Bi bazkide handi: Zabal eta Garbi

2010/12/06 § Utzi iruzkina

1997 eta 2001 artean, 600 milioi pezetako inbertsioa egin behar zuen Bizkaiko Foru Aldundiak, konpostatzeko planta bat eraikitzeko; 85 milioi inbertitu zituen lau urtean. Zabortegiak egokitzeko, 4.179 milioi pezetako inbertsioa konprometitu zuen Aldundiak hondakinen kudeaketa planean; 1.061 milioi pezeta jarri zituen. Aldiz, 2.810 milioi pezeta jarri behar zituen Zabalgarbiko errauste planta egiteko; eta 3.313 milioi euro jarri zituen(52). Ikusten da, inbertsioak egiteko orduan, zein den Aldundiak jarraitu duen hondakinen tratamendurako hierarkia; ez, behintzat, Europako Batasunak ezarritakoa. 2001ean, konpostatze plantarik ez, baina errauste planta eraikitzen hasi ziren Bizkaian.

Zeintzuk dira, baina, Zabalgarbiren atzean dauden bazkideak, gisa horretako inbertsioak eginarazteko?

Zabalgarbi(53) enpresako bi akziodun nagusiak dira FCC eta Sener. Zabalgarbi eraikitzeko elkartea sortu zelarik, 2000 urtearen bueltan, Senerrek hartu zituen akzioen %20. FCC ez zegoen negozio hartan; Vivendi Frantziako multinazionalak zuen akzioen %25. Gainerako akzioak era honetan banatu ziren: Bizkaiko Foru Aldundiak %20 hartu zituen; EEE Energiaren Euskal Erakundeak, %10; Espainiako Gobernuaren ordezkari gisa, Aurrezte eta Dibertsifikatze Energetikorako Institutuak(54), %10; Ezkerraldeko Udalen Mankomunitateak, %5; BBK-k, %5; eta Babcock & Wilcox-ek, %5. Zabalgarbi barruko botere banaketa pitzatzen joan da urteekin, ordea. Vivendi, Babcock & Wilcox eta Aurrezte eta Dibertsifikatze Energetikorako Institutua desagertu egin dira akziodunen zerrendatik. Egun, FCC eta Sener dira Zabalgarbiren %60 kontrolatzen dutenak, bakoitza akzioen %30 ingururekin. Diputazioarenak dira %20; EEErenak %10; Ezkerraldeko Udalen Mankomunitatearenak %5; eta BBKrenak(55) beste %5.

2009ko urtarrilean lehertu zen eskandalua. Juan Ignacio Unda Zabalgarbiko presidentea eta Domingo de la Sota finantza zuzendaria beren karguetatik kendu zituzten, eta Bizkaiko Foru Aldundia ernegaturik agertu zen Zabalgarbiren ia bi herenak esku pribatuetan zeudelako. Undak eta De la Sotak Madoff estatubatuarraren funtsetan 3,7 milioi euro galdu zituztela, administrazio kontseiluari batere konturik eman gabe, jakin zuen garai hartan Bizkaiko Diputazioak. Sener kargugabetzeen aurka agertu bazen ere, urtarrilaren 27an postutik kendu zituzten Unda eta De la Sota. Hamabost eguneko epean erabaki zuten biei 3 milioi euro inguruko kalte-ordaina ematea Zabalgarbiren izenean(56).

Urte traketsa izan zen 2009koa Zabalgarbirentzat. Langileek hiru greba egin zituzten, lan itunaz negoziatu ezinik, maiatzaren 31tik ekainaren 2ra; urte osora luzatu zen gatazka. Uztailean kutsadura arazoak agertu zitzaizkion Bizkaiko errauste plantari. Berez ihes egin behar ez duten gai toxiko batzuk lurrera filtratu ziren, eta inguruko erreka bat kutsatu ote zen ikerketak abiatu zituzten; Bilboko ur hornidura mehatxupean egon zen. Isuna, nolanahi ere, hutsaren parekoa izan zen: 30.000 euro. Kutsadura ez omen zen aski frogatu, eta horregatik murriztu zioten isuna; galdera da, zergatik jarri zioten isuna, hortaz, kutsadura ez bazen aski frogatu?

Ingurumen aldetik hori ez bazen albiste ederrena izan, ekonomia aldetik ere ez zuen berri onik izan Zabalgarbik 2009an. El País kazetak 2010eko martxoaren 3an eman zuen Zabalgarbiko galerei buruzko berria: «Zabalgarbiren diru sarrerak %9 erori dira». Azpititulua: «Plantak %8 energia gehiago sortu nahi du». Baina egiazko albistea testu barruan aurkitu behar zen: «Zabalgarbik 2008an baino %32 hondakin gutxiago erre zituen 2009an. 2008an 337.000 tona hondakin erre zituen enpresak ; 2009an 229.000 tona hondakin erre zituen. Helburua du, 2010ean, 237.000 tona hondakin erretzea»(57).

Zabalgarbik hondakin gehiago behar ditu errentagarri izateko; 8.000 tona gehiago bai, behintzat. «Energia sortzeko prozeduragatik Industria Ministerioak ematen dion sariagatik salbatu da Zabalgarbi», salatu zuen El País kazetak. Alegia, Espainiako Gobernuak energia berriztagarria sortzeagatik ematen dituen sariek salbatu zutela Zabalgarbiren jarduna. 2009an, %12 jaitsi zitzaizkion elektrizitate salmentak; hala ere, 5,5 milioi euroko negozioa egin zuen. Alde horretatik, esanguratsua da Argentonako (Herrialde Katalanak) zinegotzi batek, Assumpta Boba Cavallek, aurten Hernanin (Gipuzkoa) eman duen hitzaldian adierazitakoa: «Errauste plantak, behin eraikita, inoiz ez dio utziko erretzeari, amortizatu egin behar delako. Txinara ere joango dira hondakinak bilatzera, beharrezko bada». Esan beharrik ez dago Argentonak errauste planta bat daukala kilometro gutxira.

Kudeaketa arazoen, kontaminazioen eta diru galeren gainetik, Madoffeko funtsetan Zabalgarbik galdutako milioi euroak izan ziren Bizkaiko Foru Aldundiak behar zuen aitzakia. Erakunde publikoek Zabalgarbin duten parte-hartzea handitu behar dutela adierazi zuen diputazioak 2009ko irailean, eta zuzendaritza aldatzea erabaki zuen, errauste plantaren gaineko kontrola berreskuratzeko asmoz, nahiz eta FCCk eta Senerrek jarraitzen duten plantaren akzioen %60 inguru edukitzen. Iosu Madariaga Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen diputatua jarri zuten presidente orduan eta Xabier Garmendia, EEEko ordezkari gisa, presidenteorde. Biak ISR institutuko kide dira, bide batez esanda.

Gipuzkoako Foru Aldundiak zer edo zer ikasi du Zabalgarbin gertatu denaz, eta erabaki du errauste plantaren jabetza guztia, %100, publikoa izango dela, hala ziurtatu du behintzat Carlos Ormazabal Garapen Iraunkorreko diputatuak. Errauste planta eraiki eta kudeatzera aurkeztu direnen zerrenda ere ezagutzen da honezkero. Errauste plantak eraiki eta kudeatzen tradiziorik batere ez duten enpresak daude tartean, baina baita ibilbide luzekoak ere. Honezkero, esperotako besterik ez da El Diario Vasco kazetak publikatutako zerrendan Sener, Urbaser eta FCC daudela irakurtzea.

Zabalgarbiko planta, hain justu, Senerren teknologiarekin eraiki zen. Eta FCC da, haren VTR Valorización y Tratamiento de Residuos filialaren bidez, planta kudeatzen duena. FCCk 25 urterako jaso du Zabalgarbiren kudeaketa. Enpresari 538 milioi euroko negozio kartera ekarriko ziola, hori ere azaldu zuen FCCk. Gipuzkoako errauste plantaren kudeaketa ere 25 urterako eskainiko duela iragarri du Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak: bost urtean 50 milioi euro inguruko kostua izango du mantenimenduak. Argi dago, lehiaketa hori oraindik egin ez bada ere, FCCk hozka egin nahiko diola mauka horri, Bizkaian egin duen bezala.

FCCk, izan ere, esperientzia luzea du hondakinen kudeaketan. Hego Euskal Herriko hiri eta herri gehienetako hondakinak biltzeaz eta tratamendu plantetara eramateaz arduratzen da; errauste plantak ere kudeatzen ditu, ez Zabalgarbi bakarrik; eta haiek eraikitzeko teknologiak ere garatu ditu. Amerikan eta Europan ere badu eraginik FCCk. Esaterako, Ingalaterrako WRG(58) Hondakinak Birziklatzeko Taldea erosi zuen 2006an. Ingalaterrako «firma handiena» ei da WRG, Cinco días kazetaren arabera, eta hondakinak errausteko plantak ere baditu. Orain egitasmo berria darabil WRGk: zabortegietan parke eolikoak jartzea. FCCk berak hamalau parke eoliko kudeatzen ditu Iberiako penintsulan, eta gisa horretako ideia bat darabil buruan: Cementos Portland Valderribas enpresako zabortegi eta harrobietan parke eolikoak edo eguzki panelak jartzea. Bestalde, Cinco días kazetak otsailean aurreratu zuenez, FCC ikertzen ari da zementu fabriketako labeetako beroa energia sortzeko erabiltzea. Berriro, sinonimo gisa ageri dira hondakinak eta energia, FCCren eskutik. 2008ko jardueraren balantzean, zementuaren kontsumoak jaitsiera izugarria izan zuela ikusirik, eta energiaren prezioek igotzen jarraituko zutela pentsatuz, hauxe nabarmendu zuen FCC taldeko Cementos Portland Valderribasek, zementuaren sektoreaz: «Energia kontsumoa eta aprobetxamendua Taldearen jarduera bat gehiago izango da, luzerako estrategia bereizia eskatuko duena». Zementu enpresak, beraz energia aktore izateko beharra eta borondatea ditu. Zementu fabriketako labeetako erregai guztien %30 fosilak ez izateko xedea agertu zuen, gainera, taldeak. «Balioztatzea» eta energia sortzea, harrezkero, «lehentasun» dira FCCko filialarentzat; hori da Jose Ignacio Elorrieta ISRko kidearen zeregina, hain justu.

FCCk ingurumen arloari lotutako jardueretan, 2007an, 23.408 milioi euroko zerbitzu kartera zuen. Valentziako komunitateko (Herrialde Katalanak) 97 herritako hiri hondakinak kudeatzeko kontratua eskuratu zuen 2009an. Bartzelonako hiri hondakinak kudeatzen ditu, Alacanten hondakinen tratamendurako planta… eta Hego Euskal Herriko hiri hondakin gehienak bildu eta kudeatzen ditu. 2009an 1.400 milioi euro inguruko irabaziak izan zituen hiri hondakinen kudeaketan soilik ―Zabalgarbikoa bezalako bederatzi planta(59) eraikitzeko adina diru, gutxi gorabehera―. FCCk hondakinen sektorean duen eraginaren adierazgarri da, baita ere, 2009ko urtarrilaz geroztik, Iñigo Sainz dela Asegre(60) Hondakinak eta Baliabide Bereziak Kudeatzen dituzten Enpresen Elkarteko presidentea. FCCko Industria Hondakinen Esplotazio zuzendaria da Sainz 2002az geroztik.

Ingurumen politikei buruzko 2008ko jarduerari buruzko  balantzean, hondakinei buruzko atalean, lau «lorpen» seinalatzen ditu FCCk:

  1. Amerikako Estatu Batuetako FCCren zementu fabriketan, lehengaien %9 hondakinak izan ziren.
  2. Sortutako hondakinen %46 berrerabili, birziklatu edo «balioztatu» egin ziren.
  3. 24,3 milioi metro kubo hondakin inerte lehengai gisa erabili ziren eraikuntzan.
  4. FCCk sortutako energiaren %33 hondakinetatik eratorria izan zen ―hor dago, tartean, Zabalgarbi―.

FCCren lanak ez dira hondakinetara mugatzen: Aqualia filialaren bidez uraren kudeaketan aritzen da ―Bizkaiko herri gehienetako ur hornidura kudeatzen du, esate baterako―; eraikuntza sektorean ere presentzia handia du ―metroak, erietxeak, estadioak… eraikitzen ditu munduan barrena; Esako urtegia handitzeko lanen ardura ere badu, beste obra polemiko bat aipatzearren―… 2009ko balantzean, 34.547,5 milioi euroko negozio kartera zuela nabarmendu zuen ―Euskal Herrirako proiektatutako AHT abiadura handiko trena sei aldiz eraiki ahal izango litzateke dirutza horrekin―. Langileei ordaindutako indemnizaziotan bakarrik, 23,6 milioi euro gastatu zituen 2009an.

Zabalgarbi errauste plantaren izenari erreparatuta, esan liteke bertako bazkide handien artean, FCC dela Zabal, eta Sener dela Garbi.

Ingeniaritza enpresen taldea da Sener, familia enpresa bat, Enrique eta Jose Manuel Sendagorta anaiek sortu zutena 1956an. Hirugarren belaunaldia da egun administrazio kontseilua gidatzen duena. Zabalgarbiko errauste teknologia haiek garatu eta jarri zuten. «Hiri hondakin solidoak tratatzeko eta kudeatzeko, mundu mailako erreferentzia da Zabalgarbi», nabarmendu du enpresako komunikazio sailak. Kasik, esan liteke errauste planta eraikitzeko ideia ere haiena izan zela. 2008ko ekainean, elkarrizketa eman zion Jorge Sendagorta Senerren egungo presidenteak El Correo kazetari. Kazetariaren galderetako bati eman zion erantzuna antologikoa da:

―Galdera: Zuek ingeniaritza oso berezia zarete. Ez dituzue, soilik, bezeroen eskaerak jasotzen, zeuen proiektu propioak garatzeaz ere arduratzen zarete.

―Jorge Sendagorta: Izan ere, era honetako enpresetan gertatzen da, askotan, baduzula ideia bat, eta ideia horren garapenean aurrera egiten duzu, eta ez duzu halakorik eskatuko dizun bezerorik. Hori izan zen Zabalgarbirekin gertatu zitzaiguna, esate baterako. Zabortegiak, barkatuko didazu adierazpena baina, egiazko txerrikeria bat dira, hitzaren esanahi hertsian. Planta horretan erakutsi dugu konponbide garbi eta efikaz bat har litekeela hondakinak tratatzeko. Konponbidea geneukanez, plantaren eraikuntza sustatu genuen, eta orain aurrera goaz, bigarren unitatearen bila.

«Konponbidea geneukanez, plantaren eraikuntza sustatu genuen». Lastima da «sustatu» aditzaren atzean zer jarduera konkretu egon ziren ez zehaztea, baina erantzuna antologikoa da.

Sendagortak hor aipatzen duen bigarren unitate hori Zabalgarbik, sortu zenetik, ireki nahi duen labe berria da. Errauste plantaren ekonomia eta bideragarritasun arazoek, ikusitakoaren arabera, atzeratu egin dute inbertsio hori. Baina txindurriek eragindako hazkura baino gutxiago nabarituko du hori, seguru aski, Sener taldeak. Milaka langile ditu, azpienpresetan banatuta, eta 2009an 920 milioi euro fakturatu zituen, esparru ugaritan aritzen baita taldea. Armagintzan, esaterako, aeronautikaren eta ikerketaren esparruan(61); Energia eta Prozesuak izeneko sail bat ere badu, eta eguzki energia termikoaren plantak, ziklo konbinatua, energia nuklearra, birgasifikatzeko teknologiak, bioerregaiak, petrokimika… eta beste eremu askotan jarduten du.

Energiak garrantzi berezia du Senerren, ordea. Enpresak hala aurkezten du bere burua Interneten: «Energiaren eta Prozesuen alorrean, Senerrek protagonismo handia izan du Espainian, energia sortzeko plantak garatzen, hasi lehen zentral nuklearrekin eta ziklo konbinatuarekin elektrizitatea sortzeko plantetaraino, eta birgasifikatzea eta eguzki energia termikoraino».

Argigarria da jakitea Petronorren Muskizko (Bizkaia) planta eraiki zenean, orain mende erdi inguru, ingeniaritza Senerrek jarri zuela. Petrolioa kapitalismoaren motorra izan zen garaian, han egon zen Sener; petrolioarekiko dependentzia hausteko, 1970eko hamarkadan energia nuklearrari eutsi zitzaionean, han egon zen Sener, lehen zentral nuklearrak eraikitzen. Orain, petrolio merkearen aroaren krisiaren atarian, kapitalismoa energia berriztagarrien motorrari eragiten hasi denean, hor dago Sener. Aitzindari da enpresa, eta horren erakusle da 2008ko martxoan Masdar enpresarekin sinatu zuen akordioa. Abu Dhabiko enpresa entzutetsuenetako bat da Masdar; energia berriztagarrien alorrean aritzeko, Torresol Energy taldea sortu dute bi enpresek. Harekin, sektoreko munduko lider bihurtzeko anbizioa dute bi-biek. 2012 arte, urtero eguzki energia termikoa sortzeko bi planta eraikitzea adostu dute. 2.000 milioi euroko inbertsioa egin dute, eta Senerrek jarri du beharrezko diruaren %60. Getxon (Bizkaia) hartu du egoitza Torresol Energyk.

Familia enpresa batek halako hazkundea edukitzea, harrigarri ere bada. Baina badituzte ispiluak, non begiratu. Jorge Sendagorta Senerko presidenteak aitortua da, enpresa hirugarren belaunaldira heldu denez, senideen arteko lotura afektiboak gero eta lausoagoak direla, eta bakoitzak bere interesak dituela. Horregatik, enpresak burtsara ateratzeko asmoa duela adierazi du Sendagortak. Baina FCCrena bezalako eredu bat nahi duela aitortu du, enpresa kontrolatuko duen «familiako akziodun nukleo» batekin. Zabal eta Garbi enpresa eredu ezberdinak dira, baina itxuraz dituztenak baino antzekotasun gehiago dauzkate. Azken buruan, ikusten denez, teknologia eta zaborra, ondo konpontzen dira elkarrekin.

————————-

(52) Horrez gain, 20.590 milioi pezeta hitzartu zituen Zabalgarbiko obrak egiteko, eta 24.468 milioi pezeta konprometitzeko ez zuen arazorik izan.

(53) 2004ko apirilean jarri zen martxan Zabalgarbi. Urtean 230.000 tona inguru hondakin erretzeko prestatu zuten. Datu bitxi gisa, aipatu behar da 2008ko maiatzean jaso zuela Zabalgarbik Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Baimen Integratua. Ia lau urtez martxan egon da errauste planta, behin-behineko baimenarekin. Bide batez esanda, Nafarroako hondakinen kudeaketa planaren eztabaidan aztergai izan dute ingurumen baimen integratu hori eskuratzeko prozedura: Zabalgarbi eredu gisa aurkeztu da Nafarroan.

(54) Instituto para la Diversificación y Ahorro Energético, jatorrizko gaztelaniaz.

(55) BBK da, akziodunen artean, administrazio kontseiluan ordezkaririk ez duen erakunde bakarra.

(56) Enpresak 40 milioi euro inguruko balioa du.

(57) Zenbaki horiek ez datoz bat urtez-urte eman dituzten datuekin. Instalazioa 230.000 tona hondakin erretzeko prestatu zutela adierazi zuten obrak hasi zirenean, eta batez beste 230.000 tona inguru hondakin erre ditu urtero. Inoiz ez dute eman 330.000 tona hondakin erre izan diren datua. Bizkaiko Foru Aldundiak emandako datu ofizialen arabera, gainera, 2009an 223.000 tona hondakin erre ziren, ez 229.000. Litekeena da El País kazetaren akatsa izatea, eta Zabalgarbik 2009an 237.000 tona hondakin erre zituela esan nahi izatea; kasu horretan, 2009an %4 hondakin gutxiago erreko zituzkeen, 2008ko datuekin alderatuta.

(58) Waste Recycling Group, jatorrizko ingelesez.

(59) 2001etik 2004ra bitartean eraiki zuten Zabalgarbi. 154 milioi euroko kostua izan zuen.

(60) Asociación de Empresas Gestoras de Residuos y Recursos Especiales, jatorrizko gaztelaniaz.

(61) Hegazkin militarrentzako turbopropultsatzaileak egiten dituen ITP enpresaren jabea da Sener, Rolls Royce enpresarekin batera.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

What’s this?

You are currently reading Bi bazkide handi: Zabal eta Garbi at Zeinek erre nahi ditu hondakinak?.

meta

%d bloggers like this: