretzen badira, edota, konpostatuz gero, digestio anaerobioa egiten bada. Ez da izugarria, baina bada zerbait.

«Kontsumoa haziko den horizonte bat dugu aurrean; efizientzia energetikoa sustatzeko politikekin mugatu beharko da kontsumo hori, eta mix batekin bermatu beharko da: erregai fosilak, nuklearra eta berriztagarriak. Behar dugu mix hori, bestela ezingo diogu kontsumoari erantzun». Josu Jon Imaz Petronorreko presidenteak 2009ko EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroetan esandako hitzak dira horiek. Zer gertatzen zaio petrolioari, hura ustiatzetik bizi den enpresetako baten presidenteak energia nuklearra eta berriztagarriak aldarrika ditzan? Bukatzear dela. Petrolio merkearen amaiera ezagutuko du belaunaldi honek, eta horregatik izendatu dute Imaz Repsoleko Energia Berrien Saileko arduradun. Sail horretatik, Europapress agentziaren arabera, «bioenergia eta energia berriztagarrien alorrean aukerak atzeman, proiektuak zehaztu eta negozio ekimenak» burutuko ditu Imazek. Energia Berrien Sail hori sortu berria da, eta helburu izango du, Repsolen hitzetan, «energiaren etorkizun dibertsifikatuago bat, CO2 igorpenetan hain intentsiboa izango ez dena», sustatzea.

Aurten, apirilean, Iruñean izan da Luc Werring, Europako Batasuneko Energia Berriztagarrien Batzordeko zuzendari ohia. Berria kazetak elkarrizketatu zuen Werring: «Erregai fosiletan jatorria duen energia benetan garestia da. Beraz, hemendik denbora gutxira, alboratu egin beharko da». Beste ohar bat ere utzi zuen Werringek, kontuan hartzekoa hau ere: «Isurtzen den CO2aren erdia baino gehiagok energiaren ekoizpenean du jatorria». Petrolioak pagotxa izateari utzi dio, eta CO2 mordoa isuri behar da egungo energia produkzioari eusteko.

BPG Barne Produktu Gordinaren gorabeherak eskuetan hartzen badira, argi ikusten da energia kontsumoarekin batera doazela: BPG gora badoa, energia kontsumoa gora doa ―eta baita hondakinen sorrera eta CO2 isurien kantitatea ere―; eta BPG behera badoa, energia kontsumoa jaitsi egiten da ―baita hondakinen sorrera eta CO2 isuriak ere―. «Energia lehiakorra behar dugu», ziurtatu du Imazek: «Industriak energia lehiakorrik ez badu, lana eta lanpostuak galduko ditugu».

Espainian bada elkarte bat, AEGE(15) Energia Kontsumo Handia duten Enpresen Elkartea izenekoa. Zementu enpresak, besteak beste, AEGEko bazkide dira, eta Javier Penacho da elkarteko presidenteordea. «Energiaren prezioa funtsezkoa da, herrialde bateko enpresen lehiakortasunagatik», utzi du idatzita Penachok Cinco días kazetan. Energia berriztagarriek etorkizun argirik ez dute, kontsumo behar handiak dituztenentzat behintzat: «Egoera ez da jasangarria energia elektrikoa lehengai funtsezko dutenentzat, AEGEko bazkideentzat, esaterako. Nazioarteko lehiak jartzen dizkie lehengaiak erosteko eta produktuak saltzeko prezioak. Haiei gelditzen zaien bakarra da biziraun, inbertitu eta hazteko kudeaketa efikaza egitea, elektrizitatea edo bestelako lehengaietan gaingasturik ez ordaintzeko». Energia lehengaia da ―Espainian, lehengai garestia, gainera―, eta produktuak garestitzen ditu horrek. Esan liteke, Penachoren ikuspegitik, «elektrizitatean gaingasturik ez ordaintzeko», AEGEko enpresentzat edozer dela zilegi, baita hondakinak erretzea ere. Bizirautea dago jokoan, ez da broma.

Edozer gauza, baita energia nuklearra sustatzea ere. «Edo merkatutik lortzen dituzu energia nuklearraren prezioak, edo ezingo zara lehiatu», esana du Penachok. AEGEk energia eta hezkuntzari buruzko XXIV. jardunaldietara eraman zuen ideietako bat da hori: «Egungo nuklearren baliagarritasun aldia luzatzearen oinarria ezin da zalantzan jarri». Horrela luzatu zioten bizitza Garoñako zentral nuklearrari (Burgos, Espainia). Imazek ere ez du ahazten energia nuklearra: «Energia nuklearra ez da konponbidea, baina ez badiegu erantzuten munduko 430 zentral nuklearrei ―baliagarritasun aldiaren amaierara gerturatzen ari dira haietako asko―, arazoaren parte izango dira. Ez naiz inozoa. Ez da erraza instalazio berri bat irekitzea. Egun daudenei, teknologiari, ahalmenak handitzeari… buruz ari naiz». Sener enpresako buru Jorge Sendagortak ere argi hitz egin du gaiaz: «Energia nuklearra indartsu itzuliko da».

Baina energia nuklearra aldarrikatzen ari direnak ez dira «inozoak», Imazek dioen legez. Badakite planta nuklear berriak irekitzea garestia eta zaila dela ―Petronorreko presidentea kexu agertu zen iazko EHUren Udako Ikastaroetan, Iberdrolak Ingalaterran irekiko dituelako zentral nuklear berriak, eta «jakintza» horrek ihes egingo duelako atzerrira―. Haizeak energia nuklearraren alde putz egin artean, gasa eta energia eolikoa dira petrolioaren ordezkapena indartzeko erabiltzen ari diren bi iturri nagusiak. Gasaren problema da garestia dela; eta energia eolikoaren problema da ez duela iraunkortasunik, ez duela energiarik sortzen haizerik ez badabil(16). AEGE bezalako elkarteek ―energia guztiaren %15 kontsumitzen dute elkarte horretako bazkideek― zalantza handiak dituzte gasak eta eolikoek marrazten duten etorkizunaren aurrean. Horregatik nahi dute energia nuklearra. Baina, ezin bada, ziklo konbinatuak ere eraginkorrak dira, nahi denean piztu eta nahi denean itzali litezkeelako eta, hartara, energia berriztagarriek ezin dutenean erantzun, eskari handia dagoenean alegia, energiaren hornikuntza bermatzen dutelako. Energia eolikoarentzat, esaterako, ziklo konbinatuko zentralak primerako osagarriak direla aipatzen ohi da. Hondakinak erretzea ere, bistan da, baliagarri da, «energia efizientzia» hobetzen duen neurrian.

Nafarroako hondakinen kudeaketarako azken planaren inguruan egin ziren eztabaidetako batera gonbidatu zuten Jordi Renom, Kataluniako Hondakinen Agentziako Hondakinen Kudeaketa Ataleko zuzendaria. Hara nola ikusten duen erraustea Renomek, bilera hartako aktaren arabera: «Hondakinetatik energiarako trantsizioaren markoan hausnartu behar da errausteari buruz. Ezin da planteatu erraustea bai, edo erraustea ez. Energia krisiaren eta aldaketa klimatikoaren markoan kokatu behar da». Ideia bera errepikatu zuen Carlos Martinez Orgado ISRko presidenteak topaketa haietako batean: «[Erraustea] Erregai fosilen alternatiba da, eta aldaketa klimatikoaren aurkako borrokan laguntzen du».

Espainiako Gobernuak ere argi dauka hondakinak petrolio berria direla. Energia berriztagarrien plan berria zirriborratu du gobernuak, 2011-2020 aldirako. Eta hor sartu du «biomasa, biogasa eta hondakinak» izeneko atal bat. Gobernuak argi du hondakinak, baita hondakin organikoak ere, energia direla, energia berriztagarria gainera —Espainiako hondakinen planak zehazten du, esaterako, hiri hondakinen errauste planten ahalmena %35 handitu behar dela 2006tik 2012ra bitartean—. Lau jarduera proposatu ditu atal horretan, haietako bi zuzenean hondakinei lotuta. «Hondakinetatik erre daitekeen frakzioa zabortegietatik desbideratzea sustatzea» izena du jarduera ildo batek, eta «Berreskuratutako Erregai Solidoen erregistroa sortzea» izena du besteak. Lehen ildoaren xedea argia da: egun zabortegietara botatzen den hondakinen kopurua murriztea, eta «balioztatze energetikoa» sustatzea. Beste erregistro hori zertarako sortu nahi duen ere azaldu du gobernuak: «Hondakinetatik sortutako erregaien merkatu bat sortzea». Alegia, hondakinak erregai gisa erabili nahi dituztenek erregistro batera jo ahal izatea, beroriek non eros ditzaketen aztertzeko. Gogoratu CERek duela bederatzi urte erakutsi zuen RDF hondakinetatik eratorritako fuelarekin, eta Sasieta Mankomunitatearen esperimentuekin.

Energia berriztagarriei buruzko gobernuaren planaren zirriborroak hauxe dio hondakinen ustezko garapenari buruzko atalean: «Ulertu da zementuaren sektorean hondakinak erregai bezala erabiltzeak hazkunde nabarmena izango duela». Gobernuak dio, gainera, «balioztatzea» egingo duten «aktore berriak» agertuko direla heldu den hamarkadan. Egun dauden errauste planta egitasmoak ez bide dira aski izango, gobernuaren ustez, «uste izandakoak baino errauste planta gehiago» beharko direla baitio. Eta aipagai du «tramitazio administratiboen konplexutasuna» errauste planta berriak eraikitzeko. Pentsatzekoa da, beraz —ondorio logikoa besterik ez da hau—, gobernuak «tramitazio administratiboen konplexutasuna» arindu nahiko duela, «uste izandakoak baino errauste planta gehiago» behar direnez. Argi dago, beraz, administrazio publikoaren joera zein izango den datorren hamarkadan, gauzak aldatu ezean.

Eta ezin da beste datu bat ahaztu, Josu Jon Imazek esan zuena gogora ekarriz: «Energia baliabideak dauden tokian ez dago kontsumorik, eta kontsumoa dagoen tokian ez dago energia baliabiderik». Etorkizunean gatazka ugariren iturri izango da, dagoeneko ez bada —Irak eta Afganistango gerrak eta Europako gas hornikuntzan Errusiarekin izandako arazoak gogoratzea besterik ez dago—, energia hornikuntza. Are gehiago Euskal Herria den bezalako herrialde txiki eta baliabide urrikoan. 2008an, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kontsumitu zen guztiaren %5,5era ez zen iritsi bertan sortutako energia produkzioa. Horrek esan nahi du %94 inportatu zela kanpotik. EEE Euskal Energiaren Erakundeak eman zuen datua iaz —zehaztu zuen Petronorren planta eta Bahia de Bizkaia gas planta energetikoaren datuak ez zituela aintzat hartu zenbaketa horretan. %5,5 horretan zenbatu zuen, ordea, Zabalgarbiko plantaren energia sorrera—.

Testuinguru horretan, argi ikusten da hondakinak petrolioa direla, urre beltz berria; are gehiago Euskal Herria bezalako kontsumo indizeak eta produkzio baliabide urriak dituzten herrialdeetan. Industria ederki jabetu da horretaz, baina herritarrak… Zer dakite herritarrek eztabaida honetaz? Gordetzeko moduko galdera egin zuen AEGEk orain bi urte, Energia eta gizartea jardunaldietan: «Gizartea benetan gai da honi guztiari buruz behar den guztia jakiteko, eta hain gai konplexuari buruz erabakitzeko?». Ez, jendea inozoa da. Horregatik ez du ulertzen zergatik erre behar diren hondakinak.
————————-

(13) International Energy Agency, jatorrizko ingelesez.

(14) Petroliotan neurtuta, gaurko 11.700 tona petrolio kontsumitzetik, 17.000 tona petrolioren adinakoa kontsumitzera igaroko da mundua 2030ean, IEAren arabera. Besteak beste, Txinaren, Indiaren eta Brasilen kontsumo eskaera geldiezinak ekarriko ei du hazkunde orokor hori, mundua eusteko gai bada.

(15) Asociación de Empresas con Gran Consumo de Energía, jatorrizko gaztelanian.

(16) Castejon eta Gasteiz artean REE Espainiako Sare Elektrikoak ―Red Eléctrica Española― eraiki nahi duen goi tentsioko linea ere, nolabait, behar horri egokitzen zaio. Energia berriztagarrien bidez sortzea espero den energiari irtenbide azkarra emateko xedea sumatzen da atzean. Hori aski ez, 2010eko urrian Espainiako Gobernuak jakinarazi du Kantabriako itsasotik Frantziarekin lotura egingo duen tentsio linea bat egiteko asmotan dabilela, Europako sare elektrikoarekin lotura hobea egiteko; energia kontsumitzaile handien aspaldiko eskakizuna da hori, Frantziarekiko lotura elektrikoak hobetzea.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

What’s this?

You are currently reading Petrolio berria, hondakinak at Zeinek erre nahi ditu hondakinak?.

meta

%d bloggers like this: