Porlanaren bazka: zaborra

2012/03/28 § Iruzkin bat utzi

Zabalgarbik ez du bigarren errauste linearik edukiko. Nafarroak ez du errauste plantarik eraikiko. Baionako errauste planta 2005ean itxi zuten. Araban ez da halakorik. Gipuzkoakoa atzerapen baten mende dago. Herrialde Katalanetan, Bartzelonan egitekoa zen errauste planta ere baztertu egin dute. Hondakin gutxiago sortzen dira, gehiago birziklatzen da, eta erregaitarako erabiltzeko hondakinak eskatzen ari dira zementu fabrikak. Josep Maria Tost Kataluniako Hondakinen Agentziako zuzendariak arrazoi horiekin argudiatu du erabakia. Eta Valentziako Generalitateak alde batera utzi ditu hondakinen kudeaketa planean zehaztuak zituen hiruzpalau errauste plantak.

Valentziako Generalitateak 2010ean prestatu zuen hondakinen kudeaketa plana, eta hiruzpalau errauste planta berri jartzea proposatu. Iaz berridatzi zuen kudeaketa plana, eta hondakinak erretzeaz zementu fabrikak ardura daitezkeela proposatu du. Errauste planta berriak eraikitzeak kostu handia duela eta administrazioek garaiotan inbertsio handiak egiteko zailtasunak dituztela kontuan hartuta, Valentziako Generalitateak erabaki du errazagoa eta merkeagoa dela hondakinak zementu fabriken labeetan erraustea. Azpiegiturak ja eraikita daude, ez dute inbertsiorik eskatzen administrazio publikoarentzat. Porlanaren sektoreak hondakinak erretzeko zer aukera dituen aztertuko du Valentziako gobernuak, eta enpresen erantzunaren arabera erabakiko du errauste planta gehiago behar diren edo ez. Eta porlan fabrikek badute interesa. Espainiako, Herrialde Katalanetako, Galiziako eta Euskal Herriko zementu fabrikek 560.000 tona hondakin erre zituzten 2010ean, zementua egiteko. Baina orain arte ez dituzte etxeetako hondakinak erre izan.

Hain justu errauste plantak bazterrera gelditzen hasi diren aldi berean hasi dira hondakinen tratamendurako planta berri batzuk agertzen: TMB tratamendu mekaniko-biologikorako plantak. Bizkaiko Diputazioa ari da berea eraikitzen, Arraiz mendian, 2013an martxan egoteko: ia 50 milioi euroko kostua du, eta urtean 180.000 tona hondakin tratatzeko prestatu nahi dute —iaz, 170.000 tona hondakin bidali zituen Bizkaiak zabortegira—. Baionan eraikitzen ari diren Canopia zentroa ere 2013an ireki nahi dute, hura ere TMB planta batekin. Arabak badu berea, Jundizen, duela hamar urtetik. Nafarroak ez du oraindik jakinarazi zer azpiegitura ezarriko duen errauste plantaren ordez. Katalunian bi TMB planta ari dira lanean, eta beste bost proiektu berri daude.

TMB planten sustatzaileek zementuaren eta eraikuntzaren sektoreekin loturak dituzte: Katalunian, Castellbisbalen halako planta bat ireki zuen FCCk 2011ko uztailean; Kataluniako lehen TMB planta, berriz, Cemex enpresak jarri zuen martxan, 2009an. Baionakoa Urbaser ari da eraikitzen. Hondakinen kudeaketan ere aritzen dira enpresa horiek. FCCk kudeatzen ditu Zabalgarbiko errauste planta eta Jundizko TMB planta, adibidez, eta Zubietako (Gipuzkoa) errauste plantako lanak hari adjudikatu zizkioten.

Euskal Herrian martxan dagoen TMB planta bakarra, oraingoz, Jundizkoa da. Nahasita bildutako hiri hondakinak hartzen dituzte TMB plantetan. Parte bat bereizi egiten dute —organikoa, papera, beira…—, eta gainerakoa zabortegira botatzen dute. Teorian nahasita bildutako hondakinen %50 inguru bereizteko gai dira TMB plantak, baina, praktikan, txikiagoa da birziklatzeko gaiak bereizteko duten gaitasuna. Nolanahi ere, TMB planta proiektu berriek badute bereizgarri bat: hondakinetatik eratorritako erregaia (HEE) sortzeko gai dira, prozesu mekaniko-biologikoaren bukaeran bereizteko gai izan ez den hondakinekin. HEE horiek erregai gisa erabiltzen dira labe industrialetan, eta bi izan ohi dira bezero nagusiak: zementu fabrikak eta zentral termikoak.

TMB plantaren errefusa da HEE-en oinarria: birziklatzeko bereizi ezin den zaborra birrindu egiten da —zementua egiteko clinker labeek eskatzen duten neurrira—, hezetasuna kentzen diote —%15eko hezetasun maila ezin dute gainditu hondakinek, zementugintzan erabiltzekotan—, metal batzuk bereizi, eta konpaktatu egiten dituzte. Katalunian, jadanik hasi dira halakoak ekoizten eta porlan fabriketan erretzen. Finlandian, Herbeheretan, Austrian, Alemanian, Italian eta Erresuma Batuan ere zabaldua dago haien erabilera —Frantzian eta Danimarkan, berriz, alde batera utzi dute HEE ekoizpena, arrazoi ekonomikoak medio—. HEEak erabiltzearen aldekoek esaten dute hondakinak zabortegira eramatea baino konponbide egokiagoa dela; kontrakoek esaten dute praktikan errauste planta bihurtuko direla porlan fabrikak.

Greenpeace, «oso kezkatuta»

«Benetan, oso-oso kezkatuta gaude praktika honekin», adierazi du Greenpeace talde ekologistako kide Julio Bareak. Gaia aztertzen eta txosten bat prestatzen ari da taldea, uste baitu ez dagoela informazio eta eztabaida publiko aski porlan fabriketan hiri hondakinak erretzeari buruz. Hondakinak erraustea baliabideak «xahutzea» dela seinalatu du Bareak: «Eta noiz arte jarraitu ahal izango dugu baliabideak agortzen? Ekologistak errauste planten aurka ari ziren bitartean, bizkarretik sartu digute hau, oharkabean». Errauste plantak gelditu eta hiri hondakinak porlan fabriketan erretzeko joera hau Katalunian hasi dela baina «gainerako erkidegoetara» zabaltzeko asmoa dagoela uste du Bareak, zementu enpresek onura ugari eskuratzen baitituzte hondakinak errausteagatik: «Zeruko ateak ireki zaizkie kontu honekin».

Zementu fabrikak energia kontsumitzaile handiak dira; porlanaren produkzio kostuen %30 eta %40 artean hartzen dute erregaiek —petrolio kokeak, batik bat—. Petrolioa ere gero eta urriagoa da, eta gero eta garestiagoa. Hura ordezkatzeko baliabide eskuragarria dira hondakinak. Bestalde, CO2 igorpen altuak dituzte porlan fabrikek, eta espero da 2013an zigortu eta garestitu egingo direla igorpen horiengatiko tasak. Alde horretatik, interesgarria da hondakinak erretzea porlan fabrikentzat, Europako Batzordeak ulertzen baitu «CO2 isuri neutroa» dutela hondakin biodegradagarriek —materia organikoak, paperak, egurrak, arropa batzuk…—. Gehiago dena: «Energia berriztagarritzat» hartzen da hondakinetatik sortutakoa1. «Petrolio kokea baino merkeagoa da biomasa, eta CO2 isuriak gutxitzen ditu», esana du Olatzagutiko Cementos Portland lantegiak ere. Beraz, erregai fosilak erre beharrean hondakinak erretzen badira, CO2 igorpenengatik gutxiago ordaindu beharko dute porlandegiek. Baina ez da erregaiaren kontua bakarrik. Zementu fabrikei, horrela, onura ugari ekartzen dizkiete hondakinek, erregai gisa erabiliz gero: petrolioa ordezkatzen dute, erregaien kostua jaisten dute, CO2 isuriak —paperaren gainean bederen— gutxitzen dituzte eta laguntzak jasotzen dituzte. Hartara, hondakin kudeatzaile eta energia ekoizle bihurtu dira, hein batean, porlan fabrikak.

Zementugintzak hondakinen erabileran duen interesaren erakusle dira sektoreak Espainiako Hondakinen Legeari egindako helegiteak: Oficemen zementu enpresen patronalak gobernuari eskatu zion zabortegira eramandako hondakinen tasak garestitzeko. Hondakinei zabortegietarako bidea itxi nahi izan die zementuaren patronalak, hondakinak porlan fabriketan erretzeko aukera handitzeko. «Ez baditugu hondakin hauek erabiltzen, zabortegian bukatuko dute, eta hori da ingurumenarentzako konponbiderik okerrena», oharra utzia du Jose Antonio Garcia Olatzagutiko plantako zuzendariak.

Zementuaren sektoreak urte asko daramatza ekoizpen labeetan hondakinak erretzen —Austriako fabrikak 1980ko hamarkadan hasi ziren pneumatikoak erretzen—. «Balioztatzea» deitzen diote prozesu horri, hondakinei balioa ateratzea. Euskal Herrian lau porlan fabrika daude, bi enpresa talderenak: Lemoan eta Olatzagutian Cementos Portland (FCC taldearena) eta Arrigorriagan eta Donostiako Añorgan Cementos Rezola (Italcementi taldearena). Hondakinak erretzeko, porlan fabrikek ingurumen baimenak eskatu eta inbertsio batzuk egin behar dituzte. Olatzagutikoak biomasa erretzeko baimena jaso zuen iaz, eta beste hondakin batzuk erretzeko baimena eskatua du. Oraindik ez da hasi, ordea, baimena erabiltzen; azpiegituratan 3,8 milioi euroko inbertsioa egin behar du horetarako, eta Olatzagutiko Udalak helegitea jarri dio baimen horri. Gainerako hiru porlan fabrikak 1990eko hamarkadatik ari dira erretzen pneumatikoak, biomasa, haragi irinak, araztegietako lohiak, pinturak eta disolbenteak… Hondakinak erre ahal izateko, beren lurraldeko administrazioari ingurumen baimen bereziak eskatu behar dizkiete porlan fabrikek, «hondakinen kudeatzaile» lizentzia eskuratzeko, eta atmosferarako isuriak kontrolatzeko inbertsio batzuk ere egin behar izaten dituzte azpiegituratan.

Lemoako Cementos Portlanden, ia erdia dira hondakinetatik hartutako erregaiak, eta duela lau urte proba aitzindari bat egin zuten HEEkin; Jundizko plantan prestatutakoak erretzen aritu ziren. Proba hura egin ondotik, 2010ean FCCk berak jarri zuen HEE ekoizteko azpiegitura Jundizen. Selektiboki bildutako plastikoen errefusarekin —birziklatu ezin diren ontzi arin eta plastikoekin— prestatzen dute HEE, Lemoako fabrikan erretzeko.

Porlanaren krisia

Cementos Portland lantegien salmentak 1986ko mailara jaitsi direla jakinarazi du FCC taldeak berriki, eta bi lantegi aldi baterako itxiko dituela iragarri du. 2007tik hona, hilabetez hilabete amildu dira sektorearen produkzioa eta salmentak, etenik gabe. Espainian, Hego Euskal Herrian, Herrialde Katalanetan eta Galizian 54,7 milioi tona zementu ekoitzi ziren 2007an; 22,1 milioi tona ekoitzi ziren 2011n. Erdia baino gutxiago. Etxegintza bezala, obra publiko asko geldirik daude, eta sektoreak ez du krisiaren aurreko garaiko salmentetara itzultzeko esperantzarik. Hartara, kostuak murriztea da estrategia, irabaziei eusteko. Eta, kostuak murrizteko, hondakinak erretzea da aukeretako bat. Krisiak bizkortu egin du, beraz, erregai fosilak ordezkatzeko zementuaren sektoreak duen beharra, eta orain arte askorik erabili gabeko baliabideetara begira jarri da: hiri hondakinetara.

Lemoako eta beste herrialde batzuetako proba aitzindariez aparte, FCCk Katalunian dituen zementu fabriketan erretzen dituzte jadanik HEE horiek, eta Cemex ere erabiltzen hasia da erregai horiek; Urbaser ikerketa lerro bat bultzatzen ari da hondakinetatik eratorritako erregaien erabilera sustatzeko. Euskal Herrian, Jundizko plantan sortutako HEEak erretzen ditu Lemoako porlan fabrikak. Baina produkzioa handitzeko bidean doa datozen urteetan. Arraiz mendiko TMB plantatik, urtean, 42.000 tona HEE aterako direla azaldu du Bizkaiko Diputazioak. Gasteizko Udalak duela lau urte egin zuen proiektu bat, Jundizko plantan HEE ekoizteko lerro bat jartzeko; urtean 40.000 tona HEE aterako lituzkeela zehaztu zuen txostenak.

Jundizen, oraingoz, unitate mugikor bat jarri du FCCk; bereizita biltzen den plastikoaren ontziko gaiak erabiltzen ditu, birziklatu ezin den plastikoaren zatia alegia, HEE produzitzeko. FCCren datu ofizialen arabera, bereizita bildutako plastikoaren errefusa soilik erabiltzen da HEEak egiteko. Baina Jundizko plantan HEE ekoizteko lerro oso bat jartzeko egitasmoak baditu lau urte behintzat. IDAE Energia Aurrezteko eta Dibertsifikatzeko Espainiako Institutuak Gasteizko Udalarekin hitzarmen bat sinatu zuen, HEE lerro hori eraikitzearen bideragarritasuna aztertzeko; Gasteizko Udaleko Ingurumen zuzendariak eta Hondakinen buruak aurkeztu izan dute lan hori, gutxienez bi kongresutan. FCCk berak ere egin ditu bere probak eta txostenak; 2009ko memorian aipatzen duenez, Jundizen sartzen diren hondakinen bi herenak erabili ahal izango lirateke HEE ekoizteko. Aipagarria da Jundizko plantarentzat diru galerak ekarriko lituzkeela HEE ekoizteko lerroa eraikitzeak: hasteko, 5,85 milioi euroko inbertsioa egitea eskatuko lioke administrazio publikoari; hortik aurrera, urtero, 1,42 milioi euroko sarrerak eta 1,83 milioi euroko galerak izango lituzkeela kalkulatzen du proiektuak. Papera ere ez da gai proiektuaren bideragarritasun ekonomikoari eusteko: urtean 400.000 euro galduko lituzke Jundizko plantak. Kontuak itxuratzeko, bideragarritasun plana prestatu zuten teknikariek aipatzen dute urtero 1,36 milioi euro «aurreztu» egingo liratekeela, HEE sortzeko erabilitako hondakinak ez liratekeelako zabortegira eraman beharko, eta horrek koste txikiagoa izatea ekarriko lukeelako. Kontua da txostenak ez duela etorkizunerako joerarik markatzen: Jundizko balizko HEE lerro horrek betiko izango luke 400.000 euroko galera urtean. Bestalde, bideragarritasun planak aipatzen zuen, Jundizko hondakinen ezaugarriak kontuan izanik, zaila izango zela zementugintzak eskatzen dituen bezain hondakinak lehorrak eskuratzea. Seguru aski bi arrazoi horiengatik, FCCk erabaki du plastikoaren errefusarekin soilik lan egingo duen unitate txiki bat jartzea Jundizen; Gasteizko Udalak egindako proiektu haren beste berririk ez da izan azken urteotan behintzat(2).

IDAEk berak esfortzu nabarmenak egin ditu hondakinak «balioztatzeko» politikak sustatzen. Hondakinek energia iturri gisa erabiltzeko dauden aukerak aztertzeko, txosten bat kaleratu zuen, esaterako, 2011n, Espainiako Gobernua energia berriztagarrien plana egiten ari zen sasoian. Txosten horrek aipatzen du hiri hondakinak industrian erregai gisa erabiltzea interesgarria dela erregai fosilak ordezkatzeko eta CO2 isuriak gutxitzeko. «Bestalde, erabilera horrek aukera ematen du dagoeneko existitzen diren azpiegiturak erabiltzeko». Errauste plantarik eraiki beharrik ez dagoela, alegia, porlan fabriketan erraustu badaitezke hondakinak. Ikerketaren bukaeran, IDAEk arrazoi batzuk ematen ditu hondakinak erretzeko: «Hondakinetatik eratorritako energia iturria ezin da bazter batera utzi. Labur esateko, hauek dira horretarako arrazoiak: nazioaren defizit energetikoak ahalbidetu beharko luke teknika, ingurumen eta ekonomia alderdietatik ikusita energetikoki modu seguruan balioztatzea posible den guztia aprobetxatzea; sorrerak [hondakinen sorreraz ariko da, noski] eskuragarritasun maila altua du; ikerketa honetan egindako kuantifikazioa inportantea da; koerrausketa instalazioetan erabili ahal izateko energia iturri inportantea izan daitezke HEEak».

Erabaki guztiak norabide berean doaz: papera, kartoia, plastikoak, ontzi arinak, organikoa… Hiri hondakinak porlanaren bazkatarako erabili nahi ditu zementugintzak. Gasteizko Udaleko teknikariek onartu zuten, Jundizen HEE planta bat sortzeko proiektuan, hondakinak errausteko politikak kalte egiten diola birziklapenari: «Erraz birzikla edo berrerabil daitezkeen hondakinak energetikoki balioztatzeko joera ekartzen du [errausketak]». HEE-en kasuan, latzagoa da dependentzia: porlan fabrika batek bost edo hamar urterako HEEak erosteko kontratua sinatzen baldin badu, hondakin ekoizleak bermatu egin beharko du kontratuak aipatzen dituen urte horietan guztietan HEEz hornituko duela porlan fabrika. Horrek zuzenean eragiten dio hondakinak birziklatzeko tasa handitzeko ezintasunari. Baina hiri hondakinak labe industrialetan erraustearen alde egin dute, hala ere, Herrialde Katalanetako administrazio publikoek. Eta bide bera hartzen ari dira Euskal Herrikoak. Jokabide hori onartezina iruditzen zaio Julio Bareari: «Harrigarria da: errauste plantak eraikitzeko dirurik ez dago, baina batzuek ez dute etsitzen errausketarekin, berean jarraitzen dute».

Olatzagutiko Cementos Portland, hondakinak erre nahian

Ingurumen baimena. 2010eko urrian, Olatzagutiko Cementos Portland lantegiak hondakinak erretzeko ingurumen baimena eskatu zion Nafarroako Gobernuari.

Akziodunen batzarra. 2011ko maiatzean, Iruñean bildu ziren Olatzagutiko zementu fabrikako akziodunak. Alicia eta Esther Alcocer Koplowitz akziodun nagusiak bertan izan ziren, eta Dieter Kiefer enpresako kontseilari ordezkariak hala esan zuen bileraren bukaeran: «Ez badago balioztatzerik, ez dago inbertsiorik. Esperantzak ditugu hauteskundeetan eta aldatzeko aukeran. Balorizatu [zaborra erre] egin nahi dugu; produkzio gastuak kontrolatu ahal izateko oso garrantzitsua da guretzat. Prest gaude beharrezkoak diren inbertsioak egiteko, baina babes lokala behar dugu».

Barcinaren bisita. 2011ko maiatzean, Cementos Portlandeko akziodunen bileraren ostean eta hauteskundeen atarian, Yolanda Barcina Nafarroako Gobernurako UPNren hautagaiak Olatzagutiko lantegia bisitatu zuen. «Alderdi eta sindikatu nazionalistak arriskuan jartzen ari dira Sakanako ehunka familiaren etorkizuna, suarekin jolasten ari dira», adierazi zuen. Fabrikako ordezkariek Iruñeko bileran esandakoei erreferentzia ere egin zien Barcinak: «Olatzagutiko udal abertzalea arazoak planteatzen ari da erregai fosilen ordez hondakinak aprobetxatzeari buruz». Eta galdera hau egin zuen, Bizkaian eta Gipuzkoan hondakinak errausten dituzten porlan fabrikak gogoan: «Zergatik Euskadin bai, eta Nafarroan ez?».

Baimena. 2011ko ekainean, hauteskundeak pasatuta, egurra, kortxoa, egur azalak, txirbilak eta antzekoak erretzeko ingurumen baimena eman zion Nafarroako Gobernuak Cementos Portlandi. Olatzagutiko Udalak helegitea jarri zuen.

Parlamentuan. 2012ko otsailean, Nafarroako Parlamentuan agerraldia egin zuen Cementos Portlandek, UPNk eta PSNk eskatuta. Olatzagutiko plantako zuzendari Jose Antonio Garciak eta FCCko ordezkari Ignacio Elorrietak hitz egin zuten batzordean, eta azaldu zuten enpresari ezinbesteko zaiola labeetan hondakinak erretzea.

Errauste plantarik ez. 2012ko martxo hasieran, PSNk Diario de Navarra kazetaren bidez jakinarazi zuen errauste plantarik ez dela eraikiko Nafarroan. Errausketaren kontrako herri mugimenduek salatu zuten Olatzagutiko zementu fabrika izango dela Nafarroako errauste planta. Zementu fabrikak martxoaren 3an erantzun zuen: «Taldeak ez du asmorik errauste plantaren alternatiba bihurtzeko». Enpresaren jarduera nagusia ez dela hondakinak tratatzea, baina porlana egitea dela erantsi zuen. Martxoaren 5ean enpresak webgune berri bat zabaldu zuen, errausketaren onuren berri emateko: www.sakanacementos.com/eu.

Ingurumen baimen berria. Beste hondakin batzuk —pneumatikoak, hiri hondakinetatik eratorritako erregaiak, araztegietako lohiak…— erretzeko ingurumen baimen berria eskatua du Olatzagutiko Cementos Portlandek. Errausketaren aurkariek salatu dute urtean 50.000 tona hondakin baino gehiago erre nahi dituela porlan fabrikak. 15.000 tona izango direla erantzun du enpresak.

Ixteko mehatxua. Cementos Portland taldeak, 1.500 milioi euroko zor metatuari aurre egiteko, jakinarazi du denbora baterako itxi ditzakeela bere zortzi plantetatik bi; Lemoakoa —Bizkaian; enplegu erregulazioa egin zuen iaz— eta Olatzagutikoa tartean daude.

———-

(1) IDAEk 2011n argitaratutako txostenak jasotzen duenez, «biomasa energia iturri berriztagarria da». Eta «hiri hondakinen eta industria hondakinen frakzio biodegradagarria biomasa da». Beraz, hondakinak erretzetik sortutako energia, «parte batean», berriztagarria da, IDAEk dioenez. Gero, saiatzen da «parte bat» hori zenbatekoa den zehazten, erretzen diren hondakinen artean biodegradagarriak ez diren parteak ere bai baitaude, pinturak edo plastikoak esate baterako. Baina hori zehazteko datu ziertorik ez dago. Kalkuluak egiteko, IDAEk proposatzen du hondakinen %50 «energia berriztagarri» gisa ulertzea: «HEE-ei dagokionez, ez dago gai honen eduki biodegradagarriari buruzko erreferentziazko ikerketa argirik; horregatik, txosten honetan ulertzen da, irizpide kontserbatzaile bat emateagatik, lortutako energiaren %50 dela frakzio berriztagarriarena».

(2) Hondakinen kudeaketa plantetan zer gertatzen den jakitea inoiz ez da samurra izaten, bertako langile izan ezean. Esaterako, 2010ean jakin zen Lapatxeko konpostatze plantak zabortegira botatzen zituela Gipuzkoan atez ate biltzen zen materia organikoaren %40 inguru. Lapatxen, izan ere, elkarren ondoan daude konpostatze planta bat eta zabortegi bat. 2.500 tona materia organiko tratatzeko eraiki zuten Lapatx, baina ia 6.000 tona biltzen ari ziren sasoi hartan Gipuzkoan. Bada beste kasu bat, berriagoa: Bilduk Gasteizko Udalari eskatu dio Jundizko TMB plantaren eta Gardelegiko zabortegiaren artean zer gertatzen ari den ikertzeko. Enpresa kudeatzaileak behar baino portzentaje handiagoan ari dira botatzen eraikuntzako hondakinak zabortegira, horregatik zentimorik ordaindu gabe, Bilduk salatu duenez: «Bi ate dituen etxe bat da hau. Kamioiak katuaren atetik bezala sartzen dira, eta gogoak ematen dien tokian botatzen dute beren zama, prozedura guztiak hankaz gora botata».

«Ideia berritzaileak»

2011/05/09 § Iruzkin bat utzi

      

Laster hasiko dira eraikitzen Gipuzkoako kartzela berria, Zubietan, errauste plantaren aldamenean. Eta hortxe altxatuko dira industrialde bat eta Loiolako kuarteleko militarrentzako egoitza berria ere. Kasualitatea ote da errauste plantaren aldamenean eraikitzea horiek denak? Ez du itxurarik. Errauste plantaren aldamenean etxebizitzak eraikitzeak negozio txarra ematen du; higiezinen agente abila beharko du izan hor bizitza bat saldu nahi duenak. Aldiz, kartzela bat, edo militarren egoitza, edo lantokiak, bezero egokiak izan litezke errauste planta batentzat. Ez soilik hark ekoizten duen energia erosteko, baita hark ekoizten duen beroa erosteko ere.

Beroan baitago gakoa; hondakinak erretzetik sor litekeen eta sal litekeen bero horretan, alegia. «Sortutako energia (erabat edo zati batean) bero gisa erabiltzen duen [errauste] plantak R1 handiagoa izango du». Jörg Eckardt ESWET European Suppliers of waste to Energy Technology erakundeko kideak, 2010eko ekainean, Amsterdamen argitu zuen arazoa, Bihurtu energia zure zaborra!(1) izenburuko hitzaldian. Oraindik eta argigarriagoak dira Ella Stengler CEWEP(2) Hondakinak Energia Bihurtzeko Europako Planten Konfederazioko zuzendari kudeatzailearen hitzak:

«Nahiz eta Wien ez dagoen Europako hegoaldean, askotan aipatzen da Spittelauko errauste planta; hurbil duen ospitale bat beroz eta elektrizitatez hornitzen du, efizientzia altua eskuratuz. Baina errauste planta guztiek ez daukate hornitu dezaketen ospitale bat aldamenean. Energia berreskuratzeko estatusak pizgarriak emango dizkie, etorkizunean, energia kontsumitzaileengandik gertu kokatutako errauste plantei.

»Dagoeneko existitzen diren plantentzat, beharrezkoa izango da kontsumitzaile potentzialak aurkitzea, eta errauste plantaren ondora erakartzea. Errauste plantetako ur-lurruna erabiliko luketen industria kontsumitzaileak idealak dira. Egiaz, ideia berritzaileak sortuko dira etorkizun hurbilean».

Zer gertatzen zaie elektrizitatea besterik sortzen ez duten errauste plantei? Efizientzia energetiko txikiagoa aitortzen zaiela. Aldiz, beroa ere sortu eta saltzeko gaitasuna duten errauste plantek efizientzia energetiko handiagoa dute, Europako Batzordearen arabera. Eckardtek aipu duen R1 formula horrekin kalkulatzen da errauste planten efizientzia energetikoa: kopuru batetik gora ematen badute, R1 maila aitortzen zaie; ez badira iristen, D10 maila ematen diete. Eta zer alde dago R1 eta D10 mailen artean? R1 errauste plantek hondakinak balioztatu egiten dituztela zehazten du Europako Batasunak; D10 errauste plantek, berriz, hondakinak ezabatu egiten dituzte —Europako Batzordearen terminologian esateko, kokatu egiten dituzte hondakinak (disposal, ingelesez)—. Aldea nabarmena da: errauste planta batzuek hondakinak balioztatu egiten dituzte, eta beste batzuek ezabatu; errauste planta guztiek ez dituzte «hondakinak balioztatzen», hortaz.

Ez da huskeria. Hondakinak, zabortegira botata baino, hobeto daude erreta; hori da Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek askotan errepikatu dutena, eta ISR fundazioko kideek zabaltzen dutena. Eta baieztatzen dute, errauste plantarekin, eskailera maila bat igoko dela hondakinen kudeaketa ereduan. Errausketa, zergatik da hobea, ordea? Errauste plantek ingurumenarentzat kutsakorrak eta osasunarentzat arriskutsuak diren gaiak sortzen badituzte, zergatik da hobea hondakinak erretzea, zabortegietara botatzea baino? Europako Batzordeak hondakinen kudeaketarako ezarria duen prozeduren hierarkia gogoratu behar da horretarako: prebenitzea; berrerabiltzea; materialak berreskuratzea («balioztatze materiala»); energia berreskuratzea («balioztatze energetikoa»); eta ezabatzea (disposal). Eskailera horrek dituen bost mailetatik, ezabatzea da hondakinen kudeaketarako prozedura okerrena, eta energia berreskuratzea azkenaurreko aukera da. Hondakinak ezabatzea kategorian, hierarkiaren azken mailan, zabortegiak daude; baina baita efizientzia energetiko nahikoa lortzen ez duten errauste plantak ere. Europako Batasunak ebatzi du, errauste plantentzat, energia sortze hutsa ez dela aski automatikoki «balioztatze energetikoa» kategorian sartzeko. Alegia, errauste plantek estandar batzuk bete behar dituztela, beren jarduera zabortegietakoa baino hobea dela onartzeko.

Zabortegien parean egotetik 0,003 puntutara

Estandar hori zehazteko sortu zen R1 formula. Dieter Reimann doktoreak garatu zuen —Bamberg errauste plantako (Alemania) zuzendaria da Reimann, baita CEWEPeko aholkulari ere—. Eztabaida ugari eragin ditu formulak eta haren aplikazioak. Gaur egun, lege izaerarik ez badu ere, Europako Batasunak estandarrerako irizpide gisa onarturik dauka, eta Espainiako Gobernua lege zirriborro bat prestatzen ari da R1 formularen aplikazioa bere araudian txertatzeko. 2014an formula aplikatzearen ondorioak aztertzekoa da Europako Batzordea; bien bitartean, indarrean egongo da, eta, legezko edo ez, erreferentzia argia izango da «balioztatze energetiko» kategoria eskuratu nahi duten errauste plantentzat. Hauxe da R1 formula, Reimann doktorearen asmakizuna:

R1 formula

  • Ep: urte osoan sortutako energia da (elektrizitatea 2,6rekin biderkatuta eta beroa 1,1ekin biderkatuta kalkulatzen da).
  • Ef: ur-lurruna produzitzen laguntzen duten erregaien urte osoko ekarpena da.
  • Ei: urte osoan inportatutako energia da (Ew eta Ef kenduta).
  • Ew: urte osoan kudeatutako hondakinek duten energia da (hondakinen indar kalorifikoa kalkulatzen da).
  • 0,97: errautsen eta irradiazioaren ondorioz galtzen den energia adierazten duen faktorea da.

Laburtuz, errauste plantak urtean sortzen duen energia zenbatzen du, datu hori erretako hondakinen indar kalorifikoarekin harremanetan jarriz, eta hondakinak ez diren bestelako erregaien erabilera deskontatzen dio. Dezimaletako emaitza bat ematen du formulak, eta mugako balio hauek ezarri ditu Europako Batasunak: teknologia zaharragoekin ari direlako, 2009ko urtarrilaren 1a baino lehenagoko baimenak dituzten errauste plantek 0,60 puntuko efizientzia energetikoa erakutsi behar dute. Baina baimena 2008ko abenduaren 31z geroztik lortu duten errauste plantek 0,65 puntuko efizientzia energetikoa demostratu behar dute.

Formula ulertu eta ebazteko aditua —edo oso aritua— izan behar da, eta hor dago zalantza iturria, baina ondorioa oso argia da: 2008ko abenduaren 31z geroztik baimenak jaso dituzten errauste plantek, «balioztatze energetikoa» kategoria eskuratu nahi badute, 0,65 balioa gainditu beharko dute.

Eta zein da Zubietakoaren emaitza? Zenbatekoa da Gipuzkoako errauste plantaren efizientzia energetikoa?

Oso justua. Muga-mugan dago: 0,65527 puntuko efizientzia energetikoa hitzeman du, paperean, Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketak. 0,006; hori da San Markoko zabortegiaren eta Zubietako errauste plantaren artean dagoen aldea, beraz, hondakinen kudeaketarako hierarkian. Zubietako errauste plantaren efizientzia energetikoa 0,006 puntu txikiagoa gertatuko balitz, Gipuzkoako errauste planta ez litzateke edozein zabortegi baino hobea —Europako Batasunak ezarriak dituen hierarkiak eta irizpideak jarraitu nahi badira—, ez bailituzke hondakinak «energetikoki balioztatuko»: hondakinak «ezabatu» (disposal) egingo lituzke.

Gorka Bueno EHUko irakasleak ohartarazi du muga-mugako egoera horretaz, eta 30 orrialdeko txosten mamitsua(3) idatzi du, EAEko errauste planten balioztatze energetikoa neurtzen(4) izenburupean (hemen, oso-osorik, PDF formatuan).

Baina kalkulua muga-mugakoa dela aurkitu bakarrik ez, akats bat ere atzeman du Buenok. Zubietako errauste plantaren efizientzia energetikoa neurtzeko R1 formula aplikatzen denean, errauste plantaren sustatzaileek ez dituzte aintzat hartu Ef eta Ei aldagaiak —ur-lurruna sortzeko kanpotik sartzen diren erregai osagarriak, gasa adibidez, eta urtean zehar plantaren abiatze eta geraldietan beharko den inportatutako elektrizitatea, hurrenez hurren—. Formularen kalkuluan, 0 zenbatzen dira aldagai horiek. Gertatzen da Zubietako errauste plantarentzako ingurumen baimena eskuratzeko txosten horrek berak, beste atal batean, azaltzen duela plantak erregai osagarriak eta inportatutako elektrizitatea erabiliko dituela —kopuru txikian bada ere—; ezinezkoa da, beraz, Ef eta Ei aldagaiek 0 balioa izatea. Datu horiek R1 formulari aplikatu eta behar besteko zuzenketak eginda, Zubietako errauste plantaren efizientzia energetikoa 0,6527 emaitzara jaisten da, Buenok egindako kalkuluen arabera.

Alegia, San Marko zabortegiaren parean egotetik 0,003 puntutara dagoela Zubietako errauste planta, paperean. Buenok berak zehaztu du aski litzatekeela Zubietan erreko diren gas naturalen erretzaile osagarriek, urtean 24 orduz beharrean, 60 orduz martxan egotea, R1 maila hori ez eskuratzeko. Kalkulu edo praktika akats txikienak, ez efiziente bihurtuko luke Zubietako planta, eta «ezabatzea» kategoriara jaitsiko luke.

Eta proiektuak izan badu zalantzazko beste puntu bat. Erretako gasari dagokionez, Zubietako plantak %25,1eko efizientzia eskuratuko duela azaldu dute sustatzaileek. Buenok argitu du, ordea, antzeko ezaugarriak dituzten plantetan %22ko efizientzia eskuratzea ja oso balio ona dela, ez dela ezagutzen errauste plantarik, gasaren erreketan, hori baino efizientzia handiagoa eskuratu duenik. Eta gasaren erreketan efizientzia galduko balu, horrek ere eragingo luke Zubietako errauste plantaren efizientzia energetikoan.

Nabarmena da, beraz, ingurumen baimena eskuratzeko aurkeztutako txostenean, R1 maila eskuratzeari begirako kalkuluak asko estutu direla, 0,65etik gora eman dezaten. Besterik izango da, martxan jarri ondoren, balio horietara iritsiko den. Argi dagoena da, Zubietako errauste plantan beroa ekoiztu eta saltzen bada, horrek plantaren efizientzia energetikoa hobetuko duela —edo alderantziz ere plantea daiteke: berorik sortzen ez badu, ezinezko izango zaio 0,65 puntuko langa gainditzea—. R1 formulak, izan ere, beroaren sorrera saritzen du, eta elektrizitatea besterik sortzen ez duten errauste plantak kaltetzen ditu. Eta horrela ulertzen da Zubietan eraiki nahi den azpiegitura sarea, besteak beste laster eraikitzen hastekoak diren kartzela —Ella Stengler doktoreak aipatzen zituen «ideia berritzaileak», alegia—.

R1 formulak, ordea, zergatik saritzen du beroaren sorkuntza? Europako Batasunaren arabera, energia sortzeko xahutuko liratekeen erregai fosilak ordezka ditzakete hondakinek, energia sortzeko erabiltzen badira. Baina energia bihurtzeko transformazio hori egiteko moduak eta moduak daude; hondakinetan dagoen indar kalorifiko ahalik eta gehiena —hein batean bero gisa soilik aprobetxa litekeena— berreskuratu behar da prozesu horietan. Bestela, Europako Batasunak iritzi dio hobe dela beste prozedura batzuk erabiltzea hondakinekin —biometanizatzea, konpostatzea, digestio anaerobioa egitea… berez, teknologia horiek etekin efizienteagoa ateratzen baitute hondakinetatik, nahiz eta ez elektrizitate moduan—. Alegia, eta laburtuta: edozein eratan erretzea baino hobe dela beste zerbait egitea hondakinekin. Beraz, beroa sortzen duten errauste plantak hobesten ditu R1 formulak, hondakinei etekin energetiko gehiago ateratzen zaielako. Gainera, beste erregai batzuk —gasa, gehienbat— zenbat eta gehiago erabili, orduan eta emaitza okerragoa ematen du R1 formulak, kontrara erregai fosilak ordezkatzeko helburuari kalte egiten zaiolako.

Horregatik guztiagatik, zalantzan jarria dago R1 formula hainbat sektoretan. Gorka Buenok berak ere zalantzak agertu ditu: koefiziente batzuk arbitrarioak direla dio, eta ez diola termodinamikaren legeei erantzuten, beste behar batzuei baizik. Jörg Eckardt ESWETeko kideak ere nabarmendu zuen, iaz Amsterdamen, formula ez dela teknikoa, «politikoa» baizik. Ella Stengler CEWEPeko zuzendari kudeatzaileak eskatu du, bestalde, Ef aldagaia formulatik kentzeko —hondakinak ez diren erregaien erabilera zigortzenduelako, eta horrek zaildu egiten duelako R1 agiria eskuratzea—. Carlos Martinez Orgado ISR fundazioko zuzendariak orain berri argitaratu du bere blogean artikulu bat, eta kritikatu du Europa hegoaldeko plantetan 0,65eko efizientzia maila eskuratzea zailago dela. Europa iparraldean, hotz gehiago egiten duenez, bero eskari handia dago; hango errauste plantek beroa eta elektrizitatea sortzen dute, eta horiei efizientzia energetiko handiagoa aitortzen die R1 formulak. Europa hegoaldean, klima epelagoekin, ez da apenas bero eskaerarik, eta elektrizitate hutsa sortzen dute errauste planta gehienek; horrek zaildu egiten die R1 kategoria eskuratzea. Orgadoren ustez, beraz, errauste planten efizientzia energetikoa 0,65 puntuko mugan jarri beharko litzateke Europa iparraldean, eta 0,60 puntuko mugan Europa hegoaldean. Ez debalde: Europako errauste planten %40 soilik eskuratuko luke R1 maila gaur egun —atarian geldituko liratekeenen artean, gehienak Europako hegoaldean daude, eta elektrizitatea bakarrik sortzen dute—.

Errauste plantaz mozorrotutako ziklo konbinatu (txar) bat

Eta, halako kalapita sortzeko, zein da, praktikan, R1 kategoria eskuratzearen eta ez eskuratzearen arteko diferentzia errauste plantentzat? Ella Stengler CEWEPeko zuzendari kudeatzaileak erantzun du galdera hori, Waste management world (Hondakinen kudeaketaren mundua) webgunean, Berreskurapenerantz: R1 estatusa lortzeko bidean(5) artikuluan: «Badira beste arrazoi inportante batzuk Energia berreskuratzeko R1 estatus-ean, adibidez Hondakinen Kudeaketarako Zuzentarauak(6) ezarritako hondakinen hierarkia. Errauste plantak sailkatzen badira ezabatzea [jatorrizkoan, disposal] bezala, berreskuratzea bezala beharrean, errauste plantak zabortegien maila berean jartzen direla esan nahi du horrek. Gainera, herrialde askotan, zabortegiak direnez aukera merkeena, ez da pizgarririk hondakinak zabortegietatik desbideratzeko. Horrek laguntzen du, bestalde, koinzinerazioa egiten duen industriaren (zementu labeak, adibidez) maila berean jartzen. Finantza ikuspegitik(7), seguru aski, bankuak prestasun gehiago izango dute energia berreskuratzeko plantak eraikitzen ari diren inbertitzaileei egiteko maileguak»(8). Laburtuz: R1 errauste plantak finantzatzeko errazagoak dira, koinzineratzaileek baino kategoria hobea dute, eta zabortegien gainetik daude.

Stenglerrek argi uzten du, artikulu horretan, errauste plantak negozioa direla. Beste herrialde batzuetatik hondakinak «inportatzeko» aukera errazten du R1 maila izateak; aitortzen du, baita ere, errauste plantek (normally) hiri hondakin solidoak ez diren bestelako hondakin batzuk ere hartzen dituztela, erretzeko. Azken buruan, energia sortu eta saltzea da helburua; horretarako, zenbat eta hondakin gehiago erre, hobeto. Testuinguru horretan ulertu behar da R1 formula: «Ez da dudarik: R1 estatusik ez duten errauste plantak baimenduta daude lanean aritzeko. Batek ezin du nahastu Hondakinen Kudeaketarako Zuzentarauak zehaztutakoa, hondakinen kudeaketa prozedurak sailkatzeko, eta operatibo egotea»(9). Eta, zalantzarik ez uzteko, R1 mailarik eskuratzen ez duten plantek ingurumenarekin ere errespetuz jokatuko dutela ñabartzen du: «R1 eskuratu ez duen errauste plantak ere ingurumen aldetik egokia den eran tratatzen ditu hondakinak, Hondakinak Errausteko Zuzentarauak eskatutako emisioak baino txikiagoak eskuratuz. Operatiboa izango da, D10 gisa [hondakinak ezabatzea], nahiz eta merkatu desabantailak izan horrela. Etorkizunean, nolanahi ere, pentsatzekoa da R1 estatusa eskuratzeko moduan eraikiko direla planta berriak. Eta mesedetua ingurumena izango da»(10).

Eta martxan dauden plantekin? Zer gertatuko da? Jarraituko dute martxan, Stenglerrek dioenez, nahiz eta «merkatu desabantailak» eta beste errauste plantekin lehiatzeko zailtasunak eduki. Horregatik, errauste planta bat diseinatzen duena, ia derrigortua dago, legezko ez bada ere, R1 agiria eskuratzera. Hori egin dute Zubietako plantaren diseinuan, beroa saltzeko teknologia txertatuz —bitxia gertatzen da, hala ere, bero hori aparteko sistema batek sortuko duela, gas hutsa errez, hondakinak batere baliatu gabe—. Zabalgarbik ere bilatu zuen merkatuan lekua egiteko «ideia berritzaile» bat, Zubietakotik guztiz desberdina. Blog honetan argitu den bezala, Sener ingeniaritza taldeak propio sortu eta garatu zuen Zabalgarbiko errausketa teknologia, eta oso diseinu berezia egin zuen. Europa osoan ez du parekorik. Izan ere, praktikan, Zabalgarbik erretzen duen guztiaren %30 besterik ez dira hondakinak; Zabalgarbik, batik-bat, gasa erretzen du —%70—. Alde horretatik, oso zalantzazkoa da hondakinen kudeaketarako planta bat den —gasa darabilena lagungarri—, edo gasaren ziklo konbinatuko planta bat den —hondakinak darabiltzana lagungarri—.

Bada beste kontu deigarri bat, orain ia sei urte gertatua, galdera horren balioa indartzen duena: Zabalgarbi martxan jarri zenean, probetan, lurrun turbina matxuratu egin zen. Nola proba garaian izorratu zen, halaxe jarraitu zuen hainbat hilabetez, matxura konpontzearen kostua zeinek ordaindu behar zuen ezin zutelako erabaki; ez ziren ados jartzen. Lurrun turbina horretan aprobetxatzen da hondakinetako energia guztia —gas naturalaren energia, gas turbinak bihurtzen du elektrizitate—; beraz, hasieran eta hainbat hilabetez, Zabalgarbik hondakinak erre bai, erre zituen, baina gasarekin soilik sortu zuen elektrizitatea. Kontua da, hilabete horietan, Zabalgarbik jarraitu zuela elektrizitatea sortzen, nahiz eta hondakinetatik ez zuen batere elektrizitaterik ateratzen. Gas turbinarekin bakarrik hasi zen martxan Zabalgarbi, eta hori, bere anekdotikoan, bada esanguratsua ere.

Plantaren diseinu berezia ez dela kasualitatea, datu honek erakuts dezake: Espainiako eta Euskal Herriko ziklo konbinatuko plantek, batez beste, beren ahalaren %40an lan egiten dute; Zabalgarbik bere ahalaren %75ean. Urtean 3.500 bat orduz lan egiten du ziklo konbinatuko planta konbentzional batek; Zabalgarbik, 7.500 ordu inguru —ia doblea—. Pentsa liteke hondakinak aitzakia direla, Zabalgarbin, gas gehiago erre ahal izateko. Gertatzen da pool elektrikoan lehentasuna dutela jatorri berriztagarriko energiek —eolikoak, hidraulikoak, eguzki energiak…—; eskaria handitzen den orduetan energia berriztagarriak, berak bakarrik, ezin badu sortu beharrezko den elektrizitate guztia, orduan jartzen dira martxan ziklo konbinatuko plantak. Eta, noski, ordu askotan itzalita edo erdi-martxan daude. Ordea, hondakinetatik sortutako elektrizitatea energia berriztagarritzat hartzen denez, Zabalgarbik elektrizitatea saltzeko lehentasuna du, beste ziklo konbinatuko planten aldean.

Baina, berriztagarria izan al liteke Zabalgarbik sortzen duen elektrizitatea, erretzen duen guztiaren bi herenak baino gehiago gas naturala baldin badira? Gorka Bueno EHUko irakasleak argi du ezetz. Idatzi berri duen txostenean argi esan du, gehienez ere, sortzen duen energia guztiaren %30 izango litzatekeela berriztagarria, hondakinen bidez sortutakoa —besterik da hondakinak erretzea «energia berriztagarri» gisa izenda ote daitekeen—. Gainera, ziklo konbinatuetan askoz hobeto aprobetxatzen da gasa; Zabalgarbik baino efizientzia energetiko hobea dute ziklo konbinatuko planta konbentzionalek. Zabalgarbik %40ko efizientzia energetikoa lortzen duela badio, beste ziklo konbinatuek %54ko efizientzia energetikoa dute, batez beste. «Zabalgarbiri dagokionez», ondorioztatu du Buenok, «plantak 2009an izan zuen jarduerari buruz eskura dauden datuen arabera, ezinezkoa zaio ziklo konbinatuko azpisisteman gas naturala modu efizientean erabiltzea, eta hiri hondakin solidoen erabilera efizientea egitea aldi berean». Zabalgarbin baliabideak alferrik galtzen ari direla salatu du Buenok.

Eta hori gutxi balitz, Zabalgarbik beste ziklo konbinatuek baino CO2 gehiago isurtzen duela ere jakinarazi du Buenok. Sortzen duen kilowatt-ordu bakoitzeko, 465 gramo isurtzen ditu airera Zabalgarbik; ziklo konbinatuko plantek, 375 gramo isurtzen dituzte —Zubietako errauste plantak kilowatt-ordu bakoitzeko 611 gramo CO2 isuriko dituela ere kalkulatu du Buenok—.

Ezaugarri horiek, eta plantaren funtzionamenduak eta diseinuak zalantzan jartzen dute, beraz, Zabalgarbi errauste planta bat den ere. Izatekotan, hondakinen kudeaketa soila egiten duen partea litzateke errauste planta, eta gainerako ataletako gas naturaleko zikloa ez litzateke aintzat hartu behar. Aldiz, hondakinei lotutako ur-lurrunaren aprobetxamendua bai zenbatu beharko litzateke, efizientzia neurtzeko, baina hor gasaren zikloa ere nahasten da. R1 formularen aplikazioa, ondorioz, oso-oso konplexua da Zabalgarbirentzat. Alemaniako adituren bati eskatu bide diote txostena prestatzeko…

Ikusteko dago Nafarroako Gobernuak eta Iruñerriko Mankomunitateak eraiki asmo duten errauste plantak zer-nolako efizientzia energetikoa edukiko duen. Artean, «ideia berritzaileak» ideia berritzaile, Bizkaiko eta Gipuzkoako errauste planten efizientzia energetikoa (oso) zalantzazkoa dela ondorioztatu du Gorka Bueno irakasleak: «Energiaren ikuspuntutik, arrazoizkoagoa da hiri hondakin solidoen atal organikoa balioztatzea, konpostatuz edo digestio anaerobioa erabiliz. Prozesu horiek, baina, eskatuko lukete hondakinen bilketa selektiboak modu masiboan ezartzea, koerzitiboagoak izan arren guztiz bat datozenak hondakinen zuzentarau markoarekin. Eszenatoki horretan, hondakinen errausketa mugatuko litzateke birziklatze plantetako errefusera; eta hori ere gutxitu egingo litzateke, gaurkoa baino bilketa selektiboago batekin. Horrek ekarriko luke errausketaren beharra txikitzea, gutxienez tamaina aldetik. Eszenatoki horretan funtzionatu beharko luketen plantek, beraz, askoz txikiagoak izan beharko lukete. Gainera, aprobetxamendu energetiko gogorako eta nahiko bat bermatzeko, kogenerazio sistemekin osatu beharko lirateke [hondakinetako beroa alferrik galtzen ez uzteko], Europa iparraldean nagusi diren diseinuekin bat. Horrek mugatuko lituzke errauste plantak eremu urbano edo industrialetara; urte osoan bero eskari iraunkor bat, eta beroa hedatzeko sare urbanoak beharko bailirateke horretarako». Azterketak zalantzarako tarte gutxi uzten du: «EAE Euskal Autonomia Erkidegoan ez direnez baldintza horiek betetzen, ziurta genezake, hiri hondakin solidoen balioztatze energetikoa lortzeko, errausketa ez dela estrategia bideragarria EAEn».

——————————

(1) Energise your waste!, jatorrizko ingelesez.
(2) Confederation of European Waste-to-Energy Plants, jatorrizko ingelesez.
(3) 2011ko apirilean, Berria kazetak eman zuen Gorka Bueno irakaslearen txostenaren berri.
(4) Valorando la valorización energética de RSU en las plantas incineradoras de la CAPV, jatorrizko gaztelaniaz.
(5) On the road to recovery: achieving R1 status, jatorrizko ingelesez. «R1 plantek hondakin erregaiak errazago inportatu ditzakete atzerritik», zehaztu du Ella Stenglerrek, eta errauste planta askotako jabeak Erresuma Batuko zabortegietara begira daudela azaldu du. Beste aldean, Danimarkak atzerritik hondakinak ekartzeari betoa jarri nahi dio. Han arriskua bestelakoa da: Danimarkako errauste planten efizientzia energetiko handia medio, bertako agintariak beldur dira, atzerritik hondakin asko iristen baldin badira, Danimarkako hondakinen kudeaketa ez ote den airean geldituko.
(6) Waste Framework Directive, jatorrizko ingelesez.
(7) Honek, ezinbestean, gogora ekartzen du Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketak Europako Inbertsio Bankuarekin sinatu berri duen hitzarmen polemikoa. Berria kazetak honela eman zuen.
(8) Testu originala, ingelesez: «There are other important drivers for the ‘R1 energy recovery status’ such as the waste hierarchy set in the WFD [Waste Framework Directive]. Classifying WtE [Waste-to-Energy] as a disposal operation rather than ‘recovery’ would mean that it is placed on the same level as landfilling. As in many contries landifilling is the cheaper option, there would be no incentive to divert waste from landfill. It would also help introduce a level playing field with the co-incinerating industry (e.g. cement klinks). Importantly, from a financial point of view, it is likely that banks would be more willing to issue loans to investors building an ‘energy recovery plant’».
(9) Testu originala, ingelesez: «There is no doubt that a WtE plant without the R1 status is still allowed to operate. One should not confuse the classification of a waste treatmet operation according to the WFD with the operation permit».
(10) Testu originala, ingelesez: «A WtE plant does not achieve the ‘R1’ is still a plant that treat waste in an environmentally sound way achieving low emissions as required by the Waste Incineration Directive. It can always be operational as ‘D10’ _disposal of waste (annes I WFD)_ although with market disadvantages. In the future, however, it can be expected that new plants are being built in such a way that they will achieve ‘R1’ status. And it is the environment that will benefit».

Bibliografia

2011/02/07 § Iruzkin bat utzi

Ez daude hemen artikulu hau osatzeko erabilitako informazio iturri guztiak, baina bai gehienak. Interneten aurki daitezke guztiak.

Hondakinen kudeaketa planak:

  • Nafarroako planari buruzko webgunea. Nafarroako Gobernua.
  • Gipuzkoako planari buruzko webgunea. Gipuzkoako Foru Aldundia.
  • Bizkaiko 2005-2016 aldirako II. kudeaketa plana. Bizkaiko Foru Aldundia. PDF.
  • Liburu Berdea. Europako Batzordeak biohondakinen kudeaketari buruz. Europako Batzordea. 2008. PDF.
  • Hondakinen kudeaketari buruzko Europako Parlamentuaren eta Batzordearen zuzentaraua. Europako Batzordea. 2008.
  • Energia berriztagarrien planaren zirriborroa, 2010-2020 aldirako. Espainiako Gobernua. 2010. PDF.

Artikuluak:

Elkarrizketak:

Dokumentuak:

Albisteak:

Webguneak:

Bestelakoak:

Txokolatina bat, bukatzeko

2011/01/31 § 2 Iruzkin

«Materia ez da sortzen, ez da desegiten, soilik eraldatu egiten da». Luis Javier Valero Floresek dakar oinarrizko lege fisikoa gogora. «Suak materia desagerraraziko balu bezala, funtzionarioek esaten digute, zementu plantetan pneumatikoak erraustuta, ez dela kutsadurarik sortuko». Ez da Euskal Herriaz hari, Valero. «Mekanismo berritzaile horren bidez, inguruko enpresarik garrantzitsuena, goizetik gauera, ingurumenaren defendatzaile leialena bihurtu da». Valero mexikarra da. «[Juarezko Udalak onartutako hitzarmenaren] Funtsa da Cementos Chihuahua enpresari 3,50 peso ordaintzea, zementerak Samalayucako plantan erreko duen pneumatiko bakoitzeko». Juarezko Udalak Cementos Chihuahua enpresari, Mexikon, 2,8 milioi peso ordaintzea erabaki zuen, urtero, pneumatikoak erretzeagatik. Alberto Cardenas Jimenez Ingurumen eta Natur Baliabideen Juarezko Udaleko zinegotziak dio errausteak ez duela kutsadura arazorik sortuko.

Arazoa bat eta bera da, han eta hemen. Mexiko dioen tokian jar liteke beste edozein herrialderen izena, eta berdin errepikatuko dira aldekoen eta kontrakoen argudioak.

Hotzean begiratuta —eta gaizki laburtuta—, zer gertatzen ari da Lurra planetan?

Energiaren eta ingurumenaren krisiek behartu dutela industria astuna —erregai kontsumo eta kutsadura indize altuak dituen hori— etorkizuneko energia hornidura bermatuko dioten iturriak, ahal bada merkeagoak eta CO2 gutxiago isuriko dutenak, bilatzera. Produkzioaren hazkundea bermatzeko. Industria horrek xederak hedatu ditu, kantuak dioen bezala, administrazio publikoek, ahal den heinean, arrastoa jarrai diezaioten. Horrek bat egin du hondakinak zabortegietan pilatzearen arazoarekin eta hondakinen produkzioaren hazkundearekin. Eta errauste teknologiak sortu dira.

Hondakinen kudeaketari buruzko eztabaidak, beraz eta ezinbestean, galdera egitea dakar: kapitalismoaren hazkunde iraunkorra bermatzeko, zilegi da hondakinak erraustea, eta energia iturri berriztagarrien ustiapen neurririk gabea sustatzea? Lehen «petrolioa, gasa eta ikatza» jartzen zuen tokian «eolikoa, hidraulikoa eta biomasa» idatzita, zer aldatuko da, beste guztia aldatzen ez bada?

Azken urteotan, ISR fundaziotik hasi eta hondakinen kudeaketan ari diren eragile ugarien artean, entzuten hasi da erronka berri baten oihartzuna: industria produkzioaren hazkundea eta hondakinen sorrera elkarrengandik bereiztea. Produkzioa handitzen bada, zaborra ugaritzen eta CO2 isuriak biderkatzen dira, eta kate hori askatu nahi da: produkzioa hazteko, ez daitezela zaborraren sorrera eta CO2 isuriak portzentaje berean hazi.

Industriaren mende ez dauden beste gizarte joera batzuetatik alderantziz planteatzen da arazoa: hazkundea bada arazoa, galgatu hazkundea. Bi hitzetan esanda: gehiago produzitzeari eta kontsumitzeari uko egin, gutxiagorekin zoriontsuago bizitzera itzultzeko. Diote, deshazkundearen mugimendua sortu duten horiek, aski litzatekeela 50 bat urte atzera egitea, ez dela Historiaurreraino joan behar, eta hazkundearen ereduari eustea jasangaitza dela Lurrarentzat, baita energia berriztagarrien erabilera intentsiboarekin ere; hazkunde iraunkorraren ereduari eusteak esan nahi duela desberdintasunei eta kutsadurari eustea.

Eta eztabaida horrek Monty Python taldearen filmeko oturuntza okaztagarria dakar gogora: 200 kilotatik urruti ez dabilen gizasemea sartzen da jatetxe batera eta, direnak eta ez direnak irentsi eta gero, zerbitzariak eskaintzen dio txokolatina bat; gizasemeak ez du nahi, hasieran, baina azkenean ezin dio gulari eutsi: irensten du txokolatina eta zapartatzen da mila pusketatan.

Hazkundearen garapen eta iraunkortasun eredua monty-pythondar gisa izenda baliteke, espero dezagun hondakinak ez izatea azkenekoz irentsitako txokolatina hura.

Beraz:

2011/01/24 § Iruzkin bat utzi

«Hanburgoko industrialentzat, zaborrak energia esan nahi du». Goiburu adierazgarri hori aukeratu zuen Cinco días ekonomia kazetak, duela bost urte, Alemaniako hiri hartako hondakinen kudeaketari buruz hitz egiten zuen artikuluarentzat. Gizarte garaikidean bihurtu dira hondakinak arazo, ondo gutxira arte ez baitzen hondakinik sortzen; dena aprobetxatzen zen, plastikorik eta bestelako gai arriskutsurik apenas ere sortzen zen eta. Arazo dira hondakinak, aprobetxatu ezean, CO2 eta negutegi efektuan eragina duten bestelako gasak isurtzen dituztelako airera; lurrak ere kutsatzen dituztelako; leku asko okupatzen dutelako zabortegietan; eta higiene aldetik ere oso txukunak ez direlako. Europa hegoalde honetan tradizio izan da, bizpahiru hamarkadatan, hondakin guztiak nahastuta bildu, zabortegietara bota, eta haietatik ezer ez aprobetxatzea. Kleenexaren aroa izan da: asko produzitu, asko kontsumitu, zabor asko sortu, petrolio asko erre eta dena bota. Baina gauzak aldatzen ari dira.

Europa osoko komunikabideetara salto egin zuen, 2009an, Napoliko (Italia) hondakinen krisiak, baina ezer gutxi esplikatu zen haren mamiaz. Aurten Hernanin izan dira bi italiar: Roberto Cavallo eta Rossano Ercolini. Biek ere urteak daramatzate Italian hondakinen kudeaketaren bueltan lanean, eta atez ateko hondakinen bilketa eta zero zabor programak abian jartzen aitzindari izan dira. Haiek azalduta, hauxe da Italian hondakinekin dagoen arazoa: mafiak kudeatzen ditu zaborrak. Bai, mafiak.

Mafia dagoen tokian, diru usaina dago. Edo bestela esanda, diru usainik egon litekeen tokian, han dago mafia. Eta Italiakoak ondo usnatu ditu hondakinen aprobetxamenduak. Kontua da hondakin arriskutsuak jasotzeagatik diru gehiago kobratzen dutela hondakinen kudeatzaileek. Mafiak antolatutako enpresek, zaborra bildu bai, baina erre egiten zuten, errauste plantarik gabe, kontrolik, baimenik eta eskrupulorik batere gabe. Hartara, haiek kudeatutako zabortegietan leku gehiago gordetzen zuten dirua ematen duten hondakin arriskutsuentzat. Hiri hondakin gehienek ―paperak, kartoiak, plastikoek, frakzio organikoak…― ez dute dirurik ematen, hondakin arriskutsuen aldean. Kontua da hainbesterainoko zabor kopuruak erre zituztela, kontrolik gabe, nonahi, erraustutako hondakin horiek lurrak kutsatu zituztela; hortik landareetara pasatu zen kutsadura; hortik abereengana; eta hortik, ezin bestela, izakien elikadura katera(73). Alemaniaraino ere eraman zituzten hondakinak; baina Alemaniak muga itxi zion, halako batean, trafiko horri. Egoera horri erantzuteko asmatu zuten atez atekoa Italian, eta hark jaso zuen erantzunaren adibidea eman zuten Cavallok eta Ercolinik: atez atekoa hastear zen Ottavianon ―Italian 1.500 herritako 15 milioi biztanle ingururen hondakinak biltzen dituzte atez ateko eredu ezberdinekin―, eta udalak herritarrei banatu behar zizkien hondakinentzako baldeak biltegi batean zeuden jasota; banaketa hasi baino egun batzuk lehenago, erre egin zuten biltegia, nahita. Mafia izan zen, esan beharrik ez dago. Astebetean, ontzi berriak ekarri eta banatu zituzten, nolanahi ere.

Mafiarena, muturreko jazoera da. Baina, beste maila batean, hondakinei buruzko interesak antzekoak dira han eta hemen. Dirua usnatzen den tokian sartzen dira enpresak, eta enpresei laguntzeko borondate ona duten administrazioak, eta arazoak konpontzeko teknologia ezin hobeak dituzten Sener edo Tecnalia bezalako ingeniaritzak eta ikerketa poloak. Atez ateko bilketarako ontziak erretzera ez dira iritsiko, baina trikimailu eta jukutria juridiko guztiak baliatuko dituzte hondakinen negozioa zapuztu nahi dutenen aurka. Horren adibide hutsa baino ez da azken hilabeteotan PSOE eta Hamaikabat alderdiek atez ateko hondakinen bilketaren aurka hartu duten jarrera. Eta emaitza izan da San Marko Mankomunitatea (Donostialdea eta Oarsoaldeko hondakinak kudeatzen dituen erakunde publikoa) kolorez aldatu dela. Duela hiru urtetik hona Ezker Batua (eta Alternatiba) eta ezker abertzalearen esku izan da mankomunitatea, eta atez ateko hondakinen bilketa sustatu du erakundeak (horren adibide izan da Usurbilen, Hernanin eta Oiartzunen hondakinak biltzeko modu hori martxan jartzea). Hondakinak erraustu nahi dituztenentzat, urrunegi joan da mankomunitatea, eta ezker abertzalea eta Ezker Batua mankomunitateko gobernu karguetatik kendu dituzte.

Italiatik Gipuzkoara, bitartekoak mudatzen dira; eta xedeak?

Edozein kasutan ere, garaiak aldatzen ari dira. Xabier Garmendiak dioen legez, hondakinak «baliabideak» dira orain. Cinco días kazeta are eta zehatzagoa da: hondakinak «energia» dira. Funtsean, gauza bera da. Modu batean edo bestean, hondakinak ez dira gehiago izango erabili eta botako diren azpiproduktu haiek. Aprobetxa litezkeen eta aprobetxatu behar diren lehengaiak dira. Horrek berdin balio du zero zabor programak abian jarri nahi dituztenentzat eta hondakinak erraustu nahi dituztenentzat. Badirudi kleenexaren aroa amaitzeko bidean dela.

Europako Batasunak 2016an zabortegiak ixteko agindua emana du; datu hori ere aintzat hartzekoa da. Hondakinen kudeaketan nolabaiteko zerikusia izan dezaketen eragile guztiak ―administrazioak, hondakinak kudeatzen dituzten enpresak, herritarrak…― eta hor interesik izan dezaketen eragile berriak ―ingeniaritzak, energiaren industria eta energia kontsumitzaile handiak eta zementu fabrikak, esaterako― tesitura batean jartzen ditu erabaki horrek: zer egin hondakinekin aurrerantzean?

ISR fundazioak ―besteak beste, Xabier Garmendia, Iosu Madariaga, Jose Ignacio Elorrieta eta Nicolas Gaminde bazkide dituen horrek― hautua egina du: «Gaur egun birziklatzea ez da errentagarria beste aukera batzuen aldean». Duela sei urte Barakaldon egindako topaketen aurkezpenerako idatzitako esaldi horretan idatzia dagoen «beste aukera batzuk» horien artean nabarmenena hondakinak erretzea da, energia sortzeko. Zero zabor programak eta hondakinak erraustea, aurrez-aurre jarritako bi eredu dira: hondakinak aprobetxatzeko bi eredu antagoniko. Batak bestea ezinezko bihurtzen du, eta alderantziz: konpostatzen dena ezin da erre, eta erretzen dena ezin da konpostatu. Industriarentzat arriskua dira zero zabor programak eta atez ateko hondakinen bilketa, mehatxuan jartzen baitute «hondakinak balioztatzearen» paradigma teknologikoa. Hondakinak murriztu, berrerabili eta birziklatzeko paradigma zabaltzen bada, zer erreko du industriak?

Petrolio, gas eta ikatz biltegien misterioa hor dago, batetik: zenbat urte iraungo duten, alegia. Luc Werringek Berria kazetan jaurtitako ideia ere nabarmena da, bestalde: «Isurtzen den CO2aren erdia baino gehiagok energiaren ekoizpenean du jatorria». Kapitalismoak, produkzio eta kontsumo erritmoari eutsi nahi badio, BPG Barne Produktu Gordinaren hazkundeari eutsi nahi badio, asmatu beharko ditu energia eskuratzeko bitarteko berriak. Horretan ari dira energia nuklearra promozionatzen ari direnak, eta horretan energia berriztagarriak promozionatzen ari diren asko. Xabier Garmendiak berak ohartarazi du: «Gero eta ingurumen baldintzapen gehiago izango dituen, eta urriago eta garestiagoa izango den energia etorkizun batera goaz». Energia krisia ate joka dago; elektrizitaterik bermatu ezin bada ―edo industriarentzat prezioak garestitzen badira―, akabo industria, eta akabo BPGren hazkunde amaigabea.

Alde horretatik, energia kontsumo handiak dituzten enpresentzat, gastua murrizteko aukera bat da, petrolioaren deribatuen ordez ―kokea, esate baterako―, hondakinak erretzea. Eta, horien artetik, zementu fabrikak dira errausteko aukera gehien dutenak, labeetan zuzenean erre ditzakete eta hondakinak, eta paper fabrikak ere hor daude. «Uraren atzetik, zementua da lurrean gehien kontsumitzen den sustantzia, eta eraikuntzako produktu funtsezko eta ordezkaezina», esana dute CEMA fundazioak eta Oficemen patronalak. Horixe da zementuak duen indarra: ez da, agian, industriarik sendo eta esanguratsuena izango, baina hura gabe, porlanean oinarritu den garapen eredua kolokan dago, eta horrek ematen dio presio talde gisa jokatzeko indarra sektoreari. Energia xahutzaile eta CO2 kontsumitzaile handienetako bat izateak ere posizio berezia ematen dio zementuaren sektoreari, gai horiez eztabaidatu eta erabaki behar den lekuan egoteko. Pentsatzekoa da ahalegin publiko eta pribatuak egingo dituela zementuaren industriak, hondakinetako baliabide horiek guztiak konposta eginda alferrik gal ez daitezen.

Artikulu honetan jasota gelditu dira zementuaren industria, xede horrekin, egiten ari den esfortzuak. Ez praktikoak soilik, baita teorikoak ere: Nicolas Gamindek ematen dituen eta CEMAk antolatzen dituen hitzaldiak dira lekuko. Ahalegin horrek bat egin du, bestalde, zementu enpresen kontsumo indizeen azken urteko beherakada izugarriarekin eta Espainian eta Hego Euskal Herrian etxegintza ezagutzen ari den krisiarekin. Hondakinak errausteko beharra areagotu besterik ez du egin horrek, sektoreak hogei urte baino gehiago daramatzan arren ahalegin horretan.

Esfortzu horrek guztiak baditu konpentsazioak, bestalde. Hondakinak erretzeak ez du balio, soilik, zaborraren arazoa begien bistatik desagerrarazteko eta produkzio kostuak murrizteko. CO2 deritzon auzo aspergarri horren isuriei aurre egiteko ere balio du ―ustez bakarrik: 2009an 300.000 tona CO2 isuri zituen Zabalgarbik airera―. ISR fundazioaren eta Xabier Garmendiaren teorizazioak hortik doaz, behintzat, eta haiei kasu egin diete enpresek eta administrazioek. Gorka Bueno irakasleak eman ditu arrazoi batzuk, kontrakoa pentsatzeko ere: alegia, errauste plantek CO2 isurtzen dutela, uste eta behar baino gehiago. Baina, ondorio praktikoetarako, legeek balio dute. Eta legeek diote hondakinak errausteak energia berriztagarrien kategorian sartzen direla. Hortaz, energia berriztagarria sortzeagatik Espainiako Gobernuak emandako sariak jaso ditzakete errauste plantek―Zabalgarbik diru laguntza horiengatik salbatu zuen, preseski, 2009ko jarduera―, eta energia sortzeko beste prozesu batzuen aldean abantailak eskaintzen ditu. Ziklo konbinatuetan gasa erretzen da, erregai fosil bat, eta beraz ziklo konbinatuek sortutako energiak baino lehentasun gehiago du errauste plantek sortutakoak, merkatuan saltzerakoan(74).

Azken buruan, pentsatzen da CO2 isurketak murrizten direla hondakinak erretzean, hondakinen parte batek CO2 isurketa neutroa duelako ―artikulu honetan agertzen denez, hori ere eztabaidatzeko modukoa den arren―. Espainiak, 2008rako, %27 murriztu behar zituen CO2 isuriak, Kyotoko Protokoloa betetzeko ―%8 murriztu zituen; pentsatzekoa da gainditu zuen %19 hori «isurketa eskubideak» erosiz estaliko zuela―. Jatorri fosila duten energia produktuak energia berriztagarriengatik ordezkatzeak lagundu egiten du helburu horretan. Hondakinak erretzen dituzten enpresei ere abantailak eskaintzen dizkie. Sektore bakoitzak ezarrita ditu CO2 isurketa mugak; horiek gaindituz gero, «isurketa eskubideak» erosi behar dituzte, edo produkzioa murriztu. «Isurketa eskubiderik» erosi gabe eta produkzioa murriztu gabe lanean jarraitzeko modua da hondakinak erretzea, zementuaren industriarentzat adibidez. Ikusten denez, hondakinak erretzeak era anitzetara eta bide ugaritatik ematen ditu konpentsazioak, konposta egiteak ez bezala.

Baina, horretaz guztiaz aparte, hondakinen kudeaketan aritu direnak ere aldatzera behartu ditu kleenexaren aroaren amaierak. Hirietako hondakinak bildu eta zabortegietan pilatzea izan da, urtetan, FCCren negozioa. Orain hasia da errauste plantak kudeatzen ―Zabalgarbin―, eraikitzen ―Alcala de Henaresen―, zabortegietan parke eolikoak jartzen ―Ingalaterran―… Zaborrari aprobetxamendua ateratzeko bideak bilatzen ari dira sektoreko enpresak ere, eta enpresa berriak sortzea eragin du honek guztiak ―Neuciclaje bera izan liteke adibide, enpresa berria ere ez den arren―. Eragile berriak agertu dira hondakinen kudeaketaren negozioan; adibidez, Gipuzkoako errauste planta eraikitzeko aurkeztuko diren enpresen artean badira eraikuntza talde batzuk, eta Mondragon Korporazioa, beste askoren artean. Eta ikerketa lerro mamitsuak ere ireki dira, Tecnalian adibidez, hondakinen aprobetxamenduari buruz. Eragile horiek guztiak lerratu dira, batzuek nahita, besteak konturatu gabe, hondakinak erraustearen aldeko politiketara.

Garapen berriek, bestalde, teknologia berriak eskatzen dituzte, Josu Jon Imazi esatea gustatzen zaion legez. Jorge Sendagorta Senerko presidentearen esaldi antologikoa oroitzea besterik ez dago, teknologiak garatzen dituzten enpresen eragina neurtzeko: «Konponbidea geneukanez, [Zabalgarbiko] planta sustatzea erabaki genuen». Dirua dagoen tokian teknologia dago; edo alderantziz esan behar ote da, teknologia dagoen tokian dirua dagoela? Erabakiak hartzen dituztenen ―ustez, politikarien― eta zientifikoen arteko zubitzat aurkezten du beren burua ISR fundazioak, esaterako. Teknokrazia goia jotzen ari da: zientifikoek erakutsi behar diete politikariei zer eta nola egin behar den. Oso zabaldurik dagoen eta kazetariek elikatzen duten teknologiarekiko lilura neurrigabe batek laguntzen du hori guztia, bestalde. Miresmen itsua sortzen du ikerketa eta garapenak. Miresmen itsua, eta diru iturri itsua.

Diruak familiak banatzen ditu, baina baita familiak sortzen ere. Hartara, ez da arraroa interes komunetan bat egitea. Artikulu honetan ageri den enpresen zerrenda izan liteke horren ―eta endogamia kapitalistaren― erakusle; baina, hondakinen kasu honetarako, bi enpresa ageri dira nabarmen: FCC eta Sener. Izan ere, familia handi bat da Sener, eta beste familia handi bat FCC. Batzuen eta besteen interesak ez dira beti bat etorriko, baina Zabalgarbiko errauste plantaren heren bat dute bakoitzak. Oso adierazgarria da FCCk bere barruan duela Cementos Portland Valderribas ―eta harentzat lan egin izan duela Nicolas Gamindek, eta harentzat lan egiten dutela Jose Ignacio Elorrietak eta Nicolas Redondo Terrerosek, eta Carlos Urzelaik―, Lemoan eta Olaztin fabrikak dituen hori. Eta oso adierazgarria da Cementos Lemonak ―azken buruan, FCCk― eta Cementos Rezolak Neuciclajeren heren bana dutela. Eta, honezkero, ezaguna da Neuciclajeren sortzaileak, Xabier Garmendiak, idatzi dituela Gipuzkoako eta Bizkaiko hiri hondakinen kudeaketa planak, besteak beste.

Artikulu honetan ematen dira hondakinak errausteko egon litezkeen argudioen eta arrazoien bilduma bat. Eta arrazoi horien matazari tiraka atera dira aktoreak: artikuluaren hasieran galdegai ziren horiek, «nork erre nahi ditu hondakinak?» eta «nork irabazten du hondakinak erraustuz?» galderen itzalean zeudenak. Gipuzkoako, Bizkaiko eta Nafarroako hondakinen kudeaketa planak ez dira, azken buruan, aktore horiek darabiltzaten xedeen ispilua baino askoz gehiago. Hondakinak erretzea ez baita errentagarria ingurumenaren ikuspegitik, bai ordea ikuspegi ekonomikotik. Hondakinak erraustea ez baita hondakinentzako konponbidea, kapitalismoak etengabeko hazkundea hauspotzeko asmatu duen azken teknologia baizik.

————————-

(73) Paris inguruko errauste plantei buruz egindako ikerketa zenbaitetan frogatu dute, baita ere, behien esnera igaro zirela errauste-plantek igorritako metalak.

(74) Zabalgarbik sortzen omen duen energia berriztagarriari buruz luze eztabaida liteke. Errauste planta martxan jarri zenean, 2005ean, EEEk item edo kontzeptu berri bat erantsi zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan sortutako energiari buruzko zenbaketari buruzko txostenean: «Sorkuntza termiko berriztagarria». Zabalgarbik sortu behar zuen ustezko energia berriztagarria zenbatzeko agertu zen kontzeptu berria txostenean, baina 2007an txostenetik desagertu egin zen item berri hori. Kontua da, zenbaketa horretan agertzen zela Zabalgarbik sortzen duen energiaren gehiena gas naturalari esker sortzen duela, eta hondakinak erretzetik sortzen duen energia hutsaren parekoa dela. Guztiz zalantzan jarri beharrekoa da, beraz, errauste planten efizientzia energetikoa, eta errauste plantek energia berriztagarriaren kategoriaren barruan egon behar ote duten.

Zazpi arrazoiketa

2011/01/17 § Iruzkin bat utzi

Lehen arrazoiketa. 2001ean Valladoliden (Espainia) egin ziren Zaborraren maitaleen topaketak; han hitz egin zuen Miquel Crespo i Ramirez, ISTAS(72) Lanaren, Ingurumenaren eta Osasunaren Laneko Institutuko kideak:

Teknikoki oso ondo egituratua dagoen eta Europako eta Espainiako ingurumen administrazioen artean ospe handia duen iritzi korronte bat existitzen da, hondakin frakzio ugari erregai gisa (balioztatze energetikoa) erabiltzea sustatzen duena. Hondakin politiketako lehentasunei buruz (murriztea, berrerabiltzea, birziklatzea, materiala berreskuratzea, energia berreskuratzea) dagoen onarpena eta jarduera ez da itxurazko adostasun bat baizik. Ardurak dituzten administrazioak motel eta baliabiderik gabe aritzen dira enpresetan hondakinak murrizteko planak sustatzeko orduan. Baina arduraz aritzen dira erraustea bezalako azken muturreko tratamenduak bultzatu eta ezartzeko orduan; horretan bai, badago elkarlana, zementuaren enpresen estrategia erretzaileen aldetik.

Bigarrena. 2007ko azaroan, hitzaldia eman zuen Ekologistak Martxan taldeak Leonen (Espainia), eta hauxe esan zuen talde ekologistako kideetako batek:

Espainiako Estatuak zementuaren enpresei mesedeak egiten jarraitzen du, isurketa eskubide soberakinak emanez (gero Londresko Burtsan negozia litezkeenak, gainera), hartara aurrezteari buruz eta efizientziari buruz egin beharko liratekeen inbertsioak motelduz. Testuinguru pribilegiatu horrekin, zementuaren enpresek planteatzen dute, erregai fosilen ordez, hondakinak erabiltzea; «balioztatze» oso errentagarri bat da enpresentzat, erregaia aurreztu eta gure hondakinak kudeatzeagatik kobratuko baitute. Negozioa, berdez mozorroturik; alegia, CO2 isuriak gutxitzearen ingurumen helburuz mozorroturik, biribildu egin liteke hau guztia, diru laguntzak jasoz.

Hirugarrena. 2008ko apirilean, mahai-inguru batean hitz egin zuen Carlos Arribas Ekologistak Martxan taldeko kideak Valentzian (Herrialde Katalanak):

Zementua egitea negutegi efektuko gasen isurketa gehien sortzen duen industria jardueretako bat da; sektore elektrikoa bakarrik dauka aurretik. Espainian, industriak sortzen ditu negutegi efektuko gas isurien %24, eta zementuaren sektoreak %17,7 batekin laguntzen du horretan.

Laugarrena. 2008ko irailean, Greenpeaceko kide Sara del Riok argibide hau eman zuen:

Enpresa handiak dira zaborra desagerrarazteko negozioaren jabe egin direnak: horregatik aukeratzen dute errauste planten alde egitea, eta ez birziklatzeko tratamendu zehatzen alde.

Bosgarrena. Greenpeace taldeak hondakinak errausteari buruz publikatu dituen txosten ugarietako batek honela dio:

Ingurumenarentzat oso kaltegarria da hondakinak erretzea, eta ez da batere eraginkorra hondakinen krisia konpontzeko. Erraustearen aldekoek argudiatzen dute, gaurko egunean, errauste plantek sortutako kutsadura iraganeko kontua dela, oso araudi zorrotza dagoela, aukera teknologiko guztiak onartu behar ditugula eta sortzen dugun hondakin kopuruak dakarren arazo larriarentzako konponbidea dela. Baina argumentu horren atzean errauste plantak eraikitzearen negozioa ezkutatzen da (oso teknologia garestia da), eta hondakinen kudeaketaren negozioa (subentzionatutako enpresa pribatuen esku dagoena), eta hondakinen arazoarekin amaitzeko borondate politikorik ez dagoela.

Zementuaren industria «hondakinen kudeaketaren negozioan sartzeko apustu oso indartsua» egiten ari dela zehaztu izan du Greenpeacek.

Seigarrena. Ekainean, Errauste planten egia lurruntsuak artikulua argitaratu zuen Gorka Bueno Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak Berria kazetan. Hauek, pasarte hautatu batzuk dira:

Aldekoek diote errauste plantek, hondakinak deuseztatzeaz gain, hondakinei balioa ematen dietela, haietatik elektrizitate «berdea» sortuz. Horrela, berriki Iosu Madariaga Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen diputatu eta Zabalgarbiko presidenteak esan du Zabalgarbik 2009an 385 mila tona CO2ren isurketak ekidin zituela, 661 gigawatt/orduko elektrizitate-sorkuntzari esker. Jokaldia biribila omen da: hondakinak ezabatzeaz gain, elektrizitatea sortzen dute, klima-aldaketari aurre eginez.

Ala ez? Egia esan, errealitatea oso bestelakoa da. Zabalgarbik emandako datuen arabera ―zatiketa besterik ez dugu egin behar―, isurketen murrizketa 582 gramo dioxido karbono kilowatt-orduko (g CO2/kWh) litzateke ―datu benetan harrigarria, gero ikusiko dugunez―; baina horrek ez du esan nahi plantak CO2 isurtzen ez duenik.

Hondakinen errekuntzan, eta bereziki ziklo konbinatuan, errauste plantak gas natural asko kontsumitzen du. Zabalgarbiren arabera, 2009an 99,4 mila tona petrolio baliokide (ktpb) gas natural. Eta kontsumo horrek 234,5 mila tona CO2 (kt CO2) isurtzea dakar. Baina gas naturalarena ez da tximiniatik ateratzen den CO2 bakarra: hondakinen errekuntzan sortutako CO2aren zati bat neutroa da, baina ez guztia. Orbeletatik sortutako dioxido karbonoa neutroa da, bai, baina ez erretako plastikoetatik, adibidez. IPCC erakundeak proposatutako metodologia erabiliz, administrazioek hondakinetatik iturri fosileko CO2ra pasatzeko faktorea aztertu dute, eta gurean 0,35 t CO2/t hondakin ei da. Horrek dakar Zabalgarbik 2009an, 223 mila tona hondakin erraustu zuelarik, 77,7 kt CO2 isuri zituela, ez-neutroa, hau da Kyoto eta antzekoetarako kontuan hartu beharrekoa. Kontuak horrela, nire kalkuluen arabera, 2009an Zabalgarbik 300 mila tona CO2 baino gehiago isuri zuen. (…) 2008an 272 mila tona CO2 isuri zuen. (…) Errauste plantek, beraz, ez dute batere hobetzen sistema elektrikoaren isurketa-maila.

(…) Kontsumitzen duten energiaren hiru laurdenak gas natural hutsa dira, eta horrela benetan «berdea» den elektrizitatea laurden bat baino ez da, kasu onenean, hondakinetan karbono fosila ere bai baitago (plastikoak, adibidez).

Beste datu jakingarri bat ere eman zuen Buenok artikulu hartan. Baldintzapenak baldintzapen, errauste plantek sortzen duten elektrizitatea energia berriztagarrien erregimen bereziarekin dago parekatuta: «Eta lehentasun osoa dute sortutako elektrizitatea merkatu elektrikoan saltzerakoan». Ez dira soilik, Espainiako Gobernuaren sariak; gainera, merkatuak betebeharra du errauste plantek sortutako energia erosteko, energia berriztagarrien pareko jotzen delako. Alegia, parke eolikoek edo errauste plantek sortutako energia ziklo konbinatuko zentralek sortutako energia baino lehenago erostera behartua dago merkatua. Ziklo konbinatuko planten arazoa da, gisa horretako energia sortzaileek merkatua asetzen badute, edo eskaria jaisten bada, ez dutela elektrizitatea saltzeko lehentasunik, eta gelditu egin behar dutela. Horregatik adierazi du, aurten bertan, Iberdrolako presidenteak ez dituela ziklo konbinatuko zentral berriak zabalduko, bolada baterako aski duela dagoeneko martxan daudenekin. Errauste plantek baino CO2 gutxiago isurtzen dute ziklo konbinatuek, baina hauek desabantailan daude haien aldean. Arrazoiketa horiek eginik, errauste planten egiazko izateko arrazoia zein den, iritzia eman zuen Buenok Berria kazetako artikuluan:

Errauste plantek nagusiki gas naturala kontsumitzen dute, eta ez dute batere ekarpenik egiten sare elektrikoaren CO2 isurketa-maila murrizteko. Iraunkortasunaren ikuspuntutik, askoz zentzuzkoagoa da hondakinak beste bide batetik balioztatzea, adibidez atez ateko bilketaren bidez, eta energia sortzeko benetako energia-fluxu berriztagarriak ustiatzea ―mota askotako kontsumoen urritzearekin batera, noski―. Atez ateko bilketaren funtsa eta helburua hondakinak urritzea da; errauste plantek, berriz, hondakinak behar dituzte diru-makina martxan mantentzeko. Eta susmoa daukat errauste plantek erakartzen duten benetako berdetasuna billeteena dela.

Zazpigarren arrazoiketa bat, oraindik, bukatzeko, Jesus Arbizuk Nafarroako hondakinen kudeaketa planaren eztabaidari egin dion ekarpenetik:

Nahita gezurra esaten ez bada, badakigu materia ez dela desegiten, eraldatu egiten da. Haren egoera fisikoa bakarrik alda genezake, eta kutsadura fase solidotik kutsadura likido edo gaseosora igaroko da.

Hondakinen gaiari eskaini diot nire bizitza profesional luzea, eta beti errepikatzen da prozesu bera: makina berri bat asmatzen da, aurrekoak zahar bihurtzen dituena, baina aurreko horiek ere beti gaizki funtzionatu dute, eta konpondu nahi zituztenak baino arazo gehiago sortu dituzte. Eta, horrela… noiz arte?

Prebentzioa, berrerabiltzea eta birziklatzea da «egiazko balioztatzea», eta ez dago prozesu hori automatikoki egin dezakeen makinarik.

Izan produktore, kontsumitzaile edo kudeatzaile publiko, ez dago pertsonek egin behar dutena ordezka dezakeen makinarik.

Saiakera egin liteke azken belaunaldiko makinak disimulatzen, berritzen edo erosten, baina hondakinen fenomenoa, batik-bat, soziala da, eta horrela tratatu behar da, ez bada diagnostikoan eta terapian huts egiten. (…)

Herritarra izango da, jatorrian, bere hondakin guztiak sailkatuko dituena bere borondatez. Administrazioak lagundu beharko du prozesu hori edukiontziekin, atez ateko bilketekin, hondakinak uzteko zentroekin edo bestelakoekin, azken helburuei lagunduko dieten politika fiskalak ezarrita.

————————-

(72) Instituto Sindical de Trabajo, Ambiente y Salud, jatorrizko gaztelaniaz.

Organikoa, nahastuta mesedez

2011/01/10 § Iruzkin bat utzi

Hondakinak nola biltzen diren, hori da gakoa. ESB edo erregai solido berreskuratuen produkzioarentzat «faktore erabakigarri» dira bilketa selektiboa eta prebentzio politikak, Santiago Palomino ISRko zuzendari teknikoaren esanetan. «Hiri hondakinen sorrera eta kudeaketa, batik bat errefusaren frakzioarena» oso inportantea da, eta erraz da ulertzen zergatik. Hondakin gutxiago sortzen badira, eta errefusa gutxitzen bada, ESB horiek produzitzeko lehengai gutxiago sortuko dira. «Errefusaren frakzioa gutxituko duten prebentzio eta birziklatze planek» ere eragiten diete, «baina gutxitze horrek ESB produkzioari eragingo lioke bakarrik birziklatze tasa oso altuekin». Gutxi birziklatzen den bitartean, beraz, ez dago arazorik ESB horiek sortzeko, ISRko kideak dioenez. «Balioztatu» litezkeen hondakinak zabortegietara botatzearen aurkako aginduek ere eragiten diete ESBei; zabortegietara bota behar ez badira, lehengai gehiago izango dira. Palominok, 2007an, gako argiak eman zituen: errefusa gutxitzen bada, prebentzioa martxan jartzen bada eta birziklatze tasa altuak lortzen badira, ESB produzitzeko hondakin gutxiago izango ditu industriak: «Horrela, plastikozko ontzien birziklatzea indartzeak eragin sendoa izan dezake indar kalorifikoan, eta sukaldeko eta jardinetako hondakinen bilketa selektiboak ESBetako biomasaren edukia aldatuko dute, prezioan eraginez».

Eta industriarentzat balio duenak, administrazio publikoen kudeaketarako ere balio du.

Nafarroako hondakinen kudeaketa plana da adibide berri eta argigarriena. 2010etik 2017ra bitarteko jarduerak zehazten ditu planak; ISRk gidatu du eztabaida prozesu guztia, ia bi urtez, eta ondorio esanguratsuena, errauste planta bat eraikitzeko beharra da. Nafarroan, duela bi urte, gaika bildu ziren hondakinen %31. Plan berriaren arabera, 2017an, hondakinen %67 inguru erraustu egingo da; hortaz, gehienez ere, gaika bilduko diren hondakinak %33 izango dira, planak horri buruzko portzentajerik zehazten ez badu ere. Bide batez, deigarria da erraustuko diren hondakinen ehunekoa zehaztea, eta gaika bildu nahi diren hondakinen ehunekorik ez zehaztea helburu gisa. Deigarria? Ez. Zazpi urtean, gaikako bilketa bi puntu hobetzea proposatzen du planak, eta hori ez bide da azaltzeko oso samurra.

Nafarroan, eskualde batetik bestera, gaikako bilketa aldatu egiten da: batzuetan gaika biltzen dena, beste batzuetan errefusaren ontzian biltzen da. Horrela gertatzen da, Montejurrako Mankomunitateak kudeatzen dituen herrietan, gai organikoak bereizita biltzeko sistema bat dagoela, 53.000 biztanle ingururi zerbitzu ematen diena. Kasu berezia da Montejurrakoa, materia organikoaren bilketa selektiboa egiten baitu, ia beste inon egiten ez dena. Tafallan, esaterako, iluntzean balde handi batzuk uzten dituzte etxe atarietan, eta goizean jasotzen dituzte; etxeko hondakin organikoak botatzen dituzte herritarrek balde horietan. Montejurrako Mankomunitateak konposta egiten du bildutakoarekin. Bada, 2010-2017 aldirako Nafarroako hondakinen kudeaketa planak hankaz gora botatzen du Montejurrako Mankomunitatearen eredua. Adibidez: «Nafarroan egungo azpiegiturekin egiten den materia organiko biodegradagarriaren tratamendua oso eskasa da». Nafarroan, materia organikoa kudeatzen duen bakarra da Montejurrako Mankomunitatea. Beste bat: «Erriberako materia organikoaren biometanizazioak eta Montejurrako materia organikoaren konpostatzeak ez dute ahalbidetzen landaketetan erabili ahal izateko kalitate nahikoa duen produktu bat sortzea, eta, beraz, ezin dira birziklatze bezala kalifikatu». Bat gehiago, oraindik: «Konpostaren produkzioa eskasa eta kalitate gutxikoa da, eta gainera zabortegira botatzen dira biohondakin kantitate esanguratsuak, batere egonkortu gabe, eta indar kalorifikoarengatik energia sortzeko oso aprobetxagarriak diren hondakin frakzioak». ISRk gidatutako planaren ondorioa da, Nafarroan materia organikoa bereizita bildu eta konpostatzen duen esperientzia bakarra bertan behera utzi behar dela: planak dio gai organikoak errefusarekin biltzen hasi beharko duela eskualdeak, «ontzi arinen edukiontziko kalitatea hobetzeko». Montejurrako esperientzia baliatu ordez, ezabatu egiten du planak, eta, trukean, proposatzen du etxeko konpostatzea bultzatzea, sortzaile handiekin lanean hastea eta esperientzia pilotuak abiatzea. Zertarako eta, ontzi arinen kalitatea hobetzeko. Nafarroako planak aitortzen du «energia sortzeko oso aprobetxagarriak» diren plastikoak zabortegira botatzen uzten duela Montejurrako sistemak. Horratx, arazoa: errauste plantarentzat hain baliagarri izan zitezkeen ontzi arinak… galdu egiten dira.

Nafarroako planari egoskorkeria puntu bat ere sumatzen zaio Montejurrako esperientziarekin: «Nazio mailan [Espainian, esan nahiko du] oso ondo baloratutako esperientzia da Montejurrako eredua (…). Esan behar da esperientzia ez dela ona». Montejurrako sistemak badu ezintasun bat, izan ere: gai organikoen heren bat inguru ontzi arinen edukiontzira doa. Eta, hala ere, %54ko gaikako bilketa lortzen du eskualdeak! Euskal Herri osoko daturik onena izan da hori, Gipuzkoan atez ateko bilketa ezartzen hasi den arte. Montejurrako esperientzia txartzat jotzeko, Nafarroako planak ematen duen arrazoia da konpostaren kalitatea ezin dela neurtu, inpropio asko izaten dituela eta materia organikoaren %33 ontzi arinekin nahastuta biltzen dela. Baina non biltzen da materia organikoaren %67 bereizita? Inon ez Nafarroa guztian! Eta hondakinen planak ez du aintzat hartzen datu hori; gehiago dena, agertu ere ez da egiten datu hori plan guztian.

Atez ateko bilketaren ereduetako bat da Tafalla inguruan egiten dutena, hobetu daitekeena, baina bide horri uko egiten dio Nafarroako planak. Gehiago dena, materia organikoarentzako propio jarritako bosgarren edukiontzia ere ukatzen du: «Edozein kasutan, 5. edukiontziak eskatzen du bilketa ibilbide gehigarri bat egitea, horrek ekonomiarentzat eta ingurumenarentzat dakarren kostuarekin. Herritar guztiei irekitako 5. edukiontzia errefusaren edukiontzi bihurtzen da azkenean, inpropio % altu batekin. Giltzaz itxitako 5. edukiontziaren kasuan, oso kalitate ona izaten du, baina bildutako hondakinen kopurua oso txikia da». Kalitate txarrekoa edo gutxi bildu baino, nahiago du batere ez bildu organikoa bereizita, hori dio Nafarroako planak. Azken buruan, atez ateko hondakinen bilketaren eredu posibleetako bat besterik ez Montejurrakoa, atariz atari dei zitekeena adibidez, eta hortik etor daiteke herra.

Nafarroako hondakinen planak jaso ditu hiru ekarpen kritiko, eztabaida prozesuan zehar, eta hiruretan gauza bera errepikatzen da. «Montejurrako Mankomunitatean lortu diren aurrerapen txikiak ere ezabatzen dira, errauste plantaren hondakin sarrera handitzeko. Sortutako arazo txikiak hobetzeko neurriak proposatu beharrean, materia organikoa ezabatzea erabaki da», salatu dute Ekologistak Martxan taldeko Alejandro Arizkunek eta Greenpeace-ko Ana Malonek. «Montejurrako gaikako bilketa desantolatzea ere proposatu da, kudeaketaren eredu denean, hobetu badaiteke ere. Nafarroako landa eremuak kalitatezko konposta balioztatzeko duen ahalmena ahaztu da», ohartarazi du Ignacio Irigoien NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleak. «Ponentzietan oso garrantzi eta denbora gutxi eman zaio materia organikoari. Ia ez da hitz egin materia organikoaz baliabide bezala, eta bai hondakin bezala», abisatu du Jesus Arbizu industria ingeniariak.

Eztabaida horren guztiaren gakoa, Nafarroako planak berak ematen du, bilketa modu ezberdinei buruz ari dela: «Oso lotuta daude, alegia, bilketa, tratamendua eta teknologia, bata bestearen mende daude». Bestela esanda: «Biohondakinen tratamenduari buruzko alternatiba erabakitzeko, lehendabizi kontuan hartu behar da bilketa selektiboaren eredua; eta bilketa selektiboaren eredua zehazteko, kontuan hartu behar da frakzio ezberdinei gero emango zaien tratamendua». Esaldi horretan esan nahi da, hitz lauz emanda, materia organikoa erretzea pentsatzen bada, ez duela zentzurik materia organikoa bereizita biltzeak. Beraz, ez da harritzekoa Nafarroako hondakinen kudeaketarako planak ondorio hau ateratzea, hitzez hitz, materia organikoaren gaikako bilketari buruz: «Ekoefizientzia analisien arabera, materia organikoaren bilketa selektiboak ez du abantaila orokorrik errefusaren frakzioaren bilketarekin alderatuta, guztiz kontrara, isurketak [garraioaren ondorioz sortutako CO2az ari da] handitzera egiten du, eta horrek emaitzak okertzen ditu». Europako zuzentarauek behartzen dute, ordea, materia organikoaren gaikako bilketa jaso behar dutela hondakinen kudeaketa plan guztiek. Horregatik proposatzen du Nafarroako planak etxean konposta egitea, handizkako sortzaileekin esperimentuak egitea, eta antzeko beste neurri batzuk, jakinik herritarren parte-hartzea ez dela inoiz %20ra ere iritsiko.

Nafarroako planaren surrealismorako joera ikaratzeko modukoa da. Montejurrako esperientziari buruz esaten dituenak esan eta gero, aitortzen du «tentagarria» dela gai organikoen bilketa sustatzea: «Tentagarri da, ingurumenaren ikuspegitik, bilketaren eredu aldaketa bat abiatzea, biohondakinen bilketa selektiboaren alde eginez, eta kalitatezko konpost baten alde lan eginez, eta Nafarroa materia organikoa birziklatzearen buruan jarriz». Euskal Herrian, ezta Espainian ere, konpostatze plantarik existitzen ez zenean, Nafarroa izan zen halako bat jarri zuen lehena. Aitzindari izan zen… Orain, zergatik egin behar dio uko Europako erreferentzia bilakatzeari? Planaren hitzetan, Montejurrako Mankomunitatetik kanpo bizi diren nafarrak —%91— hezi behar direlako, garraio kostuak eta negutegi efektuko gasen isuriak handitzen direlako, ez dagoelako konpostaren kalitatea arautzen duen irizpiderik eta ez dagoelako konpostarentzako «merkatu errealik». Azken hori esan eta gero, planak berak zehazten du desertifikazio arriskuan daudela Nafarroako 40.000 lur hektarea. Esan beharrik ez dago, ISRk ekarritako dokumentazioan oinarritu dela Nafarroako Gobernua ondorio horiek ateratzeko(69).

Planak darabilen hizkera bera ere iraingarria da. Errauste planta egitea proposatzen duenean, «kudeaketaren hierarkian eskailera bat igotzea» proposatzen du. Zabortegietan «zero isuri» egin behar direla aipatzen du —Xabier Garmendiak defendatu zuen «zero isuri» kontzeptu hori Gipuzkoako Batzar Nagusietan, 2006an: kontua da zabortegietan ezer ez botatzea, birziklatu edo erre egiten delako. Esanguratsua ere bada Nafarroako planak kontzeptu hori berreskuratzea—. Montejurrako Mankomunitateak materia organikoa bereizita biltzeari uko egin behar diola esateko, «errefusaren frakzioa gaika biltzea» kontzeptua erabiltzen du —errefusa, hasteko, ez da frakzio bat, sobran dauden frakzioen multzoa baizik; definizioz errefusa delako, ezin da gaika bildu—.

Era batera, edo bestera, gaikako bilketa eta birziklatze mailak igo nahi badira, ezinbestekoa da materia organikoa bereizita biltzeko politikak abiatzea; denek aitortzen dute hori. Alde horretatik, esanguratsua da konpostatzeari buruz Bizkaiko bigarren kudeaketa planak 2005ean egin zituen zehaztapenak eta azterketak. Bizkaian ez dagoela konpost eskaririk nabarmentzen du txostenak; eta ohartarazten du, hondakin organiko gehiegi birziklatu aurretik, bi aldiz pentsatu beharko litzatekeela gai organikoen bilketa selektiboan zenbateraino sakondu, haietatik sortutako konpostarekin zer egin asmatu ezinik ez ibiltzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Nafarroako Gobernuko ordezkariek ere erabili izan dute argudio hori: gehiegi erraustea ez bide da txarra, baina gehiegi konpostatzea bai(70); zepa toxikoak non gordetzea, antza, konposta soberan edukitzea baino errentagarriagoa da. Konpostarentzat «merkatu errealik» ez egotea arazo bezala aurkezten dute Bizkaiko eta Nafarroako hondakinen kudeaketa planek. Aldiz, Nafarroako planak beste jarduera hau ere proposatzen du: «Erraustearen ondorioz sortutako eskoriak karakterizatzea, eta balioztatze materialerako merkatuak bilatzea». Alegia, eskoriak erabiltzeko merkatuak zein izan daitezkeen bilatzeko ahalegina egingo duela Nafarroako Gobernuak, konpostarentzako merkatuak bilatzeko batere ahaleginik egingo ez duen bezala. Konpostarentzat arazo dena, eskorientzat jarduera ildo da.

Eta materia organikoaren bilketa selektiboaz hitz egin nahi bada, ezinbestekoa da atez ateko bilketari buruz hitz egitea; saihestezina da. Eta aztertzen dute esperientzia hori hondakinen kudeaketa planek. Bizkaikoak hau dio Italiako atez ateko esperientziaz: «Bildutako kopuruei buruz, atez ateko bilketarekin askoz ere gehiago biltzen da, norbere borondatez bilduta baino». Alegia, bosgarren edukiontziarekin baino hondakin organiko «askoz gehiago» biltzen dela atez ateko bilketarekin. Araztasunari buruz ere, antzerako hitzak: «Askoz handiagoa da atez ateko bilketarekin». Horiek denak onartu arren, ondorio bitxi hau ateratzen du planak, txilinbuelta teoriko harrigarria emanez: «Etxebizitza bakarreko edo gisako bizitegi tipologia horizontalak dauden tokietan soilik bil litezke hondakin organikoak atez ate». Nafarroako planak ere esaten du antzekorik. Gehiago eta garbiago biltzen bada ere, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek nahiago dute bosgarren edukiontziaren sistema, atez atekoa baino. «Norbere borondatezko sistemarekin [bosgarren edukiontziarekin], herritarren ekarpena ez da %20-25etik igarotzen», dio Bizkaiko planak. Beraz, bosgarren edukiontziarekin, hondakin organikoen %25 baino gehiago ez biltzearen alde egin dute bi diputazioek, nahitara pentsatu beharko da, jakin badakitelako era horretan hondakin organiko gutxiago eta kalitate gutxiagokoa bilduko dutela.

Nork egiten ditu apustuak galtzeko?

Bizkaiko planak hondakin organikoen bilketa selektiboari buruz dioena ia hitzez-hitz eta datuz-datu errepikatzen du Gipuzkoako hondakinen planak. Eta larriago dena: esperientzia eta informazio horrekin guztiarekin ere, Gipuzkoako administrazioak erabaki du bosgarren edukiontzia zabaltzea herrialde osora, jakinik, gehienez ere, herritarren %20-25ek parte-hartuko dutela organikoaren bilketa selektiboan, eta gutxiago bilduko dela, hala kantitatez, nola kantitatez. Eta bide beretik doa Nafarroako administrazioa, maldan behera lerratuta.

Hondakinen arazoari eutsi nahi bazaio, bistan da, errefusa gutxitzea da lehen ardatza; eta ahalik eta hondakin gehien bereizita biltzea da bigarrena, baita organikoa ere, orain arte egin ez dena, eta indarrean diren kudeaketa planek baztertu dutena. Baina hondakinen arazoari eusteko bi ardatz horiei eusten bazaie, erregaien arazoa sortzen da: alegia eta hondakinak gutxituta eta bereizita bilduta, ez dagoela zer erre.

Bizkaiko planak jasotzen du ideia hau: errauste plantetara hondakin tona gutxiago iristen badira, garestitu egiten da haiengatik ordaindu beharreko prezioa; aldiz, hondakin gehiago iristen bada, merkatu egiten da prezioa; baita haiekin sortutako energiaren prezioa ere, bistan denez. Eta ezin dira begietatik kendu Zabalgarbik 2009an izan zituen galerak. Beste bi datu behar dira hau guztia ondo ulertzeko. Batetik, hondakinak erregai berriztagarri gisa hartzen direla jakin behar da, barnean dituzten frakzio biodegradagarri eta, beraz, birziklagarriengatik —Javier Ansorena Gipuzkoako Diputazioko Ingurumen zerbitzuburuak zehaztu du hori—; alegia, materia organikoa ez bada erretzen, sortutako energia ez dela berriztagarria, eta berriztagarria ez bada, akabo laguntzak eta sustapenak. Plastiko hutsa erretzea ez da energia berriztagarria; errauste plantek materia organikoa behar dute, energia berriztagarrien merkatuan sartzeko eta abantailak eskuratzeko. Bestetik, jakin behar da Europako Batasunean egun sortzen den energia berriztagarrien heren bat sortzen duela biomasak —berorren parte batek, erreta, eta beste batek biometanizazioa bezalako teknikak erabilita—.

Mauka gozoa dira hondakinak; eta materia organikoa, erretzeko egokiena ez bada ere, funtsezkoa da errauste politiketarako.

Emaitza argia da. Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako hondakinen %85 inguru birziklatu, berrerabili eta konposta daitezke. Baina birziklatzearen helburuak ez du %40 gainditzen Bizkaian; Gipuzkoan %57an egonkortu eta Nafarroan %33ra mugatu dute ehuneko hori. Eta materia organikoa bereizita biltzeko politikak, presioaren arabera mugatu dira: Bizkaian ez da proiekturik abiatu, Nafarroan Montejurrako eredua hankaz gora bota da, eta Gipuzkoan bosgarren edukiontzi bat jartzea erabaki da —jakinik ez dela iritsiko materia organiko guztiaren %25 baino gehiago birziklatzera, planak dioen bezala—. Adierazkorra da, alde horretatik, Gipuzkoan atez ateko hondakinen bilketa selektiboarekin sortu den kalapita.

Horregatik izango da, Bizkaian bezala Gipuzkoan ere, errauste plantaren lanak aurreratuta daudela, baina konpostatze planta berrien lanak inork ez dakiela zehatz noiz hasiko diren. Esan beharrik ere ez dago lehentasuna zein den. 2008 eta 2016 arterako Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako inbertsio plana da horren erakusle. Segidan doan taulan ikusten denez, aurrekontuaren %7 inguru jasoko dute prebentzioak eta birziklatzeak, zabortegiak zigilatzeko adina diru gastatzeko asmoa du konpostatzea sustatzen, eta errauste plantak eramango du inbertsioaren %67,5 —inbertsio planari zehaztapen batzuk egin dizkiotela argitu behar da; errauste plantak 313 milioi euroko kostua izango zuela zioen inbertsio planak; Gipuzkoako Diputazioak uztailean argitu zuen 223,5 milioi euroko kostua izango duela, BEZ aintzat hartu gabe. Nolanahi ere, errauste plantaren kostua 223,5 milioi eurokoa balitz azkenean, eta gainontzeko jardueretarako diru funtsa handituko ez balitz, errauste plantak eramango luke aurrekontu osoaren %59,7—. Hau da diputazioaren 2008-2016 aldirako inbertsio planak zehazten duena:

Nafarroan, aurrekontu orokorra besterik ez dute oraingoz zehaztu, baina adierazgarria da hori ere: hondakinen kudeaketa planak balioko lituzkeen 231,4 milioi euroetatik, 215 izango lirateke azpiegituretarako —batik-bat, errauste plantarentzako, apenas zehazten baita azpiegitura berririk—. Datu horiek ikusita, argi dago, hondakinen kudeaketaren eremuan, zer jarduera diren errentagarriak enpresentzat. Eta, horrekin batera, galdera bakarra gelditzen da egiteko: hiri hondakinak kudeatzeko eta tratatzeko eskumenak udalenak izaki, zer egiten dute diputazioek eta gobernuek hondakinak kudeatzeko planak diseinatzen? Zertarako sartu dira eskumen horietan, Eusko Jaurlaritzak berak ere hondakinei buruzko araudia finkatzeko borondaterik agertu ez badu(71)?

Europako Batasunak materia organikoaren tratamenduaz prestatu duen Liburu Berdea-k dakar galdera horren erantzuna: «Hiri hondakin solidoak erraustetik sortzen den energiaren zati handiena indar kalorifiko handiko frakzioak erretzetik dator, alegia, papera, plastikoa, pneumatikoak eta arropa sintetikoak erretzetik; aldiz, hondakin biodegradagarrien ‘frakzio hezeak’ efizientzia energetiko orokorra murrizten du. Eta, hala ere, hiri hondakinen frakzio biodegradagarriak (papera barne hartuta) errauste planta batean sortutako energiaren %50 inguru produzitzen jarraitzen du, eta biohondakinen birziklatzea handitzeak errausteko biohondakinen kopurua murriztu dezake». Javier Ansorenak eta Xabier Garmendiak bestelakorik ziurtatzen badu ere, gai organikoak birziklatzea —Europako Batasunak dio, ez ekologistek— erraustearentzat kaltegarri izan liteke. Birziklatuz gero, errauste plantetan sortutako energiaren erdia galduko litzatekeelako.

————————-

(69) Nafarroako hondakinen kudeaketa planari buruzko eztabaidan, EB Europako Batasunaren Liburu Berdea darabil ISRk, materia organikoaren tratamenduari buruzko erabakiak hartzeko erreferentzia gisa. Bada, liburu horrek berak dio: «EBko lur politikak [konpostaren] eskaria sustatu dezake modu esanguratsuan». Desertifikazioaren aurka egitea sustatzen du EBk, izan ere. Onartzen du konpostak, gehienez ere, Europako nekazaritza lurren %3,2ren kalitatea hobetuko lukeela, biohondakin guztiak konpostatuta. Europako hegoaldeko lurren %45ek, orobat, materia organiko kopuru eskasa dutela zehazten du Liburu Berdea-k. Materia organikoaren tratamenduari buruzko hainbat azterketa eta proposamen egiten ditu liburuak; kostuak ere aztertzen ditu; horrela, zehazten du hiri hondakin nahastuen tona bat tratatzeak 90 euroko kostua duela, eta materia organikoa bereizita bildu eta konposta egiteak 35 eta 70 euro arteko kostua duela tonako. Edozein kasutan ere, garestiago da, beraz, hondakinak erraustea.

(70) Alde horretatik, esanguratsua da Gipuzkoako planak egiten dituen aurreikuspenak ere: 2016an araztegietako 33.862 tona lohi sortuko direla uste dute, eta guztiak erretzea aurreikusten du planak. Ongarri gisa erabiltzeko baino hobeagoak dira, agi denez. Planak, gainera, araztegietako lohiak bereizi egiten ditu gainerako hondakinetatik, eta planak ez ditu aipatzen, errausteko asmoen artean baizik. Cementos Rezolak 2010ean lohiak erretzeko sinatu duen ekimena nor edo noren buruan egongo zen, Gipuzkoako plana diseinatu zenerako.

(71) Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiri hondakinen kudeaketarako lege orokorrik ez zegoela antzemanda, herri ekimen legegilea abiatu zuten, 2009an, errauste plantaren aurkako Gipuzkoako taldeek. 35.000 sinadura lortu zituzten, eta lege egitasmoa aurkeztu zioten Jaurlaritzari. PSE-EEk, EAJk eta PPk batzorde batean aztertu zuten lege egitasmoa, baita atzera bota ere; Legebiltzarrean eztabaidatzera ere ez zen iritsi lege proposamena.

Follow

Get every new post delivered to your Inbox.